Bilaketa aurreratua

Albisteak

Herri Lan Departamentuak onartu ditu autobideen hesien egoerari buruz eta lubetetan untxien gainpopulazioa kontrolatzeari buruz Arartekoak eginiko iradokizunak

2009 urtarrila 20

Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilari Laura Alba Cuadradok onartu ditu Nafarroako Ararteko Javier Enériz Olaecheak AP-15 eta AP-68 autobideetako hesien egoerari buruz eginiko iradokizunak, animalia basatiak bat-batean ager daitezen saihesteko eta lubetetan dagoen untxien gainpopulazioa behar bezala kontrolatzeko.

Departamentuari eginiko iradokizunak egin dira "ADECANA" Nafarroako Ehiztarien Elkarteak Nafarroako Arartekoaren erakundean kexa bat aurkeztu eta hura ontzat jo ondoren. Kexan azaltzen zutenez, arauen arabera derrigorrezkoa den arren errepide handi horietako perimetroan hesi bikoitza edukitzea, fauna bidean sar dadin eragozteko, gune batzuetan hesi hori hautsita dago, edo zati batean erorita, edo egoera txarrean.

Kexaren arabera, gainera, autobideko lubetetan untxi asko bizi dira, hain zuzen ere lubeta horietan egin dituzten zuloetan. Horrek arrisku handia dakar trafikorako eta kalte handiak eragiten ditu uztetan, zehazki Corellan, Cortesen, Tuteran, Ribaforadan, Ablitasen, Fontellasen eta Murchanten.

Nafarroako Arartekoak kexa dela-eta eginiko kudeaketei erantzuteko, Herri Lan, Garraio eta Komunikazio kontseilariak jakinarazi du iradokizunak onartu dituela eta gaiari buruz honako lanak egitea aurreikusi duela:

Autobideen ibilbide osoa hesituta egoteko betebeharrari dagokionez, azterlan pilotu bat egin da, Departamentuak enkargatua eta gainbegiratua. "Gestión Ambiental, Viveros y Repoblaciones de Navarra S.A." enpresa publikoak zuzentzen du. Faunaren arloko adituek eginiko azterlan horretan, autobideetako hesiak eta lotuneen baldintzak bertatik bertara gainbegiratu ondoren, fauna basatiak gaindi ditzakeen guneak zein diren zehaztu da. Azterlana 2009an zehar eginen diren egokitzapen lanen oinarria izanen da.

Halaber, onartu du Nafarroako Gobernuko beste departamentu batzuekin koordinazio-neurriak eta batera lan egiteko plan integralak sustatzea, untxien gainpopulazioaren eragin kaltegarriak arintzeko.

Hori guztia dela eta, kontseilariak iragarri du 2009-2016 aldirako Nafarroako Errepideen III. Plan Zuzendariaren zirriborroan "oraintxe prestatzen ari da", kontusail bat jartzea egungo azpiegitura hori hobetzeko, faunaren eraginak direla eta; horretarako, gainera, behar diren berariazko planak eginen dira, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuarekin lan eginez.

Iradokizunak onartzeari buruzko jakinarazpena Nafarroako Arartekoari igorri ondoren, azken horrek erabaki du kexa-espedientea amaitutzat ematea.

Partekatu edukia