Partekatu edukia
Enplegu publikorako sarbidea
Gaia: Disconformidad con el sistema de llamamiento para la contratación temporal
Exp: 11/390/F
Nº: 114
Funtzio publikoa
2011ko maiatzaren 26an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, kexa bat aurkezten zuen Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren aurka, [?] izateko lanpostu bat aldi baterako kontratazioaren bidez betetzeko izangaien deialdia zela eta.
Kexa idazkian azaltzen du [?] izateko lanposturako aldi baterako kontratazioetarako zerrendako lehenengo tokian zegoela. 2011ko maiatzaren 11n, [?] Ospitaletik harekin harremanetan jarri nahi izan zuten, baja bat betetzeko eskaintza baten karietara. Dei hori 12:20an egin zen, telefono finkora, eta ez zen inolako mezurik utzi. Interesdunak egun bereko 16:00etan deitu zuen [?] Ospitalera, eta bertatik jakinarazi zioten deiaren arrazoia, eta esan zioten lanpostu hutsa jada beteta zegoela. Erantzun hori entzunda, interesdunak galdetu zuen ea zergatik ez zioten sakelako telefonora deitu. Arreta egin zion pertsonak adierazi zion dei hori egin egin zutela, baina halako telefonorik ez zela existitzen. Une hartan, egiaztatu zuten kontratazio zerrendetan ageri zen telefono-zenbakia okerra zela, nahiz eta interesdunak aurkeztutako eskabideetan zuzen ageri zen.
Interesdunak adierazten du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak ez duela bete Osasun kontseilariaren abenduaren 24ko 172/2009 Foru Aginduan ezarritako prozedura; izan ere, foru agindu haren bitartez onetsi ziren Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentro eta establezimenduetarako aldi baterako langileak hautatzeko arauak. Hain zuzen ere, dei bakarra egin zitzaion telefono finkora, ez zitzaion erantzungailuan mezurik utzi, ez ziren harekin posta elektronikoz harremanetan jartzen saiatu eta zerrendan ageri zen sakelako telefonoaren zenbakia okerra zen.
Horregatik guztiagatik, eskatzen du etorkizuneko eskaintzen kasuan akats hori kontuan hartzeko, zeren eta une honetan langabezian bainago eta lanean egon nintekeen, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak akats hori egin izan ez bazuen
.
Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Osasun Departamentuari.
Interesdunak kexa aurkeztu du Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak akats bat egin duelako [?] izateko aldi baterako kontrataziorako lanpostu bat betetzeko deia egiterakoan. Adierazten du hark bere telefono-zenbakia eskabidean ongi adierazi zuen arren, kontratazio-zerrendan ageri zen sakelako telefonoaren zenbakia oker zegoela. Gehitzen du dei bakarra egin ziotela telefono finkora, ez ziotela erantzungailuan mezurik utzi eta ez zirela harekin posta elektronikoz harremanetan jartzen saiatu.
Osasun Departamentuak defendatzen du aldi baterako kontratazioetarako zerrenda NAPIko Sarrerarako Hautapenaren Zerbitzuak igorri zuela, eta interesduna ez telefono finkoan, ez sakelakoan aurkitu ez zutenez eta lanpostua biharamuneko goizeko txandan betetzekoa zenez, kontratazio-zerrendako hurrengo izangaiari deitu zitzaiola.
Osasun kontseilariaren azaroaren 24ko 172/2009 Foru Aginduak, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentro eta establezimenduetarako aldi baterako langileak hautatzeko arauak onetsi zituenak, 5. artikuluan ezartzen du nolako prozedura jarraitu behar den adierazitako deiak egiteko, eta, hemen interesatzen zaigunari begira, honakoa dio:
“Eskaintzen den postuaren kategoriari dagokion zerrendako ordena zorrozki jarraikiz deituko zaie Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuarekin indarreko kontraturik ez duten izangaiei.
Kontratu laburretarako, interesdunak adierazitako helbide elektronikoa edota telefono finko zein mugikorra erabiliko da (deia edo web mezularitza) harekin harremanetan jartzeko. Bi abisu eginen zaizkio egun bereko bi ordutan (gutxienez 2 orduko aldearekin), eskabidean adierazitako helbide elektronikoaren edo telefonoaren bidez, izangaia jakinaren gainean jarriko dela bermatzen duten baldintza guztiak betez.
Dei-egitearen zuzeneko erantzuleek idatziz adieraziko dute, Jarraipen Mahaiak eskura izanen duen abisuen erregistro batean aurkeztutako eginbide bidez, izangai bakoitzari zein inguruabarretan, egunetan eta ordutan deitu zaion.
[...]
Kontratu laburren kasuan, izangaiari 24 ordu emanen zaizkio erantzuteko, eta, luzeen kasuan, 48 ordu. Erantzuteko gutxieneko denbora alde batera utziko da, eskainitako kontratuak hurrengo 72 orduen barnean hasi behar duenean.
Ezinezkoa bada izangai batekin arestian aipatutakoari jarraikiz harremanetan jartzea, hurrengoari deituko zaio, eta horrela jarraituko da postua bete arte”.
Horrenbestez, kontratu laburretarako dei-egiteak posta elektronikoz eta telefono finkoz nahiz sakelakoz eginen dira, eta bi abisu eginen dira bi ordutan, gutxienez ere 2 orduko aldearekin.
Planteatutako kasuan, interesdunaren telefono finkora dei bakarra egin zen, erantzungailuan mezurik utzi gabe, 12:21ean, eta gero sakelako telefonoan aurkitzeko ahalegina egin zen, baina azken horrek ez zuen emaitzarik izan, zeren eta zerrendan ageri zen telefonoa ez baitzen existitzen. Ez dago jasota telefono finkora bigarren dei bat egin zenik, ez eta interesdunari mezu elektroniko bat bidali zitzaionik ere.
Interesdunak baieztatzen du, eta Osasun Departamentuak aurkako ezer ez du adierazi, deialdian parte hartzeko eskabidean harremanetarako jarri zuen telefono-zenbakia zuzena zela.
Horrenbestez, arestian azaldutako arauei erreparatuta, interesdunak emandako zenbakia eskabidean zuzen ageri zenez, posta elektroniko bidez hura aurkitzeko ahaleginik egin ez zenez, eta ordu desberdinetan abisua eman zitzaionik ageri ez denez, erakunde honen ustez, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuak suertatzen den hurrengo kontratazio-eskaintza interesdunari egin beharko dio, horrekin eragindako kaltea konponduz.
Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,
Osasun Departamentuari gogoraraztea legez Osasun kontseilariaren azaroaren 24ko 172/2009 Foru Aginduko 5. artikulua bete behar duela. Foru agindu horren bidez, izan ere, Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuaren osasun zentro eta establezimenduetarako aldi baterako langileak kontratatzeko arauak onetsi ziren.
Osasun Departamentuari gomendatzea interesdunari egin diezaiola kontrataziorako suertatzen den hurrengo eskaintza.
Bi hilabeteko epea ematea Osasun Departamentuari legezko betebeharren gogorarazpen honen eta gomendio honen onarpenari buruz eta haiek direla-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia