Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 2ko 243/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 02

Gardentasuna eta informazio publikorako eskubidea

Gaia: Falta de contestación a un escrito

Exp: Expediente 09/31/B

: 243

Eskubideen sustapena

AURREKARIAK

  1. 2009ko urtarrilaren 15ean, [?] jaunaren idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez kexa bat aurkeztu zuen Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuaren aurka, 2008ko irailaren 25ean Departamentu horri igorri zion idazkiari (erregistro orokorreko zenbakia, 2008/425709) ez erantzuteagatik.

    Kexa haren ondorioz, Erakunde honek 32/2009 Ebazpena eman zuen otsailaren 17an. Ebazpen hartan, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogorarazi genion Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26eko 30/1992 Legeko 42. artikulua bete beharra duela legez.

    2009ko ekainaren 8an, 2009ko maiatzaren 10eko idazkiaren erantzuna jaso genuen. Haren bidez, Departamentuak legezko betebeharren gogorarazpenari buruz duen jarrera jakinarazi zitzaigun. Idazkian adierazten zenez, onartu egin zen legezko betebeharren gogorarazpena, eta, horrenbestez, erantzuna igorri zitzaion [?] jaunari. Interesdunari ere eman zitzaion horren berri.

    Halere, 2009ko ekainaren 30ean, kexa-egileak adierazi zigun Departamentuak ez diola haren eskariari erantzuteko idazkirik igorri.

  2. Kexa-egileak adierazitakoa ikusita, Erakunde hau arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legean ezarritakoarekin bat, kexa berrireki zen, eta 2009ko uztailaren 3an berriz eskatu zen salatutakoari buruzko txostena, hau da, ea erantzunaren ofizioa bidali zen ala ez, eta, kasu bada, haren kopia bidaltzeko. Emandako epea iragan zen, eta Departamentuak ez zuen eskatutako txostena bidali. 2009ko abuztuaren 7an, berriz eskatu zitzaion informazioa. Eskari horren erantzunik ere ez zaigu heldu, emandako epean.

AZTERKETA

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.

Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.

Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Gure ustez, urratu egin da [?] jaunak bere idazkiaren erantzun berariazkoa jasotzeko duen eskubidea, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak, 2009ko maiatzaren 10eko idazkiaren bidez, konpromiso hori hartu baitzuen; izan ere, Departamentuak ez du kontrakoa egiaztatu.

  2. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez bete behar duela beti Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.

  3. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez behartua dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.

  4. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  5. Nabarmentzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak laguntzarik ez emateko jarrera izan duela, 2009ko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako, eta halaber, Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– sartzea, eta sartze horren berri ematea erakundearen webgunean, arduradunak berariaz aipatuta, baldin eta ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez badio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez badu.

  6. Erabaki hau Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eta [?] jaunari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ez dela zilegi ebazpen honen kontrako errekurtsorik jartzea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia