Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

99/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak eta [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 ekaina 01

Función Pública

Gaia: Falta de reconocimiento de carrera profesional por parte del SNS-Osasunbidea a enfermeros trasladados desde el Servicio Canario de Salud.

Exp: 11/345/F

: 99

Funtzio Publikoa

AURREKARIAK

  1. Aurtengo maiatzaren 10ean, [?] andreak eta [?] jaunak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka lanbide-karreraren maila ez aitortzeari buruz aurkeztutako kexa-idazki bat iritsi zen gure erakundera.

    Azaltzen dute 2009ko maiatzaren 18tik, Kanariar Uharteetako Osasun Zerbitzutik lekualdatze bidez etorri zirenetik, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan diharduten erizainak direla.

    Adierazten dute Kanariar Uharteetako Osasun Zerbitzuan, [?] andreak lanbide-karrerako 3. maila zeukala aitortua eta [?] jaunak, berriz, 2. maila. Hori dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langile diplomadunen lanbide karrerako sistema ezartzeari eta hura finantzatzeko kreditu gehigarri bat onesteari buruzko maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeko seigarren xedapen gehigarriari jarraituz, 2009ko ekainaren 24an eta 2009ko uztailaren 7an, lanbide-karrera aitortzeko eskatu zuten. Kexa hau aurkeztu arte, ez dute inongo erantzunik jaso.

    Hori dela eta, eskatzen dute Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak lanbide-karreraren dagokien maila aitor diezaiela eta dagokien osagarri ekonomikoa eman diezaiela.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Osasun Departamentuari.

     

  3. 2011ko maiatzaren 25ean, erakunde honetan Osasun kontseilariaren idazki bat jaso genuen.

AZTERKETA

  1. Interesdunek kexa aurkeztu zuten lanbide-karrerako maila ez zitzaielako aitortzen, nahiz eta Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko beren lantokietan jabetza hartu 2009ko maiatzaren [?]-ean eta nahiz eta 2009ko ekainean eta uztailean berariaz aitorpen hori eskatu.

    Osasun Departamentuak jakitera eman du haien espedienteak jada baloratu dituela Oinarrizko Osasun Laguntzako Ebaluazio Batzordeak, eta behar diren proposamenak egin dituela. Bi espedienteak izapidetzeko prozesuan daude.

  2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun langile diplomadunen lanbide karrerako sistema ezartzeari eta hura finantzatzeko kreditu gehigarri bat onesteari buruzko maiatzaren 30eko 8/2008 Foru Legeak Osasun Sistema Nazionaletik heldu diren osasun langile diplomadunei aitortzen die lanbide-karreraren osagarria jasotzeko eskubidea, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan lan egiten duten bitartean. Halaber, ebaluazio-sistemari eta –prozedurari dagokionez, apirilaren 6ko 11/1999 Foru Legean ezarritakora jo beharra dagoela ezartzen du. Foru lege horren bidez, izan ere, arautu ziren Osasunbidea‑Nafarroako Osasun Zerbitzuko osasun arloko langileen lanbide karreraren sistema eta hori erregelamendu bidez garatzeko araudia.

    Foru lege hori garatzeko, abenduaren 18ko 376/2000 Foru Dekretua onetsi zen –maiatzaren 5eko 98/2003 Foru Dekretuaren bidez aldatu zen foru dekretu hori–, zeinak 9. artikuluan ezartzen baitu Ebaluazio Batzordeak hartzen dituen erabakiak lotzaileak izanen direla Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko zuzendari kudeatzaileak ofizioz edo interesatuak eskatuta balizko maila-igoerari buruz eman behar duen ebazpenari buruz.

    Bestalde, 10. artikuluak honakoa ezartze du: Kapitulu honetan ezarritako prozedurak tramitatu ondoren bidezkotzat jotzen bada lanbide karreran mailaz igotzea, Ebaluazio Batzordeak proposamena eginen dio Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza-kudeatzailetzari, horrek ofizioz ebazpena eman dezan mailaz igo behar duen profesional bakoitzarentzat. Nolanahi ere, profesional interesatuek lanbide karreran mailaz igotzeko eskaera aurkezten dutenean ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko Zuzendaritza-kudeatzailetzak hori onesteko edo ukatzeko ebazpena emanen du.

    Epeari dagokionez, lanbide-karreraren sistemaren araudiak ez du batere ezartzen. Hori dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legeko 47. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritako hiru hilabeteko epe osagarria aplikatu beharra dago.

  3. Hori dela eta, arestian azaldutako araudia ikusita, interesdunek lanbide-karreraren aitorpena eskatzeko eskabideak 2009ko ekainean eta uztailean aurkeztu zituztenez eta ebaluazio batzordeek jada beren proposamenak aurkeztu dituztenez, erakunde honek uste du iragan den denbora dela eta, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ahal den bezain laster behar den ebazpena eman behar duela interesdunen lanbide-karreraren maila aitortzeko.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Osasun Departamentuari gogoraraztea hiru hilabeteko epe osagarria betetzeko legezko beharra duela lanbide-karrera aitortzeko espedienteak ebazteko garaian.

     

  2. Osasun Departamentuari gomendatzea Osasunbidea-Nafarroako premia dezan [?] andrearen eta [?] jaunaren lanbide-karrera aitortzeko espedienteak ebatz ditzan ahal den bezain laster, eta dagokien lanbide-osagarria eman diezaien.

     

  3. Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

     

  4. Ebazpen hau jakinaraztea interesdunei eta Osasun Departamentuari.

 

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia