Partekatu edukia
Herri Lanak eta Zerbitzuak
Gaia: Falta de ejecución de obra de ensanchamiento de acera
Exp: 09/726/O
Nº: 262
Herri lanak
2009ko urriaren 23an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat agertzen du Iruñeko Udalaren jokabidearengatik.
Azaltzen du 2009ko maiatzaren 19tik Iruñeko Udalari zenbait idazkiren bitartez zuzendu zaiola, eta eskatu diola Ermitagaña kaletik Arcadio María Larraona kaleraino doan espaloia zabaltzeko, hain zuzen ere Navarro Villoslada Bigarren Hezkuntzako Institutuarekin mugakidea den aldean (eskabide hori, kexa-egileaz gainera, beste bizilagun batzuek ere izenpetu zuten). Espaloi horrek, eskatzaileen iritziz, estua izateagatik eta kokatuta dagoen tokiarengatik, irisgarritasun arazoak, eta are segurtasun arazoak ere, sortzen ditu.
Udaleko arloko arduradunek interesdunei hitzez jakinarazi zieten obra egin eginen zela. Komunikazio hori dela eta, esker-oneko idazki bat ere argitaratu zuten egunkarietan aipatutako bizilagunek.
Hala eta guztiz ere, kexan baieztatzen den bezala, azken idazkia aurkeztu zutenetik (ekainaren 10ean), interesdunek ez dute inolako idatzizko informaziorik edo erantzunik jaso, eta egiaztatu dute ez direla sustatzen ari obrari ekiteko behar diren jarduerak.
Kexa-egileak berresten du espaloia oso arriskutsua dela, eta ibiltzeko txarra, eta beharrezkoa dela hura zabaltzea. Horrenbestez, udalari erantzun formal bat eskatzen dio, gaur arte ez baitu horrelakorik eman.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu genion Eguesibarko Udalari.
Udal horrek igorritako txostenean, honakoa ageri da:
“Kexa-egileek aipatzen duten obra Hiri Kontserbazioaren Alorreko Obra Zerbitzuak 2010ean exekutatu beharrekoen artean dago. Zinegotzi delegatuak eta arloko zuzendariak horren berri eman zieten hartu zituzten bi bizilagunei, haiek berek aitortzen duten bezala.
Bilera horretan aipatu zitzaien arlo guztietako arazoak zeudela lanei ekiteko, arlo administratibokoak eta, funtsean, arlo ekonomikokoak, eta haiek zirela-eta zaila zela lanak 2009ko ekitaldian sartzea. Bermatu zitzaien 2010eko ekitaldian eginen zirela.
Erakunde honetan aurkeztutako kexan salatzen da Iruñeko Udalak ez duela ezer egin aurkeztutako idazkien eta eskabideen aurrean, eta haren bidez eskatzen da espaloia zabaltzeko behar diren lanak egin daitezela (Ermitagaña kalea-Arcadio María Larraona kalea).
Horri buruz adierazi beharra dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen duela: administrazioak esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar du prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.
Horri berari buruz, Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluak ezartzen du toki entitateek zuzentzen zaizkien eskari guztiak –haien eskumenekoak direnak– ebatzi eta jakinarazi behar dituztela.
Azken batean, administrazio publiko batera, eskabide edo eskari bat egiteko, idatziz jotzen duen herritar orok eskubidea du hura ebatz dadin, eta, horrenbestez, bide beretik erantzun formal bat jasotzeko.
Planteatutako kasuan, udaleko arduradunek, kexa-egileak eta bizilagunek hartu-emanak izan dituztela atzematen dugun arren, ezin dugu jo antolamenduak exijitzen duen eta interesdunak eskatzen duen erantzun espresa eman denik. Hori dela eta, alderdi zehatz horri buruzko legezko betebeharren gogorarazpena egin beharrean gaude.
Gaiaren sakoneko alderdiari dagokionez, Iruñeko Udalak jakinarazi du obrak 2010eko ekitaldian eginen direla, eta obrari lehenago ekitea eragozten duten arazoak aipatzen dira.
Kexa ulertuta ere, ezin dugu ondorioztatu udalaren irizpideak antolamendu juridikoak aitorturiko eskubiderik urratzen duenik, zeren eta obra publiko bat noiz egin behar den zehatzea gurea bezalako erakunde batek ezin zalantzan jar ditzakeen faktore batzuen araberakoa baita.
Hori dela eta, eta ikusita iragarri dela obrak datorren ekitaldian eginen direla, ez dugu inongo gomendio zehatzik eginen gai horri buruz.
Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz
Iruñeko Udalari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarren eskabideei eta eskariei espresuki erantzutera, Herri administrazioen araubide juridikoaren eta prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikuluan eta Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeko 318. artikuluan ezarritakoari jarraikiz, eta erantzun formala eman behar diela aurkeztutako eskabideei.
Iruñeko Udalari bi hilabeteko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen ala ez, eta behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko. Halaber, ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan 2009ko urteko txostenean jasoko dudala.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia