Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoaren bulegoak hainbat ingurumen irizpide berri ezarri ditu bere argitalpenetan eta papererian

2008 urtarrila 31

Nafarroako Arartekoaren bulegoak bere argitalpenetan eta papererian ingurumena gehiago errespetatzen duten irizpideak ezartzeko asmoarekin, ikerlan bat egin berri du, erosketa arduratsuan espezializatutako Nexos enpresa aholkulariarekin ( www.nexos.es) eta Nafarroako Ingurumen arloko Baliabide Zentroarekin ( www.crana.org) batera.

Lan horren ondorioz, aurtengo urtarrilean estatuko administrazioak onestutako kontratazio publiko berdearen planak, papera eta argitalpenei buruzkoak, ezarritakoa betetzea hartu du helburutzat arartekoak. Horrenbestez, argitalpenetan paper birziklatu gehiago erabiltzeko apustua egin du. Hori dela eta, 2008ko abenduaren 31 baino lehen argitalpenetan erabilitako paperaren %60 birziklatua izatea lortu nahi du; planak, berriz, 2010. urterako %50 lortzea finkatzen du.

Modu horretan, erakundeak bere argitalpenetan ingurumen irizpideak jarraitzeko hartutako erabakia Nafarroako administrazioentzako adibide izatea nahi du, baita, bide batez, Nafarroa ingurumen gaietan eredu izaten jarraitzea ere.

Arartekoaren bulegoa pasaden urrian hasi zen bere argitalpenak eta arte grafikoen hornitzaileak aztertzen, ingurumen irizpideak ezarriko zituen erabakitzeko. Nafarroako erakundea izateagatik kontratazio publiko berdearen planak horretara behartzen ez duen arren, helburuak ezartzeko adibide gisa hartu du.

Horretaz gain, ikerlanak balio izan dio, batetik, konturatzeko arte grafikoen ETEak (enpresa txiki eta ertainak) prest daudela argitalpenak proposaturiko irizpideen arabera egiteko eta, bestetik, hondakinei buruzko legeria betetzeko.

Finkatutako helburuak lortzeko asmoz, 2008an Nafarroako Arartekoaren bulegoko argitalpenetan %100 paper birziklatua erabiliko da. Hala dela ziurtatzeko, material horren ekoizpenean, merkurioa, beruna, kadmioa, kloroa edo biodegradatzeko zailak diren bestelakoak dituzten koloratzaileak, pigmentuak edo zuritzaileak erabili ez direla bermatzen duen ziurtagiri bat eduki behar du paperak.

Era berean, paper birziklatuak bere ekoizpenean uretara eta atmosferara emisio gutxi egin direla eta, beraz, CO2ko emisioak murriztu direla adierazten duen ziurtagiria izan behar du.

Partekatu edukia