Partekatu edukia
Iruñeko Alde Zaharreko Bizilagunen Elkartearen eskariz, Etxebizitza eta Lurralde Antolamendu Departamentuari eta Iruñeko Udalari laguntza eskatu die Nafarroako arartekoak biziegokitasun sinestamenduak emateko dauden arazoak behin betiko konpontzeko asmoz. Izan ere, etxebizitza askok, batez ere alde zaharretakoek, ez dituzte biziegokitasunerako gutxieneko baldintzak betetzen eta, ondorioz, sinestamenduak lortzeko edo berritzeko arazoak izaten dituzte.
Era berean, Nafarroako Gobernuari eskatu dio bultza ditzala gaitasun tekniko nahikoa duten udalerriei, udal araudiaren bidez, beren esparruan dauden etxebizitzen biziegokitasun baldintzak ezartzeko eskumena emango dieten arauak.
Horrez gain, arartekoak proposatu du udalei biziegokitasun sinestamendua emateko eskuduntza ematea. Izan ere, bere ustez, horiek dira udalerri bakoitzeko alde zaharreko berezitasunak hobekien ezagutzen dituztenak eta, honenbestez, egokienak alde zahar horiek gordetzen eta berritzen lagunduko duten arauak ezartzeko.
Etxebizitza bat bizitzeko egokia izateko legez gaitzen du biziegokitasun sinestamenduak; izan ere, exijitzen diren gutxieneko baldintzak betetzen dituela bermatzen baitu. Egungo legediaren arabera, eraikin bat ezin izango da gizakien etxebizitza gisa erabili ez badu biziegokitasun sinestamendua indarrean.
2004. urteko foru dekretu batek arautzen ditu biziegokitasun sinestamenduak emateko baldintzak, eta etxebizitza berrietarako eta indarrean sartzen denean eraikita daudenetarako bete beharreko gutxieneko izaera dute.
Nolanahi ere, 2006. urtean etxebizitzen arauditik kanpo utzi ziren biziegokitasun sinestamendua lehenago jaulkita zuten etxebizitzak, baina berritzeko lanik egin ez zuten etxebizitzei sinestamendua berritzeko aukera ematen zitzaien.
Azken erreforma horren bidez, behin-behineko konponbidea eman zitzaien gutxieneko baldintzak betetzen ez zituzten eta aurreko araudiaren araberako biziegokitasun sinestamendua zuten Iruñeko alde zaharreko etxebizitzei. Hala eta guztiz ere, arau berri honen babesean egun lortzen den sinestamenduak adierazten du etxebizitzak ez dituela bizitzeko egokia izateko gutxieneko baldintzak betetzen, baina ez du zehazten zein diren ez-betetze horiek.
Hartara, Nafarroako arartekoaren iritziz, Etxebizitza Departamentuak etxebizitza batean bizitzea legez baimentzen duten baina, era berean, biziegokitasunerako gutxieneko baldintzak ez dituela betetzen onartzen duten biziegokitasun sinestamenduak ematen ditu.
"Ez dago zalantzarik: egungo araudiak irtenbide bat ematen badie ere kaltedunei -behin-behineko irtenbidea-, arauen baldintzetan kongruentziarik ez duela esan daiteke, eta, zuzenbideari dagokionez, hori ez-gomendagarria da guztiz", adierazi du Enérizek.
Laburbilduz, Nafarroako arartekoak uste du hartutako arau irtenbidea ez dela koherentea eta ezin dela mugarik gabe ezarri.
Partekatu edukia