Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

105/2011 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [?] andreak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2011 ekaina 09

Función Pública

Gaia: Disconformidad con extinción contractual

Exp: 11/264/F

: 105

Funtzio publikoa

AURREKARIAK

  1. 2011ko apirilaren 4an, [?] andreak aurkeztutako idazki bat sartu zen gure erakundean. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Hezkuntza Departamentuaren aurka, irakasle bat ordezteko izenpetua zuen kontratu baten amaitzea eta beste kontratu bat izenpetzea zirela eta, kontuan izanda bi kontratuak lanpostu bererako zirela, baina baldintza desberdinak biltzen zituztela.

    Kexa-idazkian, interesdunak azaltzen du ez dagoela ados Hezkuntza Departamentuak izandako jokabidearekin, [?] ikastetxean irakasle gisa jarduteko izenpetuta zeukan kontratua (2011ko abuztuaren 31ra artekoa) amaiaraztea eta ondoren izenpetutako kontratuaren edukia direla eta, azken haren amaierari dagokionez (2011ko ekainaren 30a).

    Horri dagokionez, kexa-egileak azaltzen du ezen lanpostu berean zerbitzuan jarduteko premia bere horretan dagoela ere, Administrazioak kontratu-harremanaren aldaketaz baliatu zela kontratuaren luzera murrizteko, eta bere eskubidearen alde eskatzen du Hezkuntza Kontseilariaren maiatzaren 8ko 60/2009 Foru Aginduan ezarritakoa –foru agindu horrek onesten du zer arauren bitartez kudeatu beharko diren Hezkuntza Departamentuaren zerbitzuan aldi baterako kontratuarekin irakasle lanpostuetan aritzeko izangai zerrendak–, bai eta 2007-2011 urteetan Nafarroako hezkuntza zerbitzuaren kalitatea hobetzeko Itunean ezarritakoa, non xedatzen baita kontratuak kontratatutako langilearen uda garaian jarraituko dela ziurtatu beharra dagoela ikasturtean zehar bost hilabete eta erdi lan egiten baldin badu.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Hezkuntza Departamentuari.

     

  3. 2011ko maiatzaren 5ean, Hezkuntza Departamentuaren txostena jaso genuen erakunde honetan.

AZTERKETA

  1. Interesdunak kexa bat agertu du Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuaren aurka, bi aldeek ikasturtearen hasieran, irakasle baten ordezko lanak egiteko, izenpetu zuten kontratuaren amaierarengatik (kontratu hori 2011ko abuztuaren 31ra bitartekoa zen) eta ondoren beste kontratu bat egiteagatik, hain zuzen ere zerbitzu berean eta ikastetxe berean lanean aritzeko (kasu horretan, kontratuaren amaiera 2011ko ekainaren 30a da).
  2. Aurrekarietatik ondorioztatzen denez, lehenengo kontratua 2010eko irailaren 8an izenpetu zen, [?] ikastetxe publikoan zerbitzuak emateko, lanpostuko irakasle titularra ordezteko, garai hartan aldi baterako ezgaitasun egoeran baitzegoen. Kontratu horrek gehieneko indarraldi gisa 2011ko abuztuaren 31ra artekoa aurreikusten zuen, eta, aldi berean, kontratua amaitzeko arrozoi batzuk ezartzen zituen. Besteak beste, ordezkapen lana ekarri zuen arrazoia amaitzea, eta, horrenbestez, lanpostua erreserbatuta edukitzeko eskubidea amaitzea.

    2011ko martxoan ordeztutako irakaslearen funtzionario-harremana amaitu zenez, hari lanpostua gordetzeko eskubidea desagertu zen, eta, horrenbestez, hura ordezkatzea ekarri zuen arrazoia amaitu zen.

    Horrenbestez, ordezkapeneko kontratuari buruz indarreko arauetan ezarritakoaren arabera eta kexa-egileak eta Hezkuntza Departamentuak izenpetutako kontratuaren beraren arabera, bidezkoa zen kontratua amaitzea, zeren eta ordeztutakoaren funtzionario-harremana amaitua baitzen eta, horrenbestez, ordezkapen kontratua ekarri zuen lanpostuaren erreserbarako eskubidea ere amaitua baitzen.

