Bilaketa aurreratua

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q21/938), zeinaren bidez, Arbizuko Udalari gomendatzen zaio, oraindik egin ez badu, udal titulartasuneko edo ardurapeko eraikinetan aipatzen diren pintadak ezabatzeari ekin diezaion kexa.

Arbizuko alkatea

Alkate jauna:

1. 2021eko irailaren 22an, instituzio honek [...] idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Arbizuko Udalaren aurrean, herrian agertutako pintada batzuengatik.

Idazki hartan, hauxe zioen:

“Jakinarazi nahi dizut Arbizun (Nafarroa) hainbat pintada aurkitu ditugula eta erreferentzia egiten dietela ETAko presoen amnistiari eta ezker abertzaleak Segurtasun Indar eta Kidegoei zuzendu ohi dien “alde hemendik” horri.

Pintadak Kale Nagusiko 1. zenbakian dagoen ikastetxe publiko batean aurki daitezke, zehazki Uhalde kaleko Kattuka haur eskolan eta udal frontoiaren aurrean. Pintaden argazkiak helarazten dizkizut.

Mesedez eskatu nahi nizuke Nafarroako Ararteko gisa Udalari eska diezaiozun pintada horiek ezabatzeko”.

2. Ondoren, erakunde honek Arbizuko Udaletxera eta Hezkuntza Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Hezkuntza Departamentuak bidalitako txostenean, honako hau adierazten da:

“Hezkuntzari buruzko maiatzaren 3ko 2/2016 Lege Organikoaren hamabosgarren xedapen gehigarriak bigarren paragrafoan ezartzen duenez, dagokion udalerriari dagozkio haur hezkuntzako, lehen hezkuntzako edo hezkuntza bereziko ikastetxe publikoetako eraikinak kontserbatzea, mantentzea eta zaintzea. Eraikin horiek ezin izango dira beste zerbitzu edo helburu batzuetarako erabili dagokion hezkuntza-administrazioaren aldez aurreko baimenik gabe.”

Arau horren arabera, pintadak egiten badira Arbizuko Haur eta Lehen Hezkuntzako egungo ikastetxe publikoaren fatxadan, herri horretako Udalari dagokio horiek kentzea, hari dagokiolako eraikina behar bezala kontserbatzea.

Nolanahi ere, Arartekoak bidalitako argazkietan ez da ikusten gaur egungo Arbizuko Haur eta Lehen Hezkuntzako Ikastetxe Publikoaren eraikinik, baina badirudi argazkietako bat herriko ikastetxea hartzen zuen eraikin zaharrari dagokiola; edozein kasutan, Arbizuko Udalaren jabetzakoa da. Beraz, kaltetutako ondasunaren jabeak kendu behar ditu pintadak, hots, Arbizuko Udalak. Arartekoak jada adierazi du harengana jo duela”.

 3. Arbizuko Udalak bidalitako txostenean, honako hau adierazten da:

“Aldez aurretik adierazi nahi du txostenari erantsitako pintada gehienak euskal presoei elkartasuna adierazteko direla, eta ez dutela inola ere eduki ez-zilegia edo delituzkoa.

Nolanahi ere, Udalak, bere eskumenak baliatuz eta, zehazki, eraikin publikoak mantentzeari dagokionez, hormak garbitu eta aldian-aldian margotzen ditu, betiere eskura dituen bitarteko mugatuen arabera”.

4. Aipatu den bezala, Arbizuko Udalaren titulartasuneko eraikin publikoetan hainbat pintada daudela salatu da kexaren bidez.

Interes orokorra Administrazio publikoak objektibotasunez ematen duen printzipio finkatu bat da. Hori dela eta, honelako edo antzeko egoeretan, hau da, eduki politiko edo ideologiko jakin batzuk agertzen direnean (anonimoak eta noizbehinkakoak) komunitate osoari zerbitzu publikoa ematen dioten eta titulartasun edo erantzukizun publikoa duten eraikinetako hormetan edo elementuetan, erakundeak honako hau gomendatzen du: edukiak eraikin horietan luzaroan egotea saihestuko da, administrazio-jarduera inspiratzen duten objektibotasun-, inpartzialtasun- eta neutraltasun-printzipioei jarraiki. Alde batera utziko da ea pintadek adierazpen-askatasunari erantzuten dioten edo eduki zilegia edo delitukoa ez dena daukaten; izan ere, ez da askatasun edo eduki hori epaituko, baizik eta edukia anonimoa eta objektibotasun-printzipiotik kanpokoa izatea, tokiko komunitate osoarenak diren eta, espazio komun gisa, eduki jakin salbuestea eskatzen duten eraikin publikoetan.

5. Nafarroako Toki Administrazioari buruzko uztailaren 2ko 6/1990 Foru Legeak 110.1 artikuluan ezartzen duenez, Nafarroako toki erakundeek zaindu egin behar dute beren ondareko ondasunak eta eskubideak kontserbatzen direla, eta horiek defendatzeko beharrezkoak diren ekintzak gauzatu behar dituzte.

Horregatik, erakunde honek beharrezko ikusten du Arbizuko Udalari gomendatzea, dagoeneko egin ez badu, kexan aipatzen diren titulartasun edo udal-erantzukizuneko eraikinen gaineko pintadak kentzeko.

6. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Arbizuko Udalari gomendatzea, dagoeneko egin ez badu, kexan aipatzen diren titulartasun edo udal-erantzukizuneko eraikinen gaineko pintadak kentzeko.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Arbizuko Udalak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2021. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia