Partekatu edukia
Irisgarritasun falta Ibili elkartearen aldarrikapen nagusienetako bat da. Irabazi asmorik gabeko elkarte horrek desgaitasun fisikoa duten pertsonen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko eta erabateko gizarteratzea lortzeko lan egiten du. Elkarte honetako ordezkariek atzo Patxi Verari azaldu zioten bezala, azken urteotan arlo horretan aurreratu egin da, baina oraindik bide luzea egiteko dago kirol, kultura eta bestelako instalazioetan, baita karriketan eta espaloietan ere, kasu askotan beherapenak ez baitaude aulki automatikoetarako erabat egokituta.
Ibili elkarteak, Nafarroako Desgaitasuna duten Pertsonen Ordezkarien Batzordean (CERMIN) sartuta dago, eta gaur egun 180 bazkide eta 10 boluntario inguru ditu. Bazkideei eta senideei kirol- eta aisialdi-jarduerak eskaintzen dizkie, baita fisioterapia- eta psikologia-zerbitzuak ere, desgaitasun-mailaren eta baliabide ekonomikoen arabera aldatzen diren prezioetan, baina merkatukoak baino eskuragarriagoak dira beti. Gaur egun, erakundea protokolo bat egiten ari da, anputatutako pertsonei egoera berrira egokitzeko prozesua errazteko.
Atzoko bileran Ibiliren aldetik, Sergio Alvarez presidenteak eta Luis Soria diruzainak hartu zuten parte. Nafarroako Arartekoaren bulegoaren aldetik, Patxi Vera titularra eta Susana Galilea kabineteburua izan ziren bileran.
Partekatu edukia