Partekatu edukia
Cosladako Udalak isun baten zenbatekoa itzuli dio Tuterako herritar bati. Izan ere, herritar horrek Nafarroako Arartekoarengana jo eta alegatu zuen Cosladako Udaltzaingoaren trafiko-isun bat jasoa zuela, bigarren ilaran aparkatzeagatik, ez bera, ez bere autoa hiri horretan sekula egon gabeak ziren arren.
Herritarrak zehapenaren aurkako errekurtso administratiboa aurkeztua zuen, baina Cosladako Udalak hura onartu ez eta isuna ezarri zion, gainkarguarekin. Hori dela eta, Tuterako bizilagunak bere garaian salaketa-buletinaren kopia bat exijitu zuen, Cosladako Udaltzaingoa oker zegoela demostratu ahal izateko.
Udalak hura emateari ezezkoa eman zionez, zehapenaren aurkako errekurtsoa aurkeztu zuen berriz ere, eta alegatu zuen ezin zuela bere gain hartu egin ez zuen zerbait, eta ezin zuela zuzengabekeria hori onartu. Cosladako Udalaren erantzunean herritarrari jakinarazten zitzaion ordaindu ezean, autoa enkantean jarriko zela, eta, gainera, ibilgailua atxiki, garraiatu, gordailuan eduki eta enkantean jartzearen gastuak ordaindu beharko zituela. Guztira, 2.000 euro ziren; kopuru handia, beraz.
Cosladako Udalaren jokabide horren aurrean, Nafarroako herritarrak isuna ordaindu behar izan zuen, eta kexa bat aurkeztu zuen Nafarroako Arartekoaren bulegoan. Horrek, berehala, Gorte Nagusietako Herriaren Defendatzaileari igorri zion kexa, balizko gehiegikeria horri konponbidea eman ziezaion.
Partekatu edukia