Partekatu edukia
Hezkuntza eta Irakaskuntza
Gaia: Negativa del Ayuntamiento de Tudela a reintegrar la parte de la cuota proporcional a los días del mes de septiembre, durante los que no había servicio de comedor en la Escuela Infantil Municipal
Exp: 11/124/E y 11/132/E
Nº: 47
Hezkuntza eta irakaskuntza
2011ko otsailaren 23an, Tuterako Udalaren haur eskoletan matrikulatutako bi haurren amek kexa-idazkiak aurkeztu dituzte, udal horrek ez dielako itzuli nahi izan haur eskolaren jantoki-zerbitzuarengatik ordaindu zuten kuotaren zati proportzionala, iraileko egunei zegozkiena; izan ere, egun horietan ez zen haurrentzako zerbitzurik egon.
Kexa-idazkian azaltzen dute beren haurrak irailaren hasieran joan zirela haur eskolara. Jantoki zerbitzua, ordea, ez zen hilabete horren erdialdera arte hasi, baina, halere, jantokiaren kuota osoa, irailari zegokion kuota osoa, ordaindu behar izan dute.
Adierazten dute Tuterako Udalari eskatu diotela itzul diezaien jantoki zerbitzua erabiltzerik izan ez den egunei zegokien dirua, baina udala ezezkoa eman izan diela.
Aipatzen dute ez dutela ulertzen ezezkoaren arrazoia, zeren eta jotzen baitute ez dutela zertan jantokiko iraileko hilabete osoa ordaindu, zeren eta kasu horretan ezin baitzaio gastu hori erabiltzaileari ordainarazi, ez baitu hura erabiltzerik izan.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, txosten bat igortzeko eskatu zitzaion Tuterako Udalari.
2011ko otsailaren 25ean, Tuterako Udalari eskatutako txostena jaso genuen.
Kexaren xedea da zehaztea ea iraileko hilabete osoko jantoki zerbitzuko tasak ordaindu behar diren, zerbitzu hori soilik hilabetearen erdialdetik aurrera erabili baldin badaiteke.
Hezkuntza kontseilariaren 4ko 15/2010 Foru Aginduak, zeinak ezartzen baititu haur hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxetan familiek 2010/2011 ikasturtean ordaindu beharreko tarifak, seigarren oinarrian xedatzen du jantokia duten ordutegi motetan matrikulatutako erabiltzaileek osorik ordaindu beharko dituztela jantokiko hilabeteko kuotak, zerbitzua ez erabilita ere, salbuespen berezietan izan ezik. Ordainketa horretarako salbuespen bat da, zehazki, erabiltzaileei ezin egotz daitezkeen arrazoiak gertatzea; izan ere, halakoetan jasotako zerbitzua ordainduko da soilik. Aurreikuspen bera jasota dago Tuterako Udalaren haur eskoletako zerbitzuengatiko tasak arautzen dituen ordenantza fiskaleko 4. artikuluan.
Udalak bere txostenean baieztatzen duen bezala, haurrak haur hezkuntzako ikastetxean egokitzeko aldiak normaltasun-izaera dauka 0 eta 3 urte bitarteko haur hezkuntzako ikastetxeetako ibileran. Ez da soilik aldi normal bat, baizik eta aldi beharrezkoa eta bereziki garrantzitsua familientzat eta haurrentzat, zeren eta haurrak ikastetxean integratzea errazten baitu.
Hala eta guztiz ere, egokitze-aldia aparteko gauza bat ez izateak ez du zerikusirik aldi horretan –haren iraupena, kasu honetan, bi astekoa da ikasturtearen hasieran– erabiltzaileei jantoki-zerbitzua ez eskaintzearekin. Erakunde honen iritziz, iraileko lehen bi asteetan zerbitzu hori ez emateak salbuespen bat izan beharko luke familiek jantoki-zerbitzua ordaindu behar izateari dagokionez; izan ere, erabiltzaileei ezin egotz dakizkiekeen arrazoiengatik ezin izan dira zerbitzu horretaz baliatu. Hori dela eta, arauetan ezartzen den bezala, jasotako zerbitzua ordaindu behar dute soilik.
Are gehiago, Hezkuntza kontseilariaren urtarrilaren 20ko 6/2011 Foru Aginduak –zeinak ezartzen baititu haur hezkuntzako lehen zikloko udal ikastetxeetan familiek 2011-2012 ikasturtean ordaindu beharreko tarifak– berariaz jasotzen du, seigarren oinarrian, egokitzapen aldia jantokiko hilabete osoak ordaintzeko salbuespen bat dela.
2011/2012 ikasturtean aplikatzekoa den araudi berrian egokitzapen aldiaren salbuespen-izaera zehaztu izateak, jantoki zerbitzuaren tasa ordaintzearen ondorioetarako, baietsi egiten du aldi hori salbuespen bat dela jantokiko tasak ordaintzeko betebeharrari dagokionez, zeren eta erabiltzaileek ez baitute zerbitzu hori jasotzen beraiei egoztekoak ez zaizkien arrazoiengatik.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Tuterako Udalari gogoraraztea aparteko kasuetan ez dituela hilabete osoak kobratu behar; kasu horien artean daude Administrazioaren beraren erabakiaren ondorioz zerbitzua ematen ez diren aldiak.
Tuterako Udalari gomendatzea kexa honen egileei ordain diezazkiela udalaren haur eskoletako jantokiko tasak, iraileko lehenengo bi asteei dagozkienak, haietan jantoki-zerbitzua ez baitzegoen funtzionamenduan.
Bi hilabeteko epea ematea Tuterako Udalari gomendio honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, hura ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia