Partekatu edukia
Hezkuntza Kontseilaria
Kontseilari jauna:
1. 2021eko irailaren 14an, instituzio honek [...], bertan adierazi zenuen ez zeudela ados Orkoiengo Auzalar ikastetxe publikoko D eredura doazen ikasleak garraiatzen dituen autobus-zerbitzuko zaintzaileek ez dutelako euskaraz ulertzen eta hitz egiten.
Idazki hartan, hauxe zioen:
a) Garraio‑zerbitzuen enpresak kontratatutako zaintzaileek gaztelania hutsez hitz egiten dute haurrekin, eta, beraz, ez dira haien hizkuntza‑eskubideak errespetatzen ari.
b) Hiru aldiz baino gehiagotan jakinarazi diote ikastetxeari, baina ikastetxearen erantzuna beti izan da zaintzaileen kontratazioa eta kudeaketa lehiaketa irabazi zuen enpresari dagokiola.
c) Enpresa esleipendunaren ordezkariarekin ere harremanetan jarri dira, eta kontratuaren baldintza prekarioak direla-eta, ez dute aukerarik izan euskararen ezagutza bermatzeko.
d) Eskola garraioa eta hezkuntza sistemaren barruko gainerako zerbitzuak Hezkuntza Departamentuaren ardura izan beharko liratekeela uste dute.
e) Gainera, beharrezkoa da eskola‑garraioko zaintzaileek euskaraz bizi diren haurren hizkuntza‑eskubideetarako euskara ulertzea eta hitz egitea, eta hezkuntza‑prozesu osoan txertatzea, baina, era berean, ezinbestekoa da horien segurtasuna bermatzeko.
f) Eskola-garraioaren antolamendua eta funtzionamendua arautzen dituen 102/2017 Foru Aginduak ezartzen du Hezkuntza Departamentuari dagokiola zerbitzua ikuskatzea eta gainbegiratzea, hargatik beste sail batzuen eskumenak eragotzi gabe. Gainera, ikastetxeetako zuzendaritza‑taldeek ere ikuska dezakete enpresa esleipendunek zerbitzua behar bezala ematen dutela.
g) 102/2021 Foru Agindu berak zaintzaileen egokitasunari buruz hitz egiten du. Beraz, kasu honetan, euskaraz bizi diren haur horiekin garraio‑zerbitzua eskaintzen dutenek euskara jakiteko betebeharra izan beharko lukete, premiazkoa baita haur horien segurtasuna bermatzeko.
Horregatik guztiagatik, “hurrengo ikasturteko eskola‑garraioaren kontratuaren baldintzetan hizkuntza‑eskakizunen betebeharrak zehazteko” eskatzen dute. Era berean, “Hizkuntza Eskubideen Behatokitik, Nafarroako Hezkuntza Departamentuari eskatzen diogu euskarazko hizkuntza‑irizpideak txerta ditzala D ereduan matrikulatutako haurren eskola-garraioaren esleipenetan”.
2. Ondoren, erakunde honek Hezkuntza Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.
Honako hau jartzen du jaso genuen txostenean:
“Eskola-garraioaren kontratazioa prozedura irekiko lizitazio bidez egiten da, Kontratu Publikoei buruzko 2018ko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak araututa.
Orkoien/Orcoyen CPIEP Auzailar eta CPEIP San Miguel ikastetxeek partekatzen dituzte eskola‑garraioko ibilbideak, eta eskolatzeko hizkuntza‑eredu guztiak hartzen dituzte.
Administraziokoak ez diren enpresa esleipendunek ematen dute eskola‑garraioko zerbitzua, eta zerbitzu‑kontratu baten esleipendun dira, prozedura irekiko lizitazio baterako eskaintzaren bidez. Lizitazio hori Kontratu Publikoei buruzko apirilaren 13ko 2/2018 Foru Legeak arautzen du, gardentasuna eta aukera‑berdintasuna sustatzen ditu, eta enpresa lizitatzaileen lehiari lagundu behar dio, lehia askea mugatu gabe, eta, beraz, ez du mugatuko eskola‑garraioko zerbitzu lizitatuetan parte hartzea. Hori horrela, euskara jakitea ezin da baldintza baztertzailea izan, eta, horregatik, ibilbide horretako kontratua edo beste edozein kontratu kalitate/prezio onena duen eskaintzari esleituko zaio, oro har. Garraio‑zerbitzuaren zaintzaileak enpresa esleipendunek zuzenean kontratatutako langileak dira.
Adierazitako eskola-garraioko zerbitzua ez da Administrazioaren berezko langileekin ematen.
Horregatik guztiagatik, kontuan hartuta eskola‑garraioko zerbitzuak ez direla bereizita ematen hizkuntza‑ereduen arabera, baizik eta garraiatutako guztiek partekatzen duten zerbitzu osagarria dela, eta zaintzaileak enpresen berezko langileak direla, ezin da kontuan hartu zerbitzuak ematean euskara jakitea eskatzea”.
3. Adierazi den bezala, kexa aurkeztu da Orkoieneko Auzalar ikastetxe publikora D ereduan ikasteko joaten diren ikasleek eskola‑garraioko zaintzaileek euskara ez dakitelako.
Hezkuntza Departamentuaren aldetik, transkribatu den txostena igorri da.
