Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

98/2011 Ebazpena, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 maiatza 31

Euskara

Gaia: Convocatoria de oposición de Técnico de Empresas y Actividades Turísticas en que no se valora el euskera y el inglés se establece como prueba voluntaria y no eliminatoria.

Exp: 11/202/C

: 98

Elebitasuna

AURREKARIAK

  1. 2011ko martxoaren 15ean, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren zerbitzuko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdi bat dela eta.

    Azaltzen zuenez, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko turismoko enpresa eta jardueretako teknikari izateko lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdia argitaratu zen 2010eko abenduaren 1eko 146. Nafarroako Aldizkari Ofizialean. Deialdi horretan ingelesez jakitea baloratzen da –ingeleseko proba borondatezkoa zen, ez baitzen baztergarria–; euskaraz jakitea, ordea, ez da baloratzen.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraikiz, txosten bat eskatu genion Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari.

    2011ko apirilaren 12an, eskatutako txostena jaso genuen.

AZTERKETA

  1. Kexaren xedeari dagokionez argitu behar dena da ea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako lanpostu bat oposizio bidez betetzeko deialdian –kexa-egileak aipatutakoan– beharrezkoa den ala ez baloratzea euskaraz jakitea, alde batera utzita Administrazioak beste hizkuntza batzuekin zer egiten duen; izan ere, euskarak bere araubide juridiko berekia eta berariazkoa du.

    Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko turismoko enpresa eta jardueretako teknikari izateko lanpostu bat eskaini da deialdian, destinoa Iruñean duena. Deialdi horretan ingelesez jakitea baloratzen da –ingeleseko proba borondatezkoa zen, ez baitzen baztergarria–; euskaraz jakitea, ordea, ez da baloratzen

  2. Destinoa eremu mistoan duen lanpostu bat da, eta Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeko 17. artikuluak ondokoa ezartzen du, eremu mistoan euskara erabiltzeari dagokionez:

    “Herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Administrazio Publikoei zuzentzeko.

    Eskubide honen erabilera bermatzeko, aipatu Administrazioek honako hau egin dezakete:

    1. Urteroko lanpostuen eskaintza publikoan zein lanpostutarako izanen den nahitaezko euskaraz jakitea zehaztu.

    2. Gainerako lanpostuetara iristeko deialdietan euskararen ezagupena merezimendutzat baloratu”.

Arauaren testutik ondorioztatzen da Nafarroako administrazio publikoek beren buruari giza baliabide egokiak eta behar adinakoak eman beharko dizkiotela herritarrek administrazioetan euskara erabiltzeko duten eskubidea bermatzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duen ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuko 3. artikuluak ezartzen du Eremu mistoko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 3ko balorazioa izanen duela, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.

Foru Dekretu horretako 2. artikuluak ezartzen du, eremu euskaldunean euskaraz jakiteari eman beharreko trataerari buruz ari dela, Eremu euskalduneko herrietan aritzeko diren lanpostuetan sartzeko, euskaraz jakitea merezimendu kualifikatu gisa hartzeak merezimendu baremoaren gainerakoari esleitu zaion puntuazio osoarekiko ehuneko 6ko balorazioa izanen duela, betiere plantilla organikoan nahitaezkotzat jo ez bada.

Erakunde honen iritziz, aipatu foru dekretuan xedatutakoa eremu euskalduneko lanpostuak betetzeko deialdi guztiei aplikatu behar zaie, deialdia oposizio bidez nahiz oposizio-lehiaketa bidez egina den alde batera utzita, “merezimenduen baremoa” aipatzeak ez baititu bere ondorio juridikoak oposizio-lehiaketetara mugatzen; izan ere, interpretazio hori Euskarari buruzko Foru Legeko 15. artikuluaren aurkakoa izanen litzateke, artikulu hori hautapen prozesu guztiei buruzkoa baita, horien artean bereizketarik egin gabe.

Eta, arestian adierazi dugunez, foru dekretu horretako 2. artikuluaren interpretazioa egitean merezimenduen baremoa aipatzen denean ezin baldin bada ulertu oposizio-lehiaketez soilik ari dela, baizik eta hautapen prozesu orori buruz ari dela, beste horrenbeste interpretatu behar da 3. artikuluan eremu mistoari buruz ari delarik, bi manu horien testuak berdin-berdinak dira eta.

Hortaz, ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuarekin bat, eremu mistoko lanpostuak betetzeko prozesu guztietan baloratu behar da merezimendu gisa euskaraz jakitea, lor daitekeen puntuazio osoarekiko ehuneko 3ko balorazioarekin.

Horregatik guztiagatik, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraikiz, ondokoa

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari gomendatzea euskaraz jakitea merezimendu gisa balora dezan kexa honen xede den deialdian –destinoa eremu mistoan duen lanpostu bat oposizio bidez betetzekoan–, lor daitekeen puntuazio osoarekiko ehuneko 3ko balorazioarekin hain zuzen ere, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko eta haren erakunde autonomoetako plantilla organikoan euskaraz jakitearen trataera arautzen duen ekainaren 15eko 55/2009 Foru Dekretuan xedatutakoarekin bat.

  2. Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari bi hilabeteko epea ematea ebazpen hau onartzen duen informa dezan eta horri dagokionez hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian xedatutakoarekin bat.

  3. Ebazpen hau interesdunari eta Nafarroako Gobernuko Lehendakaritza, Justizia eta Barne Departamentuari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia