Partekatu edukia
Baztango alkate Virginia Alemanek eta Nafarroako Ararteko Javier Enérizek astearte honetan elkarrizketa luzea izan dute Baztango Udala Administrazio Ez-Kolaboratzaileen erregistroan berriki sartu izanari buruz, hain zuzen ere Nafarroako Arartekoak horixe erabaki baitzuen.
Elkarrizketa zintzoa izan da, erakundeen artean sorturiko arazoei konponbidea emateko asmoz egina.
Nafarroako Arartekoak Baztango Udalari buruz erabakia hartu eta berehala, Baztango alkateak Nafarroako Arartekoaren bulegora jo zuen, udalaren eta Arartekoaren artean sorturiko arazoei buruz pertsonalki galdetzeko, sinistuta udalak goi erakunde horrekin lankidetzan jardun beharra duela. Egiaztatu ahal izan da gertatutakoa udalaren prozesu administratiboan izandako akats baten ondorioa izan dela, eta soilik espediente jakin horri dagokiola.
Arartekoak alkateak azaldutako arrazoiak ontzat jo ditu, Baztango Udalak Arartekoari buruz eginiko aitorpena onartu du, eta agindu du deusezta dadin Baztango Udala Administrazio Ez-Kolaboratzaileen erregistroan sartzea.
Udal agintariak berretsi du Nafarroako Arartekoaren erakundearekin erabat lankidetzan jarduteko duen konpromisoa, helburu bera baitute: herritarrak beren eskubideez balia daitezen bermatzea eta zerbitzu publikoak hobetzea.
Udalek agintari nagusiak konpromisoa hartu du, horrela behar baitzuen, Nafarroako Arartekoak eginiko legezko betebeharren gogorarazpena onartzeko eta, horrenbestez, herritarren errekurtso administratiboei erantzuteko, eta nabarmendu du horrelaxe egin izan duela orain baino lehen ere, nahiz eta kasu jakin honetan, azaldutako arrazoiak direla medio, ezin izan zuen betebehar hori bete.
Alkateak, halaber, bermatu du udalak berriz aztertuko duela herritar kexa-egileak aurkeztutako berraztertzeko errekurtsoa, eta behar den erantzuna emanen diola, legeek auziaren sakoneko gaiari buruz ezarritakoaren arabera, Nafarroako Arartekoak gomendatu bezala.
Alkateak adierazi du ez dagoela ados Enérizek zuzentzen duen erakundearen objektibotasuna eta inpartzialtasuna auzitan jartzen duen inongo baieztapenekin, eta horri buruz egon daitekeen zalantza edo iritzi oro errefusatu du.
Bi aldeak ados daude baieztatzerakoan beren entitateen barneko protokoloak berrikusi behar dituztela, aurrerantzean bi erakundeen arteko lankidetza areagotzeko eta lankidetza hori guztiz positiboa izan dadin, herritarrek eskatu bezala eta bi erakundeek elkarri aitortu bezala.
Partekatu edukia