Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak Baztango Udala sartu du Administrazio Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan

2010 otsaila 12

Nafarroako Arartekoak Baztango Udala sartu du “Nafarroako Arartekoaren Erakundearekin kolaboratzen ez duten administrazio eta entitateen Erregistroan”. Herritar batek aurkezturiko kexari konponbide egokia emateko eta administrazio hori aipatutako erregistroan sartu behar ez izateko Baztango Udaleko alkatearekin komunikatzeko ahaleginak behin eta berriz egin direnez, inongo emaitzarik lortu gabe, erakunde honek premiatuta ikusi du bere burua udal hori administrazio ez-kolaboratzailea dela deklaratzeko.

2008ko abuztuan, herritar batek kexa bat aurkeztu zion Nafarroako Arartekoari Baztango Udalaren aurka. Kexa-idazkian azaltzen zuen ez zegoela ados udal tasa bat ordaindu behar izatearekin 2007ko abuztuan eginiko hirigintza arloko kontsulta batengatik. Tasarekin eta zorra ordaintzeko udalak eginiko gogorarazpenarekin ados ez zegoenez, herritarrak, 2007ko urriaren 29an, gora jotzeko errekurtso bat aurkeztu zuen udalaren aurka.

Kexa izapidetzeko onartu ondoren, 2008ko irailaren 8an, Arartekoak txosten bat eskatu zion udalari planteaturiko gaiari buruz. Udalaren erantzunik jaso ez zuenez, Arartekoak beste idazki bat igorri zion 2008ko azaroaren 12an, informazioa berriz ere eskatzeko, eta alkateari gogorarazi zion agintariek eta funtzionarioek, presaz eta lehentasunez, lankidetza eta laguntza eman behar diotela Arartekoaren erakundeari.

2008ko azaroaren 19an, udalak idazki labur bat bidali zion Arartekoari, eta bertan baieztatu zuen kobratutako tasa ordenantza fiskalaren araberakoa zela eta berraztertzeko errekurtsoa ebazteko hilabeteko epea luzez gaindituta zegoenez, errekurtso hori ezetsitzat eman beharra zegoela, ustezko egintzaren bidez.

Udalaren erantzun horrek Arartekoaren beste ebazpen bat ekarri zuen, hain zuzen ere 2008ko abenduaren 12an igorritakoa, non ebazten baitzuen udalaren jokaerak urratua zuela aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoaren berariazko ebazpena jasotzeko herritarrak zeukan eskubidea, zeren eta, legeak ezartzen duen bezala, sekula ez baita utzi behar administrazio-errekurtso bat edo herritar baten eskari bat erantzun gabe. Nafarroako Arartekoak, finean, bi hilabeteko epea ematen zion udalari jakinaraz zezan ea ebazpena onartzen zuen ala ez, eta, horrenbestez, adierazteko ea udal organoak berraztertzeko errekurtsoa ebatzi behar zuen ala ez.

Arartekoak, igorritako ebazpenaren erantzunik ere ez zuenez jaso, berriz ere eskatu zion udalari erantzun bat emateko, jakiteko era hartutako erabakia onartzen zuen ala ez; eta, ezezko kasuan, haren arrazoiak ezagutzeko. Halaber, toki entitateari ohartarazten zitzaion ezen, erantzunik jaso ezean, kasua Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharreko urteko txostenean sartuko zela, bai eta Administrazio Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan ere –azken hori, erakundearen webgunean ematen da argitara–.

Zenbait hilabete erantzunik jaso gabe iragan ondoren, 2010eko urtarrilaren 13an, Arartekoak erabaki zuen Baztango Udala 2009ko urteari buruz Nafarroako Parlamentuan aurkeztu beharreko txostenean eta Administrazio Ez-Kolaboratzaileen Erregistroan sartzea.

2010eko otsailaren 8tik 12ra bitarteko astean, Arartekoak alkateari zenbait dei egin badizkio ere kasuari konponbidea emateko, ez du haren erantzunik jaso, eta horrekin toki entitateak berriz ere ihes egiten die herritarren eskubideak bermatzeko dagoen Erakundearekin lankidetzan jarduteko eta hari lehentasuna emateko betebeharrei.

Partekatu edukia