Bilaketa aurreratua

Albisteak

Visita a ADACEN

Arartekoak ADACENek irisgarritasunari, prestazioei eta belaunaldi-erreleboari buruz dituen kezkak entzun ditu

2024 urria 05

Patxi Vera Nafarroako Arartekoa Nafarroako Kalte Zerebralaren Elkartearen (ADACEN) egoitzara joan zen urriaren 2an, Mutiloan, eta hango arduradunekin bildu zen. Vera Susana Galilea kabineteburuarekin egon zen, eta, erakunde horren izenean, José Luis Herrera presidentea eta Andrés Ilundáin gerentea izan ziren anfitrioi.

ADACEN irabazi asmorik gabeko erakunde bat da, hartutako garuneko kalte jasan duten pertsonek eta haien familiek, langileek, boluntarioek eta lanarekin sentsibilizatuta dauden pertsona edo talde guztiek osatua. Gaur egun, eguneko zentro bat dute, 31 plazarekin, eta egoitza txiki bat, bederatzi plazarekin eta atsedenerako beste batekin. Erakundea bere familia-arreta pertsonalizatuagatik nabarmentzen da; hala, adibidez, ziurtapen-zigilu bat du UNE-EN ISO 9001:2015 arauan, "Eguneko zentroa, egoitza eta paziente kronikoentzako asistentzia anbulatorioa" izenekoan.

Topaketa ADACENeko arduradunekin

Nafarroako Arartekoaren bileran, elkarteko arduradunak kezkatuta agertu ziren beren batzarretara joaten diren pertsonen artean belaunaldi-erreleborik ez dagoelako. Era berean, deitoratu egin zuten desgaitasunaren balorazioen berrikuspena urtebete arte luzatzen ari dela, eta mendekotasunarenak ere ezarritako hiru hilabeteko mugara hurbiltzen ari direla.

Bestalde, baremoetan aldaketak egin direla salatu zuten, eta, beraz, prestazio txikiagoak jasotzen dituztela. Prestazio ortopedikoen kasuan, berriz, moteldu egin dira, orain zenbait txosten mediko behar baitituzte. Azkenik, garraio publikoaren (billabesak eta taxiak) irisgarritasuna hobetzeko eskatu zuten, bai eta erabiltzaileek beren kontsumo pertsonalerako libre dutena berrikusi eta egungo errealitatera egokitzeko ere; izan ere, bizitzaren kostua handitu egin da, eta horrek, logikoa denez, eragina du erabiltzaileek erosteko duten gaitasunean.

Behar eta eskaera horiek ezagututa, Nafarroako Arartekoak bere burua eskaini zuen laguntza emateko eta bere jarduera-eremuan ADACENek helarazten dizkion kexei erantzuteko.

Partekatu edukia