Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Petilla de Aragónera egin du bisita

2009 apirila 17

Nafarroako Ararteko Francisco Enériz Olaecheak gaur goizean Petilla de Aragón herria bisitatu du, bere aholkularien burua den Juan Luís Beltrán Aguirrerekin.

Arartekoa Petillako alkate Paulino Rived Murillo jaunarekin eta udalbatzako kide batzuekin bildu da. Alkarteak adierazi du laster Petilla de Aragóngo araubide berezia gaurkotzeko Nafarroako Gobernuak 2007ko azaroan sortu zuen departamentuen arteko batzordearekin bilduko direla, eta agertu du itxaropentsu daudela, departamentuek laster herria birpizteko proiektu zehatzekin jardunen dutelakoan.

"Zehazki -adierazi zuen alkateak-, uste dugu urtero, Nafarroako aurrekontu orokorretan, Petillarako kontusail bakar eta berariazkoa ezarri behar dela. Kontusail hori, bestetik, handitzeko modukoa izanen da. Halaber, zenbait urrats egin ditugu Lehendakaritza Departamentuarekin eremu publikoetan eta etxeetarako sarbideetan bideo-zaintzako kamerak jartzeko, herritarren segurtasunaren hobetze aldera.

Halaber, oso komenigarritzat jotzen dugu -jarraitu zuen Paulino Rivedek- herriari heliportua jartzea, larrialdi medikoetarako. Gai hori Rafael Gurreak aipatu zigun Nafarroako Gobernuko lehendakariordea zenean, eta berriz aztertu beharko genuke".

Ofizialki 29 biztanle dituen Nafarroako herri horretara eginiko bisitaldian, medikuntzako Nobel saria irabazitako Santiago Ramón y Cajal gogoratu eta haren etxe-museoa bisitatu zuten. Enérizek honakoa azpimarratu zuen: "bisitaldi instituzionala izan da, baina baita sinbolikoa ere, herri horren ezaugarri bereziengatik; eta batez ere, oso bisitaldi emotiboa izan da, Petilla nafarrek eta Nafarroako erakundeek asko maite duten herria delako".

Partekatu edukia