Bilaketa aurreratua

Nafarroako Arartekoaren Ebazpena (Q21/500), zeinaren bidez Lurralde Kohesioko Departamentuari N-121-A errepidean, Etxalarko Ventas eta Arraitzeko Ventas-en jarritako bide-seinale informatiboen seinaleztapena gomendatzen zaio. elebidun egin

Lurralde Kohesiorako Kontseilaria

Kontseilari jauna:

1. 2021eko maiatzaren 18an, instituzio honek [...] jaunaren idazki bat jaso zuen. Horren bidez, kexa bat aurkeztu zuen Lurrade Kohesiorako Departamentuaren aurka, hainbat seinaleen errotulazioa soilik gazteleraz egoteagatik.

2. Ondoren, erakunde honek Lurralde Kohesiorako Departamentura jo zuen, gai horri buruzko informazio eske.

Honako hau jartzen du 2021eko ekainaren 4an jaso genuen txostenean:

“N-121-A errepideko Etxalarko Bentetan eta Arraizko Bentetan instalatutako bi seinaleak Trafiko Zuzendaritza Nagusiak jarri ditu eta, beraz, erakunde horretan aurkeztu beharko du kexa.

5+550 KP (Ezkabako tunelen glorieta) eta 10+500 KP (Olabeko zeharbidea) arteko N-121-A errepidea 2+1 bide bihurtzeko obren behin-behineko seinaleak laster batean bi hizkuntzetan jartzeko agindua eman da. Proiektuan onetsitako errepide horren behin betiko seinaleak gaztelaniaz zein euskaraz joanen dira”.

3. Txosten honetan aurreikusitako informazioa ikusi ondoren, eta Trafikoko Zuzendaritza Nagusira igortzen zenez, erakunde honek Gorte Nagusiek izendatutako Arartekoari helarazi zion kexa, eta egin beharreko izapidea egin zen.

Izapide horretatik, honako hau azpimarratu behar da:

a) Trafiko Zuzendaritza Nagusiak dio bidearen titularraren erantzukizuna dela seinale bertikalak eta bide-markak jartzea eta kontserbatzea, eta ez Trafikoko Zuzendaritza Nagusiarena.

b) Errepideetako Zuzendaritza Nagusiak adierazi du Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioak ez duela eskumenik Nafarroatik igarotzen diren errepideen gainean.

c) Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentutik jaso zuen informazioa aztertu ondoren, Gorte Nagusiek izendatutako Arartekoak ez zuen irregulartasunik ikusi Administrazioaren jardunean, kexa izapidetzen jarraitzea justifikatu ahal izateko, eta amaitu egin zen.

4. Gorte Nagusiek izendatutako Arartekoaren erabakia ikusi ondoren, 2022ko otsailaren 14an kexaren egileak idazki bat aurkeztu zuen erakunde honen aurrean, honako hau alegatzeko: Gorte Nagusiek izendatutako Arartekoaren aurrean gertatutakoa ikusi da, eta erakunde honek 2021eko uztailaren 4an jaso zuen Nafarroako Gobernuaren Lurralde Kohesiorako Departamentuaren txostenean jasotzen zena ez zen egia eta, ondorioz, jatorriz erakunde honi 2021eko maiatzaren 18an egindako eskaerak berretsi zituen.

5. Ondoren, erakunde honek Lurralde Kohesiorako Departamentura jo zuen, eta gai horri buruzko informazioa eskatu zion berriro.

2022ko apirilaren 13an jasotako txostenak honako hau zioen:

 “Berresten da N-121-A errepidean, Ventas de Etxalarren eta Ventas de Arraitzen, jarritako seinaleak, radar bidezko abiadura-kontrolari buruzkoak, Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak (TZN) jarri dituela; hori Barne Ministerioaren mende dago, eta ez Garraio, Mugikortasun eta Hiri Agenda Ministerioaren mende; izan ere, Arartekoak egindako informazio-eskaeraren aurrean adierazi zuen ez duela eskumenik Nafarroako Foru Komunitateko errepideen gainean.

2020 urriaren 23an, TZNak baimena eskatu zion  Nafarroako Gobernuko Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiari N-121-A errepideko bi puntutan bat-bateko abiadurako zinemometroak eta kartelen bidezko aurreabisu-seinaleak instalatzeko, tarteen hasiera banatan PG-3 eta 8.1-IC instrukzioaren arabera instalatuta, bai eta tarte osoan gogorarazteko seinaleak jartzeko ere.

Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak, azaroaren 5eko 837/2020 Ebazpenaren bidez, baimena eman zion Trafiko Zuzendaritza Nagusiari N-121-A prestazio handiko errepidean bi zinemometro autonomo jartzeko. Iruña-Behobia; bat ezkerreko ertzean, 25+700 kp eta beste bat eskuineko ertzean, 60+200 kp, eta abiadura-kontroleko aurreabisu‑kartelak eta segurtasun-hesia jartzea (esp.: AOP 2020/433).

