Bilaketa aurreratua

Albisteak

Sede del Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoak iazko urte osoan baino kexa gehiago erregistratu ditu aurtengo urrira bitartean

2024 azaroa 21

Urriaren 31ra arte guztira 1.193 kexa aurkeztu dira, 2023an erregistratutako 1.192 kexak gaindituz. Espediente gehien eragin dituen gaia osasuna da, eta haren atzetik datoz gizarte ongizatea eta hezkuntza. Era berean, urrira arte erregistratutako kontsultak ia % 10 igo dira.

Nafarroako Arartekoak 2023 osoan jasotako kexak baino gehiago erregistratu ditu aurtengo urriaren 31ra bitartean. Hala, urteko lehen hamar hilabeteetan erakundeak 1.193 kexa erregistratu ditu, Foru Komunitateko herritarrek iazko urte osoan aurkeztutako 1.192 kexen gainetik.

Herritarren desadostasuna batzen duten hiru gai nagusiak osasuna, gizarte ongizatea eta hezkuntza dira. Osasunean jaso da kexa gehien: urteko lehen hamar hilabeteetan 172 kexa eragin ditu, hots, kopuru osoaren % 14,42. 2023ko datuekin alderatuta, non 117 kexa eragin baitzituen, 55 gehiago izan dira aurtengo urriaren 31ra bitartean aurkeztutakoak.

Gizarte ongizatean, bestalde, bigarren postuan egonik, 142 kexa jaso dira (kopuru osoaren % 11,90). Aurreko urteko datuekin alderatuta, 13 kexa gutxiago izan dira (-% 8,39). Hirugarren postuan dago hezkuntza, 113 kexa tarteko (% 9,47). Azken kasu honetan, 2023an erregistratutako kexak 98 izan zirenez, aurtengo urrira bitartean 15 gehiago aurkeztu dira.

Nabarmentzekoak dira, era berean, funtzio publikoa (80 kexa, kopuru osoaren % 6,71), etxebizitza (73 kexa, kopuru osoaren % 6,12) eta ogasuna (68 kexa, kopuru osoaren % 5,70).

Kontsulten igoera

Kexa kopurua igo den bezala igo da kontsulta kopurua ere. 2023ko urriaren 31ra arte 1.549 kontsulta jaso ziren eta, aldiz, 2024ko aldi berean 1.694 izan dira. Beraz, 145 kontsulta gehiago egon dira (% 9,4ko igoera).

Nafarroako Arartekoa den Patxi Verak emaitza hauek baloratu zituen, nabarmenduz erakundea garrantzitsua eta erabilgarria dela herritarrentzat, administrazio publikoen ekintza edo ez-egiteak ikuskatzeko lanean. “Datu hauek agerian uzten dute herritarrek erakunde honen eginkizuna tresna hurbil eta erabilgarri gisa ikusten dutela beren eskubideak aktiboki defendatzeko orduan”, adierazi zuen.

Partekatu edukia