Bilaketa aurreratua

Albisteak

Logo

Prostituzio-egoeran dauden emakumeentzako aukera bat

2023 maiatza 20

Nafarroako Arartekoak bilera bat izan zuen Villa Teresitarekin, maiatzaren 18an, ostegunean

Erakundeko titular Patxi Vera eta Kabineteburu Susana Galilea Villa Teresitako gizarte-langile Noelia Martínekin eta Artzain Onaren laguntzaile Conchi Jiménez eta Josefina Goñi erlijiosoekin bildu ziren.

Villa Teresita-Auxiliares del Buen Pastor irabazi-asmorik gabeko elkarte bat da, nazio-mailakoa eta Eliza Katolikoaren parte dena. Prostituzioaren mundutik datozen emakumeei eta sexu-esplotaziorako salerosketaren biktima diren emakumeei laguntzen die. Elkarteak hainbat zerbitzu eskaintzen dizkie emakume horiei esku-hartze integrala egin ahal izateko.

1942an sortu zenetik 1995era arte, Villa Teresitak harrera-etxe gisa jardun zuen Nafarroan, eta urte hartatik aurrera, kalean bertan jarraitu zuen lanean. 2013an, lan aurreko tailerrak jarri zituen abian, prestakuntza eskaintzen dutenak eta prostituzio-egoeran dauden emakumeentzako topagune gisa balio dutenak. Besteak beste, autoezagutzari eta autozaintzari, oinarrizko joskintzari, Espainian bizitzeko giltzarriei (sukaldaritza, banku-kudeaketak...), genero-indarkeriari eta gaztelaniari buruzko ikastaroak ematen dira. Kontziliazioa eta tailerretara joatea errazteko, haurtzaindegi-zerbitzua, eskolaz kanpoko jarduerak eta udalekuak eskaintzen dira, Coworkids zerbitzuarekin koordinatuta.

Osteguneko bileran, Villa Teresitako arduradunek Arartekoari jakinarazi zioten zer zailtasun dituzten erabiltzaileek administrazioarekin eta beste erakunde batzuekin dituzten harremanetan; besteak beste, hauek nabarmendu zituzten: izapideak aurrez aurre egiteko oztopoak, erroldatzeko oztopoak edo banku-kontu bat irekitzeko arazoak.

 

Partekatu edukia