Bilaketa aurreratua

Albisteak

Nafarroako Arartekoak 2010eko txosten orokorra eman dio Nafarroako Parlamentuari

2011 iraila 02

Zuzentzen duen erakundearen 2010eko jardueren txostena eskuratu zion atzo Nafarroako Ararteko Javier Enériz Olaecheak Nafarroako Parlamentuko lehendakari Alberto Cataláni.

Nafarroako Arartekoak azpimarratu zuen gora egin duela erakundeak izapidetzen dituen kexen kontsulten eta gainerako jardueren kopuruak. Adierazi zuen joan den urtean erakundeak 2.751 jarduera egin zituela, 2009an baino % 3 gehiago eta 2007an –urte hartan hartu baitzuen Enérizek kargua– baino bi aldiz gehiago.

Erakundeak 1.150 kexa izapidetu eta ebatzi zituen (2009an baino % 7,6 gehiago), 1.506 kontsultari erantzun zion (% 39 gehiago aurreko urtean baino), ofiziozko 45 jarduketa egin zituen, herritarren 47 proposamen jaso zituen eta Parlamentuari hiru txosten berezi aurkeztu zizkion.

Gainera, Arartekoak 2010ean 271 ebazpen baino gehiago eman zituen, Nafarroako administrazio publikoentzako gomendio, iradokizun eta legezko betebeharren gogorarazpenekin, eta 800 inguru gainbegiratze-ikerketa egin zituen. Jasotako kexa guztietatik % 82 onartu zituen.

Nafarroako administrazio publikoek Nafarroako Arartekoaren erabakiak kasuen % 86an onartu zituzten, edo haien araberako konponbideak bideratu zituzten.

Txostena eskuratzeko ekitaldi honekin, Nafarroako Arartekoaren urteko txostenaren izapidetze parlamentarioa hasi zen. Txostena legegintza ganberaren aldizkari ofizialean argitaratuko da, behin Mahaiak eta Eledunen Batzarrak haren berri izan eta gero.

Txostena Nafarroako Arartekoak berak aurkeztuko du, lehenengo Foru Araubideko Batzordean, irailean zehar eginen den bilkura batean, eta aurrerago Nafarroako Parlamentuko Osoko Bilkuran

Partekatu edukia