4. Euskarari buruzko abenduaren 15eko 18/1986 Foru Legeak 1.2 artikuluan adierazten duenez, hauek funtsezko helburuak dira:
“a) Herritarrek euskara jakin eta erabiltzeko duten eskubidea babestea eta hori betetzeko tresnak zehaztea.
b) Euskararen berreskurapena eta garapena babestea Nafarroan, euskararen erabilera sustatzeko neurriak adieraziz.
c) Euskararen erabilera eta irakaskuntza bermatzea, borondatezkotasun-, mailakatze- eta errespetu-irizpideei jarraikiz, Nafarroako errealitate soziolinguistikoaren arabera”.
Euskarari buruzko abenduaren 15eko Foru Legeko 17. artikuluaren arabera, eremu mistoari buruzkoa, “herritar guztiek euskara nahiz gaztelania erabiltzeko eskubidea dute Nafarroako Administrazio Publikoei zuzentzeko”.
Bestalde, eremu mistoan euskaraz ikasteko eskubidea aipatutako Foru Legearen 25. artikuluan jasota dago.
5. Nafarroako administrazio publikoetan, beren erakunde publikoetan eta zuzenbide publikoko mendeko erakundeetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuko 3. artikuluak oinarrizko honako helburu hau ezartzen du lege-aurreikuspen horren garapenean: “Eremu mistoan, herritarrek Nafarroako administrazio publikoetara, haien erakunde publikoetara eta zuzenbide publikoko mendeko erakundeetara jotzeko euskara nahiz gaztelania erabiltzeko duten eskubidea ahalbidetzea” [1 b) atala].
Eta Administrazioaren zerbitzuak emateari dagokionez, eskola‑garraioaren kasuan bezala, eskolatzearen zerbitzu osagarri gisa eratuta baitago, aipatutako Foru Dekretuaren zortzigarren xedapen gehigarriak honako hau ezartzen du: “Zerbitzu publikoen kudeaketa emakida bidez zeharka egiten denean, eta zerbitzu horien titulartasuna duten administrazio publikoei aplikatzekoak zaizkienean Euskarari buruzko Foru Legea eta Foru Dekretu hau, behar diren neurriak hartuko dira zerbitzu publiko horiek herritarren hizkuntza-eskubideak errespetatuz emanen direla”.
6. Hezkuntza kontseilariak emandako azaroaren 13ko 102/2017 Foru Aginduak, Nafarroako Foru Komunitatean eskola-garraioaren antolaketa eta haren funtzionamendua, eta eskola-jantokirako banakako laguntzak arautzen dituenak, xedatzen du Nafarroako Gobernuak Foru Dekretuen bidez ―martxoaren 13ko 69/1995 Foru Dekretua, martxoaren 13ko 150/1996 Foru Dekretua eta martxoaren 30eko 109/1998 Foru Dekretua― finkatutako eskola-zonifikazioaren arabera dagokien ikastetxe publikoan eskolatuta dauden ikasleek eskola-garraioaren zerbitzua jasotzeko eskubidea dutela, aurreko atalean adierazitako baldintzak betez, baldin eta herri artean mugitzea eskatzen badu ikastetxea ikaslearen ohiko bizilekua ez den herri batean egoteagatik, salbu eta Hezkuntza Departamentuak zehaztutako ezohiko baldintzak badaude edo Hezkuntza Bereziko ikastetxe publikoetan eskolatutako ikasleak badira, edo desgaitasun fisikoa, psikikoa edo sentsoriala izateagatik hiri-garraio publikoa erabiltzerik ez duten ikasleak badira.
Hori horrela, Foru Agindu horretako 3. eta 4. artikuluek diote eskola-garraioaren zerbitzua antolatutako garraio kolektibo bidez eskainiko dela, Hezkuntza Departamentuak kudeatuta eta finantzatuta.
7. Aipatutako kasuan, eremu mistoko hainbat udalerritan bizi diren eta eremu mistoan dagoen D ereduko ikastetxe batera joaten diren ikasleek ezin dute euskaraz jardun eskola‑garraioko zerbitzu publikoa emateko ardura dutenekin.
Aintzat hartuta aipatutako baldintzak, aurrez azaldutako arau-testuingurua eta Euskararen Foru Legeak jasotzen dituen funtsezko helburuak, euskara erabiltzeko herritarren eskubidea bermatzen duena eta Nafarroan berezkoa den hizkuntza berreskuratu, garatu eta sustatzen duena, eta zerbitzu publikoak herritarren hizkuntza‑eskubideak errespetatzeko beharrezkoak diren neurriak hartzeko Administrazioak duen betebeharra kontuan hartuta, erakunde honek beharrezkotzat jotzen du Hezkuntza Departamentuari gomendatzea beharrezko neurriak hartzeko eremu euskaldunean bizi diren eta eremu berean kokatutako D ereduko ikastetxeetara joaten diren ikasleen garraio-zerbitzua euskara dakiten pertsonek eskain dezaten.
8. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:
Hezkuntza Departamentuari gomendatzea beharrezko neurriak har ditzan D ereduko ikastetxeetara joaten diren ikasleen garraio‑zerbitzua euskara dakiten pertsonek eskain dezaten.
Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Hezkuntza Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.
Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2021. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.
Adeitasunez, zure erantzunaren zain,
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia