Bilaketa aurreratua

Albisteak

Aragoiko Justiziak erkidego horretako etxebizitza sozialari buruzko txosten berezia egin du

2021 abendua 02

Aragoiko Justiziak etxebizitza sozialari buruzko txosten berezia egin du. Erakundearen ustetan, Aragoiko etxebizitza sozialen parkeak ez die erantzuten herritarren premiei eta 2008ko krisiaren ostean, pandemiaren ondorioekin, gainezka egin du. Erakundearen iritziz, orain dagoen parkea ez da nahikoa duela urte askotatik hona.

Gaiari buruz egindako azterketa xehatuan antzemandako gabezia nagusien artean, erkidegoko etxebizitza sozialen multzoa biltzen duen datu-baserik ez egotea nabarmentzen du Aragoiko Justiziak, eta alokairu egokiko etxebizitzen kontzeptuarekin sortzen den nahasketa, baita sarbide-sistemen homogeneotasun faltagatik sortzen diren diskriminazio-egoerak ere.

Horrez gain, baliabideen kronifikazioa, erabilera txarra eta blokeoa kritikatu ditu, etxebizitza-merkatu librera igarotzeko tresnarik ez dagoelako; horretara iritsi beharko litzateke integrazio-prozesua amaitu ostean. Eta adierazten du landa-ingurunean ia ez dagoela baliabiderik erakunde nagusiek kalteberatasun-kasuak hautemateko sinatutako hitzarmenaren inguruan, eta horrek berekin dakarrela herritar batzuek ez ordaintzeagatiko etxegabetzea “bilatzea”, hitzarmena aplika dakien eta, horrela, itxaron-zerrendak saihesteko.

Aragoiko Justiziak, egin dituen gomendioen artean, proposatzen du Aragoiko etorkizuneko Etxebizitza Legeak etxebizitza sozialaren kontzeptua eta hura eskuratu dezaketen herritarren profila argitzea, betekizunak ezarriko dituen oinarrizko araudi baten eta erabilera-motak eta xede dituen kolektiboak zehaztuko dituen datu-base baten bidez. Horrez gain, Etxebizitza Sozialen Poltsak sektoreko erakunde sozialei partaidetza handiagoa ematea gomendatzen du, eta administrazioen arteko hitzarmenak bereizketa egitea alokairu sozialeko etxebizitzen eta hitzarmenetik kanpo esleitu daitezkeen etxebizitzen artean.

Azkenik, etxebizitza sozialari buruzko lan-mahai iraunkorra sortzea iradokitzen du, Aragoiko Gobernuko Etxebizitzako Zuzendaritza Nagusiaren zuzendaritzapean. Sentsibilizazio-kanpainak ere bultzatu nahi ditu hutsik dauden etxebizitzen jabeek etxebizitzak alokairu sozialeko proiektuetarako laga ditzaten, landa-ingurunean bereziki. Gaur egun Aragoiko Gobernuak mota horretako 807 etxebizitza ditu eta kopuru hori bikoiztu egin nahi du Aragoiko Justiziak.

 

Partekatu edukia