Partekatu edukia
Nafarroako Ararteko Francisco Javier Enériz Olaecheak iradokizun bat egin dio Erriberako Hondakin Solidoen Mankomunitateari JEZean (jarduera ekonomikoen gaineko zerga) alta emanda egoteari buruzko irizpidea ken dezan hiri hondakin solidoak bildu, tratatu eta aprobetxatu edo deuseztatzeko tasen kuota ezartzerakoan, eta beste irizpide bat ezar dezan, berdintasun eta progresibotasun printzipioei hobeki egokituko zaiena.
Iradokizun hori egin da zenbait egoeretan aplikatzen den tarifa dela-eta herritarrek azaldu dituzten kexa eta kontsulten ondoren Nafarroako Arartekoak ofizioz hasitako ikerketaren barruan; izan ere, tarifa horren zerga-oinarria “establezimendu-unitatea edo jarduera ekonomikoen gainean alta emanda dagoen edo funtzionatzen dagoen jarduera izatea”, ordenantza fiskalean ageri den moduan.
Jarduera ekonomikoen gaineko zergaren epigrafeei esleitzen zaizkien tarifen taulak –dio Javier Enérizek– era guztietako emaitzak sortzen ditu. Esate baterako, ikastetxe bati 444 euroko urteko tarifa dagokion bitartean –alde batera utzita zenbat langile edo egoiliar dituen, zer tamaina duen, non dagoen kokatuta eta zenbateko azalera daukan–, langile autonomo bati 99,6 euroko tarifa aplikatzen zaio. Profesional batzuek beren jardueran aritzeko lokal bat konpartitzen duten kasuetan, berriz, horietako bakoitzak ordaindu beharko du tasa hori. Horrela, adibidez, bost profesional dituen abokatuen bulego bati guztira, urtean zehar, 498 euro ordaintzea dagokio zaborren zerbitzuagatik.
Zaborren tasa jarduera ekonomikoen gaineko zergako titular bakoitzari ordainaraztea –dio Javier Enérizek– neurrigabeko emaitzak sortzen ditu, eta horiek zuzendu egin beharko lirateke, edo kuota zehazteko finkaturiko irizpidearen ordez beste bat ezarriz –esate baterako, higiezinaren balio katastrala–, edo egungo tarifetan irizpide aldagarriak eta gutxieneko eta gehieneko topeak emanez, hain zuzen ere tasa berdintasun printzipioari hobeki egokitzeko.
Nafarroako Arartekoaren erakundeak azterlan konparatibo bat egin du Nafarroako mankomunitate batzuek onetsitako ordenantza fiskalei buruz, eta egiaztatu du guztiek ere modulazio-irizpide batzuk ezarriak dituztela, hain zuzen ere saihesteko Erriberako Hondakin Solidoen Mankomunitateak arlo hau arautzeko duen ordenantza fiskalaren aplikazioak sortzen duena bezalako ondorioak.
Partekatu edukia