Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaecheak Nafarroako Gobernuko Ekonomia eta Ogasun Departamentuari eskatu dio “ez daitezela kaleratzeengatiko kalte-ordainak lanaren errenta gisa hartu, PFEZa ordaintzeko garaian”.
PFEZari buruzko Foru Legearen Testu Bategineko 7. artikuluaren arabera, zerga horretatik salbuetsita daude langilea kaleratu edo lana uztegatik ematen diren kalte-ordainak, Langileen Estatutuan edo hori garatzeko araudian nahitaezko gisa ezarrita dagoen kopuruaren barnean. Hala eta guztiz ere, salbuespena ez da aplikatzen enpresa horrek berak edo hari loturiko beste enpresa batek langilea berriz ere kontratatzen duenean, “erregelamendu bidez ezarriko diren baldintzetan”.
Agindu hori garatzeko, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Erregelamenduak honakoa ezartzen du gaur egun: “Zergari buruzko Foru Legean aurreikusiriko salbuespena ez da aplikatuko langilea kaleratu edo lana utzi eta ondoko hiru urteen barrenean langilea berriz hasten bada lanean enpresa horretan edo horrekin lotutako beste batean”.
Lege erregulazio horrek sindikatuen artean aurkako zenbait iritzi eragin ditu. Halaber, Arartekoak jo du egungo erregulazioa kaltegarria izan daitekeela krisialdiko eta langabezi handiko garai hauetan kaleratutako langileentzat, bai kaleratu zituzten urteko aitorpen osagarria egitera behartuta daudelako eta berandutza-interes gehiago ordaindu behar dituztelako, bai salbuetsita dauden beste errenta batzuen aldean legeak ematen dien tratamendu desberdinarengatik ere.
Hori dela eta, Nafarroako Arartekoak bere kabuz espediente bat abiatu du eta Ekonomia eta Ogasun Departamentura jo du, azter dezan, lehenbizi, Pertsona Fisikoen Errentaren gaineko Zergari buruzko Foru Legean aldaketa egiteko aukera, kaleratutako langileek jasotako kalte-ordainei emateko, esate baterako, estatuko loterietako eta apustuetako sariei ematen zaien tratamendu bera.
Bigarren aukera gisa, Arartekoak proposatu du kaleratzeengatiko kalte-ordainak errenta gisa har daitezela, baina langileentzat egun PFEZaren erregelamenduan ezarritakoak baino aldekoagoak diren moduan eta baldintzetan, eta berandutza-interesak ordaindu behar izan gabe.
Partekatu edukia