Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak gomendatu du balioduntzat jo dadila mendetasunari buruzko ziurtagiria PFEZaren eraginetarako.

2010 maiatza 28

Nafarroako Ararteko Francisco Enériz Olaecheak Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatu die lagundutako pertsona bakoitzeko gutxieneko familiarraren murrizketa egin ahal izateko –Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legeko Testu Bategineko 55.4 artikuluan jasota dago–, balioduntzat jo dadila mendetasunari buruzko ziurtagiria, bi departamentu horiek adosten dituzten graduen eta mailen arabera.

Gomendio hori herritar batek Nafarroako Arartekoaren erakundeari aurkeztutako kexa batetik heldu da. Izan ere, kexa pertsona fisikoen gaineko zergaren aitorpenean kasuko murrizketa egin ahal izateko exijitzen zen dokumentazioari (pertsona lagundua izateari buruzko ziurtagiria) buruzkoa zen.

Ekonomia eta Ogasun Departamentuak, Nafarroako Arartekoari igorritako txosten batean, adierazi du ezen zerga oinarrian lagundutako pertsonatzat jota dauden senideekin bizitzeagatiko murrizketa aplikatzeko beharrezkoa dela kalifikazio hori ziurtatzea Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak emandako egiaztagiriaren bitartez.

Bere aldetik, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak jakitera eman du familiako gutxienekoarengatiko murrizketa aplikatu ahal izateko, ezinbesteko baldintza dela Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak emandako ziurtagiria aurkeztea; ziurtagiri hori geroan mendetasun-egoerak baloratzeko eta aitortzeko prozedurak arautzen dituen beste foru dekretu baten bitartez indargabetu zen foru dekretu batean dago aurreikusita.

Horrenbestez, foru dekretu hori indarrik gabe geratu denez, jada ez da lagundutako pertsonei buruzko baloraziorik egiten, mendetasuna duten pertsonen balorazioak baizik ez baitira egiten. Hori dela eta, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak jada ez du pertsona lagunduaren ziurtagiririk ematen.

Arartekoaren arabera, horrekin paradoxa bat gertatzen da; izan ere, lagundutako pertsonengatik familiako gutxieneko baten zerga-murrizketak indarrean jarraitzen duen arren, murrizketa hori egin nahi duten pertsonek ezin dute egin, ezin baitute pertsona lagunduaren ziurtagiria aurkeztu, hain zuzen ere ziurtagiri hori ematen ez delako.

Hala eta guztiz ere, bi ziurtagirien edukia eta xedea ikusita (antzinakoa, pertsona lagunduarena, eta gaur eguneko, mendetasuna duen pertsonarena), Javier Enérizen ustez, zerga-murrizketaren eraginetarako, parekatzeko modukoak dira, halako moduan non gaur egun ematen den mendetasuneko ziurtagiriak pertsona lagunduaren ziurtagiria ordeztu ahal duen, eta ordeztu ere behar duen.

Eta hori horrela da –jarraitzen du Nafarroako Arartekoak– zeren eta mendetasuna duen pertsonaren balorazioak eta 65 urtetik gorako pertsonen mendetasun mailari buruzko balorazio metodoak, jada desagertutakoak xede bera baitute, , haiei buruzko arauetan azaltzen den bezala; hau da: pertsonek beren buruaz baliatzeko duten gaitasuna baloratzea eta hirugarren pertsonen laguntza izateko daukaten premia neurtzea.

Horrenbestez, Nafarroako Arartekoak gomendatu du balioduntzat jo dadila mendetasunari buruzko egungo ziurtagiria, Gizarte Gaietako Departamentuak ematen duena, PFEZean pertsona lagunduarengatiko murrizketa aitortu ahal izateko.

Partekatu edukia