Bilaketa aurreratua

Albisteak

Hezkuntza Departamentuak onartu du Nafarroako Arartekoak eginiko iradokizuna, ikastetxeetako postuak adjudikatzeko prozesuetako zozketak publikoak izan daitezen.

2009 iraila 02

Nafarroako Gobernuko Hezkuntza Departamentuak onartu du Nafarroako Arartekoak eginiko iradokizuna, funts publikoekin ordaintzen diren ikastetxeetako postuen adjudikazio prozesuetan, bereziki haur hezkuntzakoetan, zozketak publikoak izan daitezen.

Hori guztia heldu da erakunde honetara iritsitako kexa batetik, non herritar batek azaltzen zuen, ikastetxe itundu batean, non postuen eskaria handiagoa baita eskaintzen direnak baino, matrikulazio prozesua gauzatzen dela ikastetxeak garatu eta Hezkuntza Departamentuak onetsitako baremoa aplikatuz.

Herritarrak adierazten zuen baremoa aplikatuta eskarien kopuruak gehiegizkoa izaten jarraitzen badu, zozketa bat egiten dela, baina zozketa hori, kasu zehatz honetan, Eskola Kontseiluak ateak itxita egin zuela, eta inplikatutako gurasoei ez zitzaiela aukerarik eman bertan egoteko, nahiz eta lehenengo unean, aurrez izena emateko unean hain zuzen ere, zozketa publikoa izanen zela jakinarazi zitzaien.

Herritar horrek zioen egoera horrek erabateko babesgabetasuna eragiten diela gurasoei, zeinek ikusten baitute beren seme-alaben etorkizuna ateak itxita egiten denez inongo bermerik ez duen zozketa baten bidez erabakitzen dela.

Hezkuntza Departamentuak jakinarazi zion zozketa publikoa izateari buruzko Eskola Kontseiluaren erabakia aukerakoa dela, eta organo horri etika bat aurresuposatzen zaiola, zeren eta jada ikastetxean dauden ikasleen gurasoek eta irakasleek osatuta baitago.

Egia izanik ere arauek ez dutela zehazten zozketak publikoa izan behar duenik, ez eta zozketa hori ikastetxeko Eskola Kontseiluan egin beharrekoa denik ere, nahiz eta hura izan inplikaturiko sektore guztien ordezkariak biltzen dituen organoa, Nafarroako Arartekoak iradokizun bat egin zion Hezkuntza Departamentuari, adjudikazioa egiteko zozketa beti publikoa izan dadin.

Horretarako, Nafarroako Arartekoak gomendatu zuen kasuko erregelamendua aldatzeko, uste baitu prozesu horretan gardentasuna aintzat hartu beharra dagoela, hori baita Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioak jarduteko eta funtzionatzeko dituen printzipio orokorretako bat.

Azkenean, Hezkuntza kontseilariak, Carlos Pérez-Nievasek, jakinarazi du iradokizuna onartu duela, eta konpromisoa hartu du postuak adjudikatzeko zozketak beti publikoak izan daitezen.

Partekatu edukia