Bilaketa aurreratua

Albisteak

Arartekoak gomendatzen du udalaren kirol instalazioak erabiltzeko tasak egokitzea

2007 urria 30

Nafarroako Arartekoak Deikazteluko Udalari gomendatu dio udalaren kirol instalazioak erabiltzeko tasak arautzen dituen Udal Ordenantza egokitzea, erabiltzaileen artean erroldatzearen araberako desberdintasunik sor ez daitezen.

Erakundera igorritako kexa batean, udal igeritokien erabiltzaileek -erroldatuta ez zeudenek- esaten zuten anitzez gehiago ordaindu behar dutela erroldatuta daudenek baino, nahiz eta guztiek zerbitzu berberak jaso. Egoera horrek urratzen du berdintasun printzipioa, Espainiako Konstituzioaren 14. artikuluak jasotakoa, alegia.

Indarrean dagoen legeriaren arabera, Toki Araubidearen Oinarriak arautzen dituen Legeak Toki Entitateei kultur eta kirol jardueren edo instalazioen gaineko eskumena ematen die. Legeak xedatzen duenez, "zerbitzuaren arautzeak jaso ahalko ditu ahalbide ekonomiko gutxiago duten, edo babes berezia behar duten giza taldeen mesedetarako ebazpenak".

Horrez gainera, Toki Korporazioen Zerbitzuen Erregelamendua onartu duen Dekretuak hauxe gehitzen du: " Korporazioaren zerbitzu publiko bakoitzaren tarifa berdina izanen da prestazio eta baldintza berdinak jasotzen dituzten guztientzat. Hala ere, tarifa merkeagoak ezartzen ahalko dira diruz ahul dabiltzan giza taldeen mesedetarako."

Udalak argudiatzen du abonu batzuk beste batzuk baino garestiago ezarri direla "aire zabaleko kirol igeritokien" zerbitzua defizitarioa delako. Udalaren irudiko, errodatuta daudenek presio fiskal handiagoa pairatzen dute erroldatuta ez dauden pertsonek baino, zerbitzua mantentzea udalaren diru-kutxek ordaintzen baitute.

Hala ere, egia bada ere toki entitateen ekonomia baliabideak gehienbat elikatzen direla erroldatutako herritarrek aldika ordaintzen dituzten zerga, tasa eta prezio publikoetatik, arartekoaren irudiko "kirol instalazioen zerbitzuan defizita egotea ez da aski abonuen prezioen artean ezarritako desberdintasuna justifikatzeko".

Bestalde, Enérizek horrela argudiatzen du: "udal igeritokiak erabiltzeagatik ordaindu beharreko tasaren kopurua zehazterakoan, herri batean erroldatuta ez egotea ez da pisuzko arrazoia araudietan tratu desberdina xedatzeko".

Partekatu edukia