Bilaketa aurreratua

Albisteak

Salhaketa Ekarteak Nafarroako Arartekoaren aurrean salatu du Iruñeko espetxean psikiatrarik ez dagoela eta Nafarroako Parlamentuak hartutako erabakia ez dela betetzen ari

2009 uztaila 02

Presoen eskubideen aldeko SALHAKETA elkarteko ordezkariak gaur goizean Nafarroako Ararteko Javier Enérizekin eta erakundeko aholkulari Carlos Sarasibarrekin bildu dira, azaltzeko nola Foru Administrazioa ez den betetzen ari Nafarroako Parlamentuak 2009ko otsailaren 3an hartutako erabakia.

Nafarroako Parlamentuaren mozio haren bidez Nafarroako Gobernua premiatzen da Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzarekiko akordio baten bitartez berma dezan Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko mediko psikiatra bat egotea Iruñeko espetxean, buruko gaixotasuna duten presoak artatze aldera. Mediku psikiatra horrek prebentzio, jarraipen eta terapia lanak eginen ditu bertan.

Elkarteak emandako datuen arabera, Iruñeko espetxean dagoen populazioaren % 27k buruko gaixotasuneko diagnosia dauka. Portzentajea preso guztien % 40ra ere irits daiteke, baldin eta diagnostikatu gabeak ere batzen badira. Preso horiek lehentasunezko laguntza psikiatriko publikoa behar dute. Kopurua kezkagarria dela uste dute.

Elkarteko kideek Arartekoari beren kezka erakutsi diote, zeren eta gaur egun, eta Iruñeko espetxean presoen buruko gaixotasunen ondorioz behin eta berriz sortu diren indarkeriazko gertakari larriak gorabehera, parlamentuaren agindua oraindik ere bete gabe baitago, eta, gainera, haien ustez, herritarren kolektibo horrek osasun publikoa berdintasunez erabiltzeko duten eskubidea urratzen ari da. Era berean, adierazi dute espetxean tratamendua hartzen duten buruko gaixoek eragindako indarkeriazko gertakariek beren horretan jarraitzen dutela: bahiketak, suizidio ahaleginak eta abar. Elkarteko kideen ustez, buruko gaixo batzuk agerraldi psikotikoak dituztenean larrialdi zerbitzura eramatea ez da konponbide baliagarria, eta azpimarratzen dute espetxeko sendagilea ez dela gaixotasun horren arloko espezialista bat, eta ez duela diagnosirik egiten. Azken batean, uste dute ez dagoela buruko gaixotasunaren jarraipenik, eta laguntza psikologikoa ez dela nahikoa.

Salhaletako ordezkariek Nafarroako Arartekoari eskatu diote Nafarroako Gobernua premia dezan Parlamentuaren erabakia betetzeko, halako moduan non presako izaeraz, Espetxe Erakundeetako Zuzendaritzarekin hitzarmen bat sinatuko baita Iruñeko espetxean laguntza psikiatrikoko programa abian jartzeko. Izan ere, nahikoa litzateke Osasunbidea-Nafarroako Osasun Zerbitzuko psikiatra lanpostu bat esleitzea, eta hark espetxean lehentasunezko lana egitea gaixoen kolektibo garrantzitsu horrekin. Diagnosiak eginen ditu eta kasuan kasu tratamendu egokienak emanen ditu.

Horri dagokionez, Nafarroako Arartekoak azaldu du Espetxeetako 1996ko Erregelamenduaren arabera, espetxeek, nahitaez, aldizka, oinarrizko osasun laguntzako psikiatra bat eduki behar dutela bertan lanean. Arau beraren arabera, espetxeratu guztien eskubide bat da, salbuespenik gabe, gainerako biztanleek daukaten laguntza mediko-sanitarioaren laguntza parekidea edukitzea.

Nafarroako Arartekoaren erakundeak aurkeztutako eskaria onartu du eta horri buruz behar den ikerketa eginen du, Nafarroako Parlamentuak agertutako borondatea gauza dadin, hain zuzen ere orain SALHAKETA Elkarteak azaldutakoa, alegia, Iruñeko espetxean dauden presoek sendagile espezialista baten laguntza psikiatrikoa edukitzea beharrezkoa denean.

Partekatu edukia