Nafarroako Arartekoak ahalmena du egoki irizten dituen ohar eta gomendioak egiteko herritarren bidezko eskubideak errespetatzen ez dituzten erakundeei. Orobat proposa ditzake bat etorri eta ados jartzeko formulak, kexa eragin duen aferari konponbide egokia eman diezaioten aldeek.
Egoki iritziz gero, bere ustez herritarren eskubideak kaltetzen dituzten lege eta arauak aldatzeko aholkua emanen die Foru Administrazioari eta toki entitateei.
Nafarroako Arartekoak agintarien laguntza izanen du agindu zaion lana egiteko -laguntza emate horrek lehentasuna izanen du-. Halakorik ukatzen badiote, legeak ezarritako erantzukizunean eroriko dira agintariak, eta Nafarroako Arartekoak jendaurrean salatu ahalko ditu.
Nafarroako Arartekoa ez da epailea, eta hortaz, ez du epairik ematen, ez du zehapenik ezartzen eta ezin ditu eten kexa eragin duten administrazio jarduketak. Urtero, Nafarroako Arartekoak herritarrek aurkeztutako kexen, horiei eman zaien tramitazioaren eta lortu diren emaitzen berri emanen dio Nafarroako Parlamentuari. Halaber, egindako lanaren ondorioz, iradokizunak egin eta aholkuak eman ditzake. Parlamentuko taldeek, berriz, Nafarroako Arartekoak emandako informazioa baliaturik, ondorioak atera eta neurri egokiak hartuko dituzte.