  3. Aurrekoa gorabehera, zerbitzu bera ematen jarraitzeko beharrak bere horretan jarraitzen zuenez, jarraitutasun etenik gabe (lehenengo kontratuaren amaitzeak martxoaren 14tik aurrera du eragina eta bigarrenaren hasierak martxoaren 15ean du eragina), beste kontratu bat izenpetu zen, oraingoan irakasleen premia berriak betetzeko kontratazio-modalitatea hautatuta. Bigarren kontratu hori 2011ko ekainaren 30era artekoa izanen zen.

    Kontratu modalitate hori arautzen duen azaroaren 28ko 68/2009 Foru Dekretuko 6. artikuluan ezarri bezala –Hezkuntza Departamentuak emandako txostenean transkribatu zen–, kontratuaren iraupena, urtebetetik beherakoa, kontratuan ezarriko da, eta ez da inolaz ere hurrengo ikasturtearen hasieratik aurrera iraganen.

    Horrenbestez, legez, ezerk ere ez du eragozten bigarren kontratu hori 2011ko abuztuaren 31ra artekoa izatea (ez litzateke horrela gaindituko hurrengo ikasturtea), eta horixe da, kasuaren inguruabarrei erreparatuta, erakunde honen irizpidearen arabera, zuzenbidez, kontratuaren fede onaren printzipioa aplikatuz, eman beharko litzatekeen konponbidea. Ez da ahaztu behar [?] andreak zerbitzu bera ematen jardun duela, ikasle berekin eta ikastetxe berean, ikasturtearen hasieratik, eta soilik haren borondateaz kanpoko inguruabar batek, zerbitzuaren prestazioaz bestelako batek (ordeztutako pertsonak erretiroa hartzea) determinatu duela kontratuaren statu quoa aldatzea. Egiazki, aldatu dena da, soilik eta besterik gabe, kontratuaren modalitatea, hasieran izenpetutako ordezkapen kontratua ekarri zuen arrazoia aldatu delako, baina aldaketa horrek, erakunde honen iritziz, ez luke eraginik eduki beharko kontratazioaren amaierako datan.

    Argi dirudi –eta horixe ondorioztatzen da lehenengo kontratuaren edukitik– ezen, aldi baterako kontratua duen langile batek zerbitzua ikasturte osoan ematen duenean, harekiko lotura udako hilabeteetara ere luzatu beharra dagoela, ikasturte berriaren hasierara arte, alegia. Bada, kexa-egilearen kasuan, horixe da materialki gertatuko dena, nahiz eta hasieran ordeztutako funtzionarioaren zerbitzu-harremana amaitzeari dagokion gorabeherak kontratuaren modalitatea aldarazi.

    2007-2011 urteetan Nafarroako hezkuntza zerbitzuaren kalitatea hobetzeko Itunean horri buruz ezarritakoari, kontratua udako hilabeteetan luzatzeari dagokionez, arau mailarik eman ez izanak –horri, bidenabar esan dezagun, izaera hori ematea diharduen administrazioaren beraren araberakoa da– ez du eragozten konponbide hori eman dadila, zeren eta ez bailuke joka antolamendu juridiko indardunean ezarritakoaren aurka.

    Azken batean, hasierako kontratua 2011ko abuztuaren 31ko amaiera-datarekin izenpetu ondoren, eta interesdunak ikasturte osoan zehar etenik gabe zerbitzua eman duenez, ikastetxe berean eta lanpostu berean, erakunde honek gomendatzen du denbora-baldintza horri euts dakiola; izan ere, gure iritziz, nabarmen zuzengabea da kontratu-modalitatea aldatzeak kontratuaren iraupena gutxitzea ekar dezala eta interesdunari ken diezaiola 2011ko uztaileko eta abuztuko ordainsariak jasotzeko eskubidea.

Aurreko guztia dela eta, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeko 34.1. artikuluan xedatutakoari jarraituz,

EBATZI DUT:

  1. Hezkuntza Departamentuari gomendatzea behar diren kudeaketak egin ditzala [?] andrearen kontratu-lotura 2011ko abuztuaren 31ra arte luzatzeko, horixe izan baitzen ikasturtearen hasieran sinatutako kontratuan aurreikusitako amaiera eguna.

     

  2. Bi hilabeteko epea ematea Hezkuntza Departamentuari gomendio hauen onarpenari buruz eta hura dela-eta hartu beharreko neurriei buruz informa dezan, edo, kasua bada, haiek ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34. artikuluko bigarren idatz-zatian ezarritakoaren arabera.

     

  3. Ebazpen hau jakinaraztea kexa-egileari eta Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuari.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia