Bilaketa aurreratua

Albisteak

Izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko eta intimitate pertsonal eta familiarrerako eskubideari buruzko kontsultak

2011 ekaina 16

Nafarroako Arartekoak jendearentzako informazio bulegoan zerbitzu bat jarri du izaera pertsonaleko datuak babesteari buruzko, intimitate pertsonal eta familiarrerako eskubideari buruzko edo administrazio elektronikoari buruzko kontsultak edo zalantzak erantzuteko, administrazio publikoei dagokienez.

Edozein pertsona fisikok zein juridikok, bai eta langile publikoek ere, izaera pertsonaleko datuak babestearen arloan aplikatzekoa den legediari buruzko edo intimitate pertsonal eta familiarrerako eskubideari buruzko zalantzarik baldin badu, kontsulta edo zalantzak idatziz aurkeztu ahal dizkiote Nafarroako Arartekoari, eta bertatik idatziz ere erantzunen zaie.

Herritarrek aitortua dute haiengan eragina duten datu pertsonalak babestuak izateko eskubidea. Halaber, aitortua dute intimitate pertsonal eta familiarrerako eskubidea, halako moduz non haien bizitza pribatua errespetatu behar baita. Bestalde, zenbait eskubide dituzte esleituta “administrazio elektronikoa” deitutakoa dela eta; besteak beste, arestian aipatutako biak.

Datu pertsonalen babesari buruzko legedia gero eta konplexuagoa eta zabalagoa da, eta ez da harritzekoa praktikan zalantzak izatea datu horien babeserako eskubidearen norainokoari buruz edo intimitaterako eskubidearen norainokoari buruz; bestela ere, zalantzak izan daitezke administrazio publikoei, interesdunen baimenik gabe, datu pertsonalak eman edo uzteko legezko kasuei buruz.

Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioan administrazio elektronikoa ezartzeari buruzko apirilaren 4ko 11/2007 Foru Legearen arabera, Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren eskumena da foru lege horretan herritarrei aitortutako eskubideen eraginkortasuna zaintzea, eskubide horiek urratzeagatik gertatzen diren kexei erantzutea eta Nafarroako Foru Komunitateko administrazioari eta haren erakunde autonomoei iradokizunak eta proposamenak egitea bere lege arau-emailean ezarritako moduan eta ondorioekin.

Herritarrei eta langile publikoei beren eskubideak eta betebeharrak ezagutzen laguntzeko, kontsulta-zerbitzu publiko hau eratu da. Zerbitzua erabiltzen erraza da eta ez du gastua handitzerik ekarriko.

Honakoa da kontsultak egiteko erabili beharreko helbide elektronikoa:

info@defensornavarra.com

Posta tradizionalerako helbidea, berriz, hauxe da:

Nafarroako Arartekoa

Emilio Arrieta kalea, 12 behea.

31002 Iruña

Partekatu edukia