Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

57/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?]-k aurkeztutako kexa ebazten duena.

2011 martxoa 24

Enplegu publikorako sarbidea

Gaia: No le priorizan su condición de minusválida en un llamamiento para la contratación temporal

Exp: 11/55/F

: 57

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. Aurtengo urtarrilaren 31n, [?]-k kexa-idazki bat aurkeztu zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan, Nafarroako Administrazio Publikoen Zerbitzuko Langileen Estatutuari buruzko abuztuaren 30eko 251/1993 Legegintzako Foru Dekretuko zazpigarren xedapen gehigarria ez betetzeagatik.

    Kexa-egileak azaltzen du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak [?] lizentziatu bat aldi baterako kontratatu zuela, eta lizentziatu hori gisa horretako kontratazioetarako zerrenda batean zegoela, baina interesdunari, bere minusbaliotasuna dela eta, ez ziotela lehentasunik eman kontratazioan.

    Adierazten du, era berean, 2010eko irailaren 16an, eskaera bat aurkeztu zuela, aldi baterako kontratazioan legezkotasuna bete zedin, arestian adierazitako terminoetan. Alabaina, ez du inongo erantzunik jaso.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiei buruzko txostena eskatu zitzaion Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari.

     

  3. 2011ko martxoaren 2an, eskatutako informazioa sartu zen gure erakundean.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko zuzendari kudeatzailearen ekainaren 16ko 91/2008 Ebazpenaren bitartez onetsitako deialdiak, Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioaren eta haren erakunde autonomoen zerbitzuko administrazio publikoko teknikari ([?]) izateko lanpostuak oposizio bidez betetzekoak, honakoa ezarri zuen 1.5 oinarrian:

    Halaber, deialdi honen bidez hautapen prozesuan lanposturik lortzen ez duten izangaiekin aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda hauek osatu nahi dira, 10. oinarrian xedaturikoarekin bat:

    1. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu bai, baina lanposturik lortu ez duten izangaien zerrenda, bat bera Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat.
    2. Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez dituzten izangaien zerrenda, eskabidean azaltzen den kudeaketa esparruan aritzeko aldi baterako kontratazioak egiteko, hauen artean:
      1. Administrazio erroa.

         

      2. Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzua.

        Horretarako, izangaiek eskabidean azaldu beharko dute zein kudeaketa esparrutako zerrendetan egon nahi duten, deialdiaren 3.3 oinarrian ezarrita dagoen bezala”.

        Bestalde, 3.3 oinarrian honakoa ezartzen du:

        “Hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditzen ez dituzten hautagaiekin zerrenda batzuk osatuko dira, ondoren aldi baterako kontratazioak egiteko. Horretarako, parte hartzaileek eskabidean adierazi beharko dute zein esparrutako kontratazio zerrendan sartu nahi duten, hots:

        1. Administrazio erroa.
        2. Osasunbidea– Nafarroako Osasun Zerbitzua”.
          Bestalde, 10.4 oinarrian honakoa ezartzen du:
          “Nafarroako Administrazio Publikoaren Institutuko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudunei igorriko die hautapen prozesuko ariketa guztiak gainditu ez eta esparru horretako kontratazio zerrendak aukeratu dituzten izangaien zerrenda, aldi baterako kontratazioetarako zerrendak presta ditzaten.

          Zerrenda jasotakoan, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko organo eskudun guztiek onetsiko dute haien kudeaketa esparruari dagokion aldi baterako kontratatuak izateko izangaien zerrenda, 2001eko urtarrilaren 9ko Erabakian ezarritakoari jarraikiz. Erabaki hori aipatu erakunde autonomoko osasun zentro eta establezimenduetan aldi baterako langileak hautatzeari buruzkoa”.

          Ondoren, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan hautapen prozedurako ariketa guztiak gaindituta ez zituzten baina zerrenda batean parte hartu nahi zuten izangaiekin aldi baterako kontratazioetarako zerrenda bat osatu zen.

          2001eko urtarrilaren 9ko Erabakiak, arestian adierazitako lerrokadan aipatzen denak, III. atalean zerrenden hurrenkera ezartzen du eta honakoa adierazten du: “Zerrendak osatu eta gero, kontratu motaren arabera eta adierazitako eremu bakoitzerako ordenatuko dira, puntuazio altuenaren hurrenkeran”.

