Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Gobernuak kontratu publikoak erreserbatuko ditu krisiak ezgaituengan eta gizarte bazterkeriarako arriskua duten beste kolektibo batzuengan daukan eragina arintzeko

2009 ekaina 16

Joan den maiatzean, Nafarroako Arartekoak jarduera bat abiatu zuen bere kabuz, egiaztatzeko ea Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioa baliatzen den Kontratuei buruzko Foru Legean aurreikusitako aukera batez, alegia, baldintza administratiboen orrietan sartzea legez ezarritako mugaz goitiko ezgaituen kopuru bat kontratatzeko beharra.

Berrikuntza, Enpresa eta Enplegu Departamentuak Nafarroako Ararteko Javier Enériz Olaechea jaunari informazio-eskariaren erantzuna igorri dio. Hartan adierazten du sektore ahulenetan –ezgaituak eta gizarte bazterkeriaren arriskua duten kolektiboak– eragin berezia izaten ari den jarduera ekonomikoaren desazelerazioa arintzeko, Nafarroako Gobernuak, aurtengo otsailean, erabaki zuela zaintzea Kontratuei buruzko Foru Legeak gizarte izaerako entitateentzako aurreikusten duen kontratu-erreserbaren aplikazioa.

Bestalde, Nafarroako Gobernuak Nafarroako Enplegu Zerbitzuko Enplegua Sustatzeko eta Aukera Berdintasunerako Atalari eskatu zion aipatu kontratuetan erreserba aplikatzeko behar ziren arau edo jarraibideak presta zitzan.

Nafarroako Enplegu Zerbitzuak zenbait jarraibide prestatu zituen, enplegu zentro berezietako eta gizarteratzeko eta lan munduan sartzeko zentroetako berezitasunei erantzuten dietenak. Jarraibide horiek, gero, Kontratazio Batzarrari jakinarazi zitzaizkion, eta organo horrek aldaketa batzuk proposatu zituen. Aldaketa horiek Nafarroako Gobernuak onetsiko duen testuan sartu dira.

Ildo beretik, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bitartez, komunikazio bat helarazi zaie Foru Administrazioko departamentu eta sozietate publikoei eta Nafarroako udal eta mankomunitateei, ezgaituen eta gizarte bazterkeriaren arriskua duten kolektiboen alde ezarritako lege-erreserba aplika dezaten.

Partekatu edukia