Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak gomendatu du bidea eman dadila aurri egoeran deklaratutako eraikinetako legezko okupatzaileak etxez aldarazteko.

2010 maiatza 17

Nafarroako Ararteko Francisco Enériz Olaechea jaunak Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentuari gomendatu dio behar diren jarduerak azter ditzan aurri egoeran deklaratutako eraikinetako legezko okupatzaileak etxez aldarazi ahal izateko.

Gaur egun, etxez aldarazteko eta etxera itzultzeko eskubideak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legean araututa daude. Lege horren arabera, ohiko etxebizitza izanik, legezko okupatzaileei etxebizitza utzarazten zaien hirigintza jarduketen kasuan, itzultzeko eta etxez aldarazteko eskubideak bermatu beharko zaizkie, legeak berak ezartzen dituen arauei jarraikiz.

Hala eta guztiz ere, etxe-aldarazpenei buruzko arau indardunetan ez dira sartzen aurri egoeran deklaratutako egoitza-eraikinetako kaltetuak, hain zuzen eraikinak eraitsi edo zaharberritu behar diren kasuetan, bertan bizi direnak denbora luzerako etxetik kanpo utzita.

Nafarroako Arartekoak, zenbait kexaren bitartez, egiaztatu ahal izan du nolako babesgabetasuneko egoeran gerta daitezkeen pertsona horiek. Aurri egoeran deklaratutako eraikinetan ohiko etxebizitza duten eta etxez aldarazten diren legezko okupatzaileek zailtasunak izaten dituzte beste lojamendu bat aurkitzeko.

Egoera hori gertatzen da –Enérizek azaltzen duenez– eraisteko edo zaharberritzeko berehalako xedapenak eman eta xedapen horiek diru-baliabiderik ez duten edo baliabide eskasak dituzten pertsonak, adineko pertsonak, ezgaituak edo mendetasuna dutenak, besteak beste, ukitzen dituztenean.

Hori guztia dela eta, Nafarroako Arartekoak ofiziozko espediente bat zabaldu du eta Nafarroako Gobernuko Lurraldearen Antolamendu eta Etxebizitza Departamentura jo du, eta gomendatu dio azter dezan eta, kasua bada, susta dezan Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen aldaketa bat, halako moduan non aurri-egoeraren deklarazioa eman duten administrazioek konponbidea eman beharko dieten etxebizitza egoera horretan dutela –eta, beraz, bizitzeko gai ez dela– deklaratuta duten pertsonei.

Zehazki, Nafarroako Arartekoak Lurraldearen Antolamenduari eta Hirigintzari buruzko Foru Legearen honako aldaketak proposatzen ditu:

  • 140. artikuluko c) letraren hasieran, honakoa gehitzea: “Desjabetzapenik gabeko jarduera asistematikoetan, eta aurri deklarazioetan, errentan hartutako...”

  • 140. artikuluari d) letra gehitzea. Ondoko testua izanen du: “d) Egoitza-erakinei buruzko aurri deklarazioetan, beren ohiko bizilekua duten eta kasuko etxebizitzaren jabeak diren okupatzaileek etxez aldarazteko eskubidea izanen dute deklarazioa egin duen Administrazioaren aurrean, hain zuzen ere artikulu honetako a) letraren arabera; betiere, kontraprestazio moduan, beren etxebizitzari dagokion zorua udalari laga beharko diote. Administrazioak ordainduko ditu, halaber, lekualdatzearen gastuak gehi etxez aldarazteko eskubideaz baliatzen diren okupatzaileek jasan beharreko beste gastu osagarri batzuk.

Partekatu edukia