Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaecheak gogorarazi du Nafarroako eta estatuko legeetan erretzeari buruz ezarritako debekuak direla eta, debekatuta dagoela Labrit eta Euskal Jai pilotalekuetan erretzea, eta Nafarroako Gobernuko Osasun Departamentuari, Iruñeko Udalari eta Uharteko Udalari gomendatu die behar diren urratsak egin ditzaten debeku hori eraginkor egiteko.
Nafarroako Arartekoak gomendatu die, halaber, entitate horiei zehapenak ezartzeko, kasua bada, erretzeko debekua ez betetzeagatik, betiere administrazio bakoitzak esleituta dauzkan eskumenen arabera.
Gomendioa heldu da urrian aurkeztutako kexa bat aztertzetik. Izan ere, pilota partidetara maiz joaten den herritar kexa aurkeztu zuen, hain zuzen ere debekua egon arren eta egunkarietan kirol-instalazio itxietan erretzea debekatuta dagoela gogorarazteko informazioak ageri diren arren, tabakoaren aurkako legea sistematikoki urratzen delako Labrit eta Euskal Jai pilotalekuetan.
Gomendioa egiteko, Nafarroako Gobernuaren Osasun Departamentuak eta ukitutako udalek igorritako txostenak hartu ditu kontuan Nafarroako Arartekoak.
Halaber, Javier Enérizek erakunde horiei gomendatu die, kasua bada, sistematikoki zehapenak jar ditzaten lege horietan jasotako arau-hausteak egiten direnean, kasuko administrazioak esleituta dauzkan eskumenen arabera.
Tabakoaren aurrean gaixotasunei aurrea hartu eta osasuna bultzatu eta babesteari buruzko Nafarroako legean honakoa ezarri zen: erretzaileek eta erretzaile ez direnek elkarrekin bizi behar duteneko eremu publiko edo kolektibo orotan, nagusituko da erretzaile ez direnek tabakoaren kearen ondoriozko kutsadurarik ez duen airea arnasteko daukaten eskubidea. Irizpide horri jarraituz, legeak erretzeko debekua ezarri zuen, besteak beste kirol zentro eta instalazio itxietan.
Ildo beretik, tabakismoaren aurkako osasun neurriak ezarri eta tabakoaren produktuen salmenta, kontsumoa eta publizitatea arautzeko estatuko legeak guztiz debekatzen du erretzea, besteak beste, aire librean ez dauden kirol instalazioetan. Lege horrek huts-egite larritzat jotzen du erabateko debekua ezarrita dagoen tokietan erretzen uztea, eta arduraduntzat jotzen du lokaleko titularra edo, besterik ezean, arau-haustea egiten den unean zentroaz arduratzen ari den enplegatua.
Partekatu edukia