Era berean, errepideetako errotulazioan euskararen erabilerari buruz beste espediente batzuetan azaldutakoa errepikatu behar da: Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Foru Dekretuko 21.4 artikulua baliogabetzeak ez du behartzen bi hizkuntzak, gaztelania eta euskara, erabiltzera bide‑seinaleetako informazio‑elementuetan”.

6. Jasota geratu den moduan, N‑121-A errepidean jarritako bide‑seinale batzuk gaztelania hutsean errotulatu direlako aurkeztu da kexa.

Gorte Nagusiek izendatutako Arartekoaren aurrean eta erakunde honen aurrean espedientea izapidetzean bildutako informazioaren arabera, honako hau onartzen da:

a) Estatuko Administrazioak ez du eskumenik Nafarroatik igarotzen diren errepideen gainean.

b) Eztabaida sortu duten seinaleak Trafikoko Zuzendaritza Nagusiak jarri ditu, eta Nafarroako Gobernuko Herri Lanen eta Azpiegituren Zuzendaritza Nagusiak horretarako baimena eman dio.

Aldiz, honako hau eztabaidatzen da:

a) Nafarroako Gobernuak seinaleei dagokionez duen erantzukizuna. Honek Trafikoko Zuzendaritza Nagusiari egozten dio erantzukizuna, eta hark, aldi berean, Nafarroako Gobernuari.

b) Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Foru Dekretuko 21.4 artikulua baliogabetzeko eman zuen Epaiaren ondoren, eremu euskaldunean bide-seinaleak euskaraz eta gaztelaniaz errotulatu behar dira.

7. Seinaleen gaineko erantzukizunari dagokionez, Trafikoari, Ibilgailu Motordunen Zirkulazioari eta Bide Segurtasunari buruzko Legearen testu bategina onartzen duen urriaren 30eko 6/2017 Legegintzako Errege Dekretuaren 57. eta 58. artikuluek ezartzen dute seinaleen gaineko erantzukizuna bidearen titularrari dagokiola.

Kasu honetan, Estatuko Administrazioak Nafarroako errepideen gaineko eskumenik ez duela onartzen den heinean, N‑121-A errepidearen titularra Nafarroako Gobernua da, eta, ondorioz, seinaleak Trafiko Zuzendaritza Nagusiak instalatu dituen arren, Nafarroako Gobernua da errepide horren arduraduna.

8. Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak Nafarroako administrazio publikoetan euskararen erabilera arautzen duen 103/2017 Foru Dekretuko 21.4 artikulua baliogabetzeko eman zuen Epaiaren eraginari dagokionez (epai horrek  bide-seinaleak euskaraz eta gaztelaniaz errotulatzera behartzen zuen), erakunde honek Q21/935 espedientean azpimarratu zuenez, Lurralde Kohesiorako Departamentuak dioenaren aurka, artikulu hori baliogabetzeak ez du esan nahi bide-seinaleetan gaztelania eta euskara erabiltzea aukerakoa denik, baizik eta, aipatutako epaiak adierazten duen moduan, eremu bakoitzean dagoen euskararen erabilera-araubidearen araberakoa izan behar duela.

Gauzak honela, seinaleak eremu euskaldunean ezarrita dauden heinean, errotulazioak elebiduna izan beharko du, horrela xedatzen baita, oro har, Nafarroako administrazio publikoetan, haien menpeko erakunde publikoetan eta zuzenbide publikoko erakundeetan euskararen erabilera arautzen duen azaroaren 15eko 103/2017 Foru Dekretuko 10. artikuluan (irudiari, abisuei eta argitalpenei buruzkoa), bai eta hizkuntzaren izaera koofizialetik eratortzen delako ere.

Hori dela eta, erakunde honek beharrezkoa ikusten du Lurralde Kohesiorako Departamentuari gomendatzea N-121-A errepidean, Ventas de Etxalarren eta Ventas de Arraitzen, bide-seinaleen errotulazioa bi hizkuntzetan egiteko.

9. Beraz, eta Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.1. artikuluak ematen dizkion eskumenen arabera, hau jo du beharrezkotzat:

Lurralde Kohesiorako Departamentuari gomendatzea N‑121-A errepidean, Ventas de Etxalarren eta Ventas de Arraitzen, bide-seinaleen errotulazioa bi hizkuntzetan egiteko.

Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren erakundea arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 34.2. artikuluari jarraikiz, eta aginduzkoa betez, Lurralde Kohesiorako Departamentuak bi hileko epean jakinarazi beharko du ebazpen hau onartzen duen eta, dagokionean, hura betetzeko zer neurri hartu dituen.

Lege-agindu horretan xedatzen denez, aipatutako administrazio publikoak arartekoaren erabakia onartzen ez badu, erakunde honek erabaki dezake gai hori 2022. urteari dagokion urteko txostenean sartzea eta Nafarroako Parlamentuan azaltzea, jarrera hori izan duen administrazio publikoa berariaz aipatuz, baldin eta arartekoaren iritziz erabakia onartzea posible bazen.

Adeitasunez, zure erantzunaren zain,

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Patxi Vera Donazar

Partekatu edukia