Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

197/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 abendua 30

Herri Lanak eta Zerbitzuak

Gaia: El camino que lleva hasta su vivienda carece de alumbrado y esta sin asfaltar

Exp: 11/416/O

: 197

Servicios Públicos

AURREKARIAK

  1. 2011ko ekainaren 2an, [?] jaunaren idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Baztango Udalaren aurka, argiteriako eta asfaltatzeko gutxieneko zerbitzuak ez emateagatik.

    Azaltzen zuen duela hamalau urte Goikoerrotan bizi dela, Iruritako herritik berrehun bat metrora. Esparru horretan, lokalak, nabe industrialak eta bi etxebizitza daude, eta oinezko ugari ibiltzen den tokia da, auzo-bide batetik iristen baita bertara.

    Azaltzen zuen bera arduratzen dela bidea garbitzeaz, egoera onean egon dadin. Eginbehar hori, ordea, bere iritziz, ez dagokio berari, eta, gainera, herriko beste baserri batzuetan gertatzen denaz bestera, argiteria bai baitute, bere etxera iristeko bidean argiteria publikorik ez dago eta bidea asfaltatu gabe dago, gainera; izan ere, zulo eta hutsune ugari dauzka.

    Horrenbestez, eskatzen zuen eremu horretan argiteria publikoa jar dadila eta errepidea konpon dadila.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Baztango Udalari.

    Hasierako erantzun horri erantzunik eman ez zitzaionez, gaiari buruzko informazioa beste behin eskatu behar izan genuen, 2011ko abuztuaren 11ko idazkiaren bidez –Baztango Udalari hilabete bereko 22an jakinarazi zitzaion–, eta udalari gogorarazi genion Nafarroako Arartekoari presaz eta lehentasunez lagundu behar diola.

    Hala eta guztiz ere, denbora luzea iragan den arren, ez dugu kexa-egileak adierazitako gaiari buruzko informaziorik jaso.

AZTERKETA

  1. Hasteko, gogorarazi behar dugu Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak 26. artikuluan xedatzen duenez, botere publiko eta erakunde guztiek laguntza eman behar diotela Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari lehentasunez eta presaz haren ikerketa eta ikusketetan.
    Agintari edo funtzionario publiko guztiek erakunde honi laguntzeko duten betebeharra ez da soilik teorikoa; izan ere, hura ez betetzeak ondorio larriak ekar ditzake.

    Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari laguntzeko betebeharra ez betetzeak, informazioa bidatzen arrazoirik gabe atzeratzeak, jarduerak ez justifikatzeak eta, azken batean, erakundeen arteko harremanetan praktika okerra suposatzen duen beste edozein ekintzak beraiekin ekartzen dute parlamentu-erakunde honetaz arintasunez eta eraginkortasunez baliatzeko herritarrek duten eskubidea murriztea, eta antolamendu juridikoa urratzen du.

    Laguntza emateko betebeharra ez betetzeak administrazio-arloan dituen ondorioei dagokienez, honela dio Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak: hasierako informazioa edo dokumentazioa bidaltzeko edo horiek eskuratzeko eskaera egin ondoren, administrazio publikoko langileek jarrera negatiboa edo zabarra agertzen badute, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoak oztopotzat har dezake jarrera hori. Hala, Arartekoak berehala publiko egin dezake gertatutakoa, eta kalifikazio hori ezar dezake Nafarroako Parlamentuari bidaltzen dion urteko txostenean edo txosten berezian.

  2. Planteatutako gaiaren sakoneko aldeari dagokionez, [?] jaunak salatzen du Baztango eremu batean, bera bizi den tokitik hurbil, ez direla betetzen argiteriako eta bide publikoak mantentzeko zerbitzu publikoak. Egoera hori, salatutakoaren arabera, ez dator bat herriko beste baserri batzuetan gertatzen denarekin, horietan, izan ere, argiteria publikoa bai baitago.

    Kexa-egileak adierazitakoaren aurkako informaziorik ez dugunez, erakunde honek jo behar du informazio horrek oinarririk baduela, eta Baztango Udalari gomendatu behar dio behar diren konponketak egin ditzala interesdunak adierazitako bidea behar diren baldintzetan egon dadin, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen apirilaren 2ko 7/1985 Legeko 25.1 d) artikuluan emandako eskumenaz baliatuta (herri barruko bid publikoen zoladura eta errepideak eta baserri-bideak zaintzea). Halaber, erakunde honek udal horri gomendatzen dio aipatutako eremua argizta dezala, interesdunaren eskatutakoaren ildotik, gutxienez ere kexan aipatutako gainerako baserrien kasuan egiten denaren antzera.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Baztango Udalari gogoraraztea Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundeari presaz eta lehentasunez laguntzeko legezko betebeharra duela, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 24.1 eta 26.1 artikuluetan ezarritakoaren arabera.

     

  2. Baztango Udalari ohartaraztea hiru idazki igorri zaizkiola, hau barne, eta guztietan erantzuna ezin saihets dezakeela esaten zaiola, eta oraingo honi behar den bezala erantzuten ez badio, agintari eta funtzionario arduradunei erantzukizunak eskatu ahalko zaizkiela, legez ezarri bezala. Halaber, udal horri ohartarazten zaio laguntzarik eman gabe jarraitzen badu, jokabide hori nabarmenaraziko dela Nafarroako Parlamentuan, antolamendu juridiko indardunean aurreikusitako gainerako neurriak ezertan ere galarazi gabe.

     

  3. Kexaren sakoneko aldeari dagokionez, Baztango Udalari gomendatzen diogu ezen, kexan aipatzen den herriko eremuan, honakoak egin ditzala:
    1. Behar diren konponketak egin ditzala bide publikoa kontserbazio eta erabilera baldintza egokietan egon dadin.

       

    2. Behar diren neurriak har ditzala bide publiko hori argiztatzeko, ebazpen honetan adierazitako terminoetan.

       

  4. Bi hilabeteko epea ematea Baztango Udalari ebazpen honen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

     

  5. Ebazpen hau jakinaraztea Baztango Udaleko alkateari eta kexa-egileari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia