Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Abenduaren 11ko 252/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 abendua 11

Osasuna

Gaia: Insuficiencia de la ayuda económica percibida para el pago de la estancia en un centro de una persona con discapacidad

Exp: 09/265/B

: 252

Osasuna

AURREKARIAK

  1. Aurtengo apirilaren 16an, José [?] jaunak idazki bat aurkeztu zuen. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen bere senide ezgaitu batek Nafarroaz kanpoko zentro bateko egonaldia ordaintzeko jasotzen duen laguntza ekonomikoa gaurkotzeko beharrari buruz.

    Kexa-egileak azaltzen du bere emaztea, [?] andrea, anaia duen [?] jaunaren legezko tutorea dela. Jaun horrek % 67ko ezgaitasuna du aitortua, eta erabaki zen pertsona hori Avilako egoitza psikiatriko batera eramatea, familia hartaz arduratzeko ezintasunaren eta Nafarroan hari egoitza emateko tokirik ez egotearen ondorioz.

    Une horretan, familiak laguntza ekonomiko bat eskatu zion Nafarroako Gizarte Ongizatearen Institutuari, egonaldiaren kostua ordaintzeko, eta 2700/2007 Ebazpenaren bitartez, laguntza eman egin zitzaion. Gero egoitza itxi egin zen, eta Palentziako Ahizpa Ospitalarien San Luis Egoitzara eraman zuten gaixoa.

    Kontua da egoitza hori garestiagoa dela, eta, horrenbestez, 2007ko uztailetik, zenbait eskabide aurkeztu zaizkiola Gizarte Ongizate, Kirol eta Gazteria Departamentuari, jasotzen den laguntza egokitu dezan, zeren eta familiak emendiozko kostua bere gain hartu behar izaten baitu, eta familiaren ekonomiak ezin baitu ahalegin hori jasan.

    Zehazki, 2008an, familiak ordaindu behar izan duen aldea 9.587,73 eurokoa izan da. 2008ko atzeranzko doikuntza gisa, berriz, 803,28 euro baizik ez du jaso departamentutik, hain zuzen ere joan den urtarrilaren 21ean eskuratu zituenak. 2009an egoitzaren hileroko kostua 2.385,45 eurokoa izan denez eta jaso duen zenbatekoa 1.660,77 eurokoa denez, familiak hilero 725 euro inguru ordaindu behar izan ditu.

    Hori guztia dela eta, kexa-egileak eskatzen du bere senidea Nafarroara ekar dezaten –horrek, izan ere, kostu txikiagoa ekarriko lioke bai Nafarroako Gobernuari–. Bestela, eskatzen du jasotzen duten prestazio ekonomikoa gaurkotu dadin, behar adinakoa izan dadin.

  2. 2009ko apirilaren 24an, txostena eskatu zitzaion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari. Emandako epea txostenik jaso gabe iragan zenez, 2009ko uztailaren 17an berriz ere eskatu zitzaion informazioa. Eskari horri ere ez zaio erantzunik eman.

AZTERKETA

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, “botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diote Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan”.

Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.

Administrazio arloan laguntza emateko betebeharra ez betetzeak dauzkan ondorioei dagokienez, honakoa jasotzen du Nafarroako Foru Komunitateko arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.2 artikuluak: “Hasieran eskatutako txostena edo dokumentazioa ez dutela bidaliko edo eskura jarriko esaten badute Administrazio Publikoen zerbitzuko langileek, edo arduragabekeriaz jarduten badute, Nafarroako Foru Komunitateko arartekoak uste ahal izanen du bere eginkizunen kontrakoak edo oztopatzekoak direla egintza horiek; hori ezagutarazi eginen du berehalakoan, eta Nafarroako Parlamentuarentzat egindako urteko txostenean edo txosten berezian kalifikazio hori nabarmendu eginen du.”

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Ulertzea urratu egin dela [?] jaunak Nafarroan zentro espezializatu batean egoitza-toki bat edukitzeko daukan eskubidea, zeren eta inplikaturiko Administrazioak ez baitu kontrakoa egiaztatu.

  2. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gogoraraztea legez bete behar duela beti Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoa, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari lankidetza eta lehentasunezko laguntza emateari buruzkoa.

  3. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea behar diren urratsak egin ditzan [?] jaunari ahal den bezain azkar egoitza-toki bat emateko Nafarroako zentro espezializatu batean.

  4. Familia, Kirol, Gazteria eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko behar diren neurriak hartu dituen azaldutako zentzuan edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartarazten zaio hala egiten ez badu, gertatutakoa 2009ko ekitaldiari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala.

  5. Nabarmentzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak erakunde honi laguntzarik ez emateko jarrera erakutsi duela, 2009ko ekitaldiari buruzko urteko txostenean, Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharrekoan, horixe jasotzearen ondorioetarako; halaber, udal hori Administrazio eta Entitate Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan –Nafarroako Arartekoaren azaroaren 9ko 43/2007 Ebazpenaz sortutakoa (2007ko azaroko 34. NPAO)– sartzea, eta sartze horren berri ematea erakundearen webgunean, arduradunen izenak berariaz aipatuz, baldin eta ebazpen honi arrazoiak emanez erantzuten ez badio edo hartan ezarritako irizpidea onartzen ez badu.

  6. Erabaki hau Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari eta kexa-egileari jakinaraztea, eta haiei jakitera ematea erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 35.4 artikuluan ezarritakoaren arabera, ezin dela ebazpen honen aurkako errekurtsorik aurkeztu.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia