Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 1eko 240/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 01

Extranjería

Gaia: Trato indadecuado por parte de un funcionario público

Exp: Expediente 09/658/T

: 240

Atzerritarrak

AURREKARIAK

  1. 2009ko irailaren 18an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa agertzen du Aguazilen Zerbitzuko buruak Agoizko Epaitegira igorritako txosten bat dela eta; izan ere, jotzen du bertan jasotako adierazpen batzuk bere emaztearen aurkako laidoak direla. Zehazki, honako adierazpideak jotzen ditu laidogarritzat: “Marokoko jatorria duen herritar bat” eta “andre horrek buru-osasuneko arazoren bat izan dezake”.

  2. Kexa aurkeztuta, Uharteko Udalera jo genuen, planteaturiko gaiari buruzko txosten bat eskatzeko. 2009ko urriaren 23an, Uharteko Udalaren txostena sartu zen erakunde honetan. Harekin batera Aguazilen Zerbitzuko buruaren eta Uharteko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txostenak aurkeztu ziren. Izan ere, txosten horiek baliagarri garta daitezke kexa eragin duten egitateak behar den testuinguruan jartzeko eta erakunde honi ikuspegi osoa emateko Aguazilen Zerbitzuko buruak kexa eragin zuen txostena eman zuen inguruabarren gainean.

AZTERKETA

Igorritako txostenak sakon aztertu ondoren, bereziki Oinarrizko Gizarte Zerbitzuaren txosten luzea, ondorio batera iritsi gara: aztergai dugun kexa aurkeztu duen familiaren eta Uharteko beste herritar batzuen arteko bizikidetasun arazo larri baten aurrean gaude, halako punturaino non kexa-egilea den familiak salaketak ere aurkeztu baitzituen auzokide batzuen aurka. Salaketa horien ondorioz, faltengatiko epaiketa bat izan zen, eta hartatik atera zen epaia absoluzioarena izan zen. Alabaina, familia horrek apelazio-errekurtsoa aurkeztua du epaiaren aurka.

Testuinguru horretan, Agoizko Epaitegiak eskatuta, Uharteko Aguazilen Zerbitzuko buruak txosten bat eman zuen non “Marokoko jatorria duen herritar bat” eta “andre horrek buru-osasuneko arazoren bat izan dezake” adierazpideak erabiltzen diren. Adierazpide horiek, kexa-egilearen iritziz, laidogarriak dira bere emaztearentzat.

Behin espedientean aurkezturiko dokumentazio guztia eta txostena emateko inguruabar faktikoak aztertu ondoren, erakunde honen iritziz ezin da ulertu Aguazilen Zerbitzuko buruak erabilitako adierazpideen atzean kexa-egilearen emazte den [?] andrea gutxiesteko asmorik zegoenik.

Hala eta guztiz ere, hori esan eta ondoren, esan beharra dago, era berean, herritarra Marokoko jatorria zuela esatea ez zela beharrezkoa hura identifikatzeko, eta ez zela beharrezkoa, ezta ere, herritar hori parte deneko auzokideen arteko bizikidetasun arazoak deskribatzeko.

Erakunde honen ustez, halaber, Aguazilen Zerbitzuko burua ez da eskuduna agiri administratibo batean pertsona bati buruz esateko buru-gaixotasunen bat izan dezakeela. Pertsona batek buruko gaixotasunen bat duela esatea, arlo publikoan, hau da, funtzionarioek edo langile publikoek beren eginkizunetan dihardutela, kasuko zerbitzu medikoei edo osasun-zerbitzuei dagokie soil-soilik.

Azken batez, ulertuta ere adierazpide horiek ez zirela txostenean fede txarrez erabili, esan beharra dago desegokiak eta pertinentzia eskasekoak izan zirela.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Uharteko Udalari gomendatzea ahal den guztian saihets dezan bere zerbitzuko langileek idazkietan eta agiri administratiboetan erabil ditzatela pertsonentzat, funtsik gabe bada ere, laidogarriak edo baztertzaileak gerta daitezkeen adierazpideak.

  2. Bi hilabeteko epea ematea Uharteko Udalari iradokizun eta gomendio honen onarpenari eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informatzeko, edo, bestela, hura ez onartzeko arrazoiak azal ditzan. Halaber, ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, aipatu legeko 34. artikuluko 2. idatz-zatian ezarritako moduan.

  3. Interesdunari eta Uharteko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia