Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak, Javier Enérizek, Espainiako Herriaren Defendatzailearengana jo du, María Luisa Cava de Llanorengana, eta eskatu dio Balore Merkatuen Batzorde Nazionalaren, Ogasun Ministerioaren eta herri-administrazioen edo eskumena eduki dezaketen beste erakunde publikoen aurrean jardueraren bat sustatu dezan konponbide eraginkorrak bilatu ditzaten. Modu horretan, lehentasunezko partaidetzen inbertitzaileek finantza-produktu horren inguruko egiazko informazio osoa edukiko dute eta, modu librean hala erabakitzen badute, euren dirua osotasunean berreskuratu ahalko dute.
Nafarroako Arartekoaren jarduera hori lehentasunezko partaidetzek ezarri dizkieten eskuragarritasun mugen ondorioz minduta dauden eta desadostasuna adierazi duten herritarren deklarazioen ostean gertatu da. Deklarazio horietan elementu komuna zera da: ezarpenaren behin betiko izaerari buruzko informaziorik eza edo nahikoa ez den informazioa eta iruzur baten biktima sentitzen direla. Produktu hori kontratatu zuten bezero askok azaldu dute ez zituztela ezaugarriak ezagutzen, finantza-erakundeek ez zietelako “lehentasunezko partaidetzen” ezaugarrien gaineko informaziorik eman, ezta inbertsioa eskuratzerakoan zeuden mugen gainekoa ere; izan ere, produktu seguru eta eskuragarri bat izango balitz bezala eskaini zieten.
Halaber, arazoak okerrera egin du lehentasunezko partaidetzak kontratatu dituzten herritar asko adinekoak, erretiratuak eta pentsiodunak direlako eta euren aurrezkiak -edo horien zati bat- lehentasunezko partaidetzak eskuratzeko erabili dituztelako, errentagarritasun finkoa emango zien arriskurik gabeko produktua zelakoan: epekako diru-sartze bat, errenta finko eta seguruarekin eta ondorengo bermearekin: kapitala eta pilatutako interesa itzuliko direla.
Bankuen, Kutxen eta Aseguruen Erabiltzaileen Elkarteak argitaratu duen informazioari jarraiki, gutxienez 10.000 nafarrek (Espainian 700.000 pertsona inguru) euren aurrezki guztiak edo horien zati bat “lehentasunezko partaidetza" horietan inbertitzeko erabili dituzte eta produktu horrek ez dauka Gordailuak Bermatzeko Funtsaren estaldurarik eta ez du finantza-erakundeek hitzemandako berehalakotasunarekin inbertitutako dirua berreskuratzeko aukerarik ematen.
Horregatik guztiagatik, Nafarroako Arartekoak beharrezkotzat jo du Espainiako Herriaren Defendatzaileari euren aurrezkiak asmo onez produktu horretan inbertitu dituzten pertsona askoren egoera larriaren berri ematea eta eskatu dio ekimenak sustatu ditzan dirua berreskuratu dezaten edo, hala nahi dutenek, borondatez zati bat edo diru guztia bankuko akzioengatik trukatzeko aukera eduki dezaten, aurreztaileentzat onuragarriagoak izan daitezkeen beste konponbide batzuen kaltetan izan gabe.
Partekatu edukia