Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoak erakunde ez-kolaboratzaileen erregistroan sartu du Cascanteko Udala, horrek ez baitio bertako biztanle batek aurkeztutako kexaren inguruan egindako gomendioari erantzun, eskakizuna behin eta berriro egin arren.
Kasuak Cascanteko biztanle batek aurkeztutako kexan du jatorria. Pertsona horrek bere aitaren etxearen ondoko gunearen egoera txarra salatu zuen, hain zuzen, zabor-edukiontzi batzuk dauden tokiaren egoera.
Nafarroako Arartekoak, gaia aztertu ondoren, gomendatu zion Cascanteko Udalari, kexan aipatu bezala, interesdunaren etxearen inguruan dauden edukiontzien kokapena inoiz etorkizunean aldatzeko aukera eragotzi gabe, gune hori garbitzeko eta behar bezala zaintzeko neurriak lehenbailehen har zitzala, auzokoei neurriz gaineko eta behar ez diren eragozpenak saiheste aldera. Halaber, lan horiek erregulartasunez edo aldizka egitea gomendatu zion.
Arartekoak, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeari jarraiki, bi hilabeteko epea eman zion Cascanteko Udalari, gomendioari erantzuteko eta hartuko diren neurrien berri emateko.
Legez ezarritako epean erantzunik jaso ez zuenez, Nafarroako Arartekoak beste bi aldiz eskatu zion toki-erakundeari bere iritzia, hain zuzen, 2015eko azaroaren 25ean eta 2016ko urtarrilaren 12an. Igorritako errekerimenduetan, Arartekoak gogorarazi zion Cascanteko Udalari bere betebeharra – erakunde ikuskatzaileari laguntza eskaintzeko.
Azkenean, erantzunik eman gabe jarraitzen duela ikusita, Nafarroako Arartekoak ulertu du udalak ez duela bere gomendioa onartu, eta ondorioz, jakitera eman du Cascanteko Udalaren laguntzarik eza.
Jarduerei amaiera emateko ebazpenean jasota dagoen bezala, Arartekoak Nafarroako Parlamentuari emango dio laguntzarik ezaren berri, erakundearen 2015eko jarduerari buruzko urteko txostena aurkeztean. Halaber, Nafarroako Arartekoaren erakunde ez-kolaboratzaileen erregistroan jasoko du udalaren jokabidea, Cascanteko Udala, eta hala badagokio, tokiko agintari arduraduna berariaz aipaturik.
Partekatu edukia