  2. [?]-k erabaki zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko kontratazio-zerrendan parte hartzea, eta hartan sartu zen. Gainditu zuen lehengo ariketan (gainditutako bakarrean) lortu zuen puntuazioaren arabera zegokion tokia eman zitzaion zerrendan (zerrendako lehenengo postuetan jarri behar ziren bi ariketak gaindituta zituzten izangaiak, lortutako puntuazioaren hurrenkeran; hurrengo postuetan, berriz, ariketa bakarra gaindituta zutenak, gainditutako ariketan lortutako puntuazioaren hurrenkeran).
  3. Behin Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuan zerrenda eginik eta zerrendako tokiak esleiturik, dei egiteko ordena arrunta zerrendako hurrenkera da, non eta, kexaren kasuan gertatzen den bezala, zerrendan [?] jauna bezalako pertsonak agertzen ez diren, ehuneko 33ko edo gehiagoko ezgaitasun gradua dutenak; izan ere horiek lehentasuna dute sarturik dauden aldi baterako kontratazioetarako zerrendetan egiten diren deietan, betiere hautapen probak gaindituta baldin badauzkate (Nafarroako Administrazio Publikoen zerbitzuko Langileen Estatutuko zazpigarren xedapen gehigarriko 4. zenbakia).

    Departamentuaren txostenean esaten da interesdunak ez duela deian inongo lehentasunik, ezgaitasuna duen pertsona izateagatik, zeren eta hautapen-probak gaindituta edukitzea ere exijitzen baitzaio; hau da, hautaprobak gainditzea, nahiz eta lanposturik ez lortu.

  4. Erakunde hau ezin da ados egon Departamentuak estatutu-arauari buruz egiten duen hermeneutikarekin, bere espedientean adierazten duenarekin. Izan ere, “hautapen probak gainditu dituztenak” esaldiarekin aipatzen da kontratazio zerrenda jakin batean parte hartzeko hautaprobak gainditzea, ez oposizioko hautaproba guztiak gainditzea. Interpretazio horrek bi oinarri dauzka:

    Lehena. Kexa-egileak hautaproba guztiak gainditu izan balitu, ez zen egonen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ariketa guztiak gainditu gabekoekin osatutako zerrendan, baizik eta lanposturik gabeko gaindituen zerrendan, Foru Komunitateko Administrazioko departamentu eta erakunde autonomo guztientzat komuna denean [deialdiko 1.5.a oinarria].

    Bigarrena. Sarturik dauden zerrendan ezgaituek zerrendako gainerakoen aurretik duten lehentasuna Espainiako Konstituzioko 49. artikuluaren esparruko gizarte politiken printzipio gidaria aplikatzen zaion neurri bat da; izan ere, honakoa ezartzen du artikulu horrek: “Botere publikoak gizarteratze-politika egingo dute elbarri fisikoentzat”.

    Ezin da ulertu printzipio gidari hori aplikatzekoa izatea langileak kontratatzeko zerrenda batzuetako lehentasunetan, eta ez beste zerrenda batzuetako lehentasunetan. Azken batez, ulertu beharra dago behin zerrenda batean sartu ondoren, zerrenda horretan sartzeko arrazoiak zein izan diren alde batera utzita, ezgaituentzat ezarritako lehentasuna aplikatu beharra dagoela.

  5. Kexaren bigarren mailako gai gisa, [?] jaunak bere idazkian adierazten du ez diotela erantzun 2010eko irailaren 16an sarturiko eskabideari, zeinaren bidez kontratazioan legezkotasuna bete dadila eskatzen baitu.

    Administrazio prozedura erkidean funtsezkoa da administrazio publiko orok ebazpen espresa eman behar izatea interesdunek eskatutako eskari guztiei (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42. artikulua). Arau horren ondorioz, herritar batek, administrazioari eskabide bat egin badio, eskubidea du kasuko prozedura abiaraz dadin, eta eskabidearen edukiari buruzko erantzun puntuala jasotzeko.

    Kexaren xedea den kasuan, Osasun Departamentuak ez du idazkia izapidetu, eta ez dio erantzun interesdunak eginiko eskariari, interesdunak Administrazioa premiatzeko eta harengandik bere eskariarentzako erantzun bat jasotzeko zilegi dituen interesa eta eskubidea aintzat hartu gabe.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz.

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraztea legez, kontrataziorako izangaien zerrendetan dei egiterakoan, lehentasuna eman behar diela zerrenda horietan sarturik izan eta ehuneko 33ko edo gehiagoko ezgaitasun-gradua duten pertsonei.

     

  2. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gomendatzea aldi baterako kontrataziorako dei egin diezaiola [?] jaunari, horrexetarako eginiko zerrendan haren aurrean dauden baina ezgaitasunik ez duten gainerako izangaiei baino lehen.

     

  3. Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari gogoraraztea legez behartuta dagoela herritarrek aurkezten dizkioten eskabide eta eskari guztiei, besteak beste kexa-egileak 2010eko irailaren 16an aurkeztutako eskabideari, erantzun espresa ematera behar den denboran eta moduan.

     

  4. Bi hilabeteko epea ematea Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari ebazpen honen onarpenari buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

     

  5. Ebazpen hau Nafarroako Gobernuko Osasun kontseilariari eta interesdunari jakinaraztea.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia