Partekatu edukia
Nafarroako Arartekoa den Javier Enériz Olaechea jaunak eskatu dio Ingurumen Departamentuari Nafarroako Foru Komunitatean zarataren arazoa konpontzeko foru lege bat ebaztea komeni den aztertzeko.
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren kontseilaria den Begoña Sanzberro andreari igorritako idazki batean, Arartekoak azaltzen dio gero eta herritar gehiago kexatzen direla jarduera zaratatsuak pairatzen dituztelako. Izan ere, azken 30 hilabeteotan, kutsadura akustikoa dela eta, 40 kexa jaso dira.
Kexa hauen sorburua ondoko jarduerak izaten dira: tabernak (ohikoak zein bereziak), etxabeak, piperoak, harategiak, okindegiak, garraiobideak, garbiketa lanak, auzokideen arteko harremanak, etxeko animaliak, etab.
Javier Enérizek dionez: "Gero eta herritar gehiago salaketak aurkezteko beharrean daude. Anitzek jotzen dute erakunde honetara, beren kexen aitzinean administrazio publikoek (udalek gehienbat) utzikeriaz edo axolagabekeriaz jokatzen dutelakoan baitaude".
Horrela jarraitzen du Enérizek: "Halaber, kexa espedienteak berriro irekitzera behartuta dago erakundea, planteatutako arazoek bere horretan jarraitzen dutelako, nahiz eta administrazioak arazoa konpontzeko bidean zegoela adierazi edo arazoa konponduko zuela berariaz hitzeman".
Labur esanda, kutsadura akustikoarena edo zaratarena gero eta arazo larriagoa izanik, hiritarrek antzematen dute administrazio publikoek arazoaren aurrean erakutsitako jokaera eskasa eta alferra dela.
Hiritarren irudiko Nafarroako Toki Administrazioak ez dira batere eraginkorrak aurrea hartzeko, zuzentzeko, edo kautelazko neurriak hartzerako, hainbat arrazoi direla medio: tamaina txikia, modu eraginkorrean aritzeko gaitasun eskasa, arazoa bere ez egitea, utzikeria, edo, eskumenei dagokienez, axolagabekeriaz jokatzea. Hori dela eta, Arartekoaren iritziz egokia izan daiteke ebatz lezakeen lege arauak: "Foru Komunitateko Administrazioak jarduteko aukerak eraginkorrago bihurtzea, zuzenean berehalako ixteak gauzatzeko eskumenak izate aldera, hiritarren oinarrizko eskubideak urratzen direla antzematen den kasuetan".
Nafarroako Foru Komunitateak ingurumenaren eta pertsonak babestearen gaineko eskumenak ditu. Horregatik, Arartekoak eskatzen dio administrazioari aipatutako eskumenen arabera neurriak hartzeko, hiritarrari erasota, bere osasun psikikoa arriskuan jar dezaketen legez kanpoko zaratak eten daitezen.
Partekatu edukia