Bilaketa aurreratua

Albisteak

Giza Eskubideen aldeko Espainiako Erregea Sariketako ekitaldi nagusira joan da Nafarroako arartekoa Alcalá de Henaresera

2007 apirila 11
  • Myrna Mack izeneko fundazioak Giza Eskubideen aldeko Espainiako Erregea II. Sariketako saria jaso du.
  • Myrna Mack fundazioko lehendakari Helen Mackek, batetik, giza eskubideen aldeko borrokan egin duen lanari eta, bestetik, bere ahizpa, Myrna Mack, epaiz kanpo exekutatu zutela-eta hori argitzeko egin duen lan nekezari esker ona adierazteko saria jaso du.

Javier Enériz, Nafarroako arartekoa, joan den asteazkenean, hilak 11, Giza Eskubideen aldeko Espainiako Erregea II. Sariketako saria Myrna Mack fundazioari emateko ekitaldi nagusian izan zen.

Alcaláko Unibertsitateko San Ildefonso eskola zaharreko ospakizun aretoan egin zuten ekitaldi horretan beste autonomia erkidego batzuetako arartekoak eta Espainiakoa, Enrique Múgica, izan ziren. Espainiako errege-erreginek eman zioten Myrna Mack fundazioko lehendakari Helen Macki Giza Eskubideen aldeko Espainiako Erregea II. Sariketako saria.

1990. urteko irailean, Guatemalako militarren diktadurak "barne etsai" jotzen zuen Myrna Mack antropologoa epaiz kanpo exekutatu zuten. Izu kanpaina baten errealitatea agerian jartzeko borroka egitea izan zen arrazoia: militarren bidez, Estatuak zerabilen errepresio politika, milaka herritar mendietara alde egitera eta jazarpena sufritzera, goseak egotera eta hiltzera bultzatu zituen errepresio politika.

Myrnaren ahizpa Helenek lan zail bati eta borrokari ekin zien Myrnaren hilketa argitzeko asmoz. Zuzenbidearen gaineko prestakuntza hartu eta Myrna Mack fundazioa sortu zuen. Hamahiru urtean egia agerrarazteko borrokatu zen, eta giza eskubideak bortxatzen zirela, ez zegoela justiziarik eta agintari ofizialek inpunitate osoz jokatzen zutela salatu zuen.

Helen Macken borrokak agerian utzi zuen Guatemalako zuzenbide sistemaren ahultasuna. Herrialde Amerikarren arteko Giza Eskubideen Gortera zuzendu zen kasua, eta 2003. urtearen bukaeran, zigor organo honek Guatemalako Estatuaren aurkako zigor epaia eman zuen, Myrna Macken hilketan, estaltzean eta justizia ukatzean izan zuen erantzukizunagatik.

Myrna Mack fundazioa, ordea, ez zen bere horretan gelditu, eta herrialde horretan giza eskubideak sustatzeko tresna eraginkor eta etengabea bihurtu zen eta mundu osoan ahulenen aldeko adibide.

Partekatu edukia