Bilaketa aurreratua

Albisteak

Entrega del Informe Anual a Unai Hualde, Presidente del Parlamento de Navarra

Nafarroako Arartekoak 3.583 jarduketa egin zituen 2023an, Nafarroako Parlamentuko lehendakariari emandako urteko txostenaren arabera

2024 apirila 19

afarroako Arartekoak joan den urtean 3.583 jarduketa egin zituen guztira. Hori jaso da gaur goizean Patxi Verak Nafarroako Parlamentuko lehendakariari, Unai Hualderi, emandako 2023ko urteko txostenean.

Jarduketa horien artean, besteak beste, honako hauek daude: herritarren 1.869 kontsulta, kudeatutako 1.436 kexa, ofiziozko 28 jarduketa, 19 bitartekaritza-espediente, 8 hobekuntza-proposamen eta gizarte-erakundeekin 34 topaketa. Apartatu horietan guztietan aurreko urteko kopurua gainditu da. Guztira, 5.038 pertsonak jo dute Nafarroako Arartekora, eta horietatik % 53 gizonak izan dira eta % 47 emakumeak.

Administrazioek onartutako ebazpenen eta Nafarroako Arartekoak egindako ikerketetan ebatzitako espedienteen artean, guztira 628 kexa herritarren alde eman ziren, eta horrek erakusten du zer-nolako laguntza eskaini dien erakundeak herritarrei.

BERRIAK

Patxi Verak Unai Hualderi emandako dokumentuan aurreko urteetan agertzen ez ziren hiru berri jasotzen dira. Lehendabizi, ofiziozko jarduketen eta herritarren proposamenen azterketa bat, Garapen Jasangarriko Helburuen (GJHen) arabera, eta horrek aukera ematen du iaz kexekin hasitako ikuspegia osatzeko.

Bestalde, erreklamazio horiek zeharkako gaien arabera sailkatu dira “intersekzionalitatea” kontuan hartzeko. Horrela, honako bost atal handi hauetan sailkatu dira: haurtzaroa eta nerabezaroa, desgaitasuna eta mendekotasuna, nagusiak, generoa, eta arrazismoa eta xenofobia.
Azkenik, 2023ko txostenak agenda instituzionala ere badu. Bertan, egunez egun eta ordena kronologikoan, Nafarroako Arartekoak gardentasun handiagoa eskaintzeko garatutako jarduketak zehazten dira.

AITORPENAK

Nafarroako Ararteko Patxi Verak hau ziurtatu zuen: “zifra handietatik haratago, dokumentu honek egiaztatzen du gure erakundea zerbitzu erabilgarri, hurbil eta konfiantzakotzat hartzen duela gizarteak, herritarrak administrazio publikoekiko harremanetan babesteko orduan, eta administrazio horiei enpatia eta pertsonei zerbitzu emateko bokazio handiagoa eskatu behar dizkiegu”.

Bestalde, Unai Hualdek, Nafarroako Parlamentuko lehendakariak, hau adierazi zuen: "Arartekoaren urteko jarduketa-memoriek urtetik urtera berresten diote Parlamentuari Nafarroako herritarrek konfiantza dutela erakunde horretan administrazioarekin dituzten arazoak konpontzen saiatzeko”. Era berean, hainbat arlotan egiten ari den proposamen-lan garrantzitsua nabarmendu du, baita gure erkidegoko gizarte-eragileekiko eta -kolektiboekiko harremana areagotzea ere”.

Parlamentuan sartu ondoren, Patxi Verak Nafarroako Arartekoaren 2023ko urteko txostena aurkeztuko du Foru Araubideko Batzordean, ziur aski, apirilaren 30ean.

Informazio-ekitaldi hori uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 36.1 artikuluak arautzen du, eta bertan ezarrita dago Nafarroako Arartekoak “urtero emango diola egindako kudeaketei buruzko txostena Nafarroako Parlamentuari; ohiko bilkuraldian aurkeztu beharko dio txosten hori.”

 

Partekatu edukia