Ebazpena, otsailaren 14koa, Nafarroako Arartekoa erakundeak bere jardunean euskara erabiltzeko eta normalizatzeko erabiltzen dituen irizpideak jakitera ematen dituena.
2018 otsaila 14
Nº: 7
7/2018 EBAZPENA, otsailaren 14koa, Nafarroako Arartekoa erakundeak bere jardunean euskara erabiltzeko eta normalizatzeko erabiltzen dituen irizpideak jakitera ematen dituena.
Euskararen Foru Legeak xedatzen duenaren arabera, euskara Nafarroako berezko hizkuntza eta eremu euskalduneko hizkuntza ofiziala da, eta horren erabilera kontserbatu, berreskuratu, garatu eta sustatu egin behar da.
Nafarroako Arartekoa erakundeak 2007tik erabiltzen du euskara bere jardunean, horren erabilera era normalizatuan integratu eta garatzeko moduan.
Euskarari buruzko Plan bat gauzatzen ari dira Nafarroako Parlamenturako, eta egindako diagnosiaren arabera, jakin dugu Arartekoari dagokionez hau dela nabarmenena: erakundean euskararen erabilera bideratzeko irizpideak ez dira dokumentu batean jaso edo argitaratu. Hori dela eta, bidezkotzat jotzen da irizpide horiek erakundearen webgunearen bidez jakinarazi eta argitaratzea, bulegoko langileek eta interesa izan dezaketen hirugarrenek horren berri izan dezaten. Dena den, baliteke aurrerago irizpideetan aldaketak edo luzapenak egitea, adierazitako Planaren emaitzak barne hartze aldera.
Horrenbestez, eta Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak eta Nafarroako Arartekoaren Antolamendua eta Funtzionamendua arautzeko Erregelamenduaren (Nafarroako Parlamentuko Mahaiak onetsi zuen 2005eko azaroan) 7. artikuluak ematen dizkidaten ahalmenak erabiliz,
HAU EBAZTEN DUT:
Lehenengoa.- Nafarroako Arartekoa erakundeak bere jardunean euskara erabiltzeko eta normalizatzeko erabiltzen dituen irizpideak jakitera ematea. Irizpideak ebazpen honen eranskinean jasotzen dira.
Bigarrena.- Ebazpen honen berri ematea Nafarroako Arartekoa erakundeko idazkari nagusiari eta kudeaketako teknikariari.
Hirugarrena.- Ebazpen hau argitaratzea erakundearen webgunean.
Iruñean, 2018ko otsailaren 14an.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
ERANSKINA
NAFARROAKO ARARTEKOA ERAKUNDEAK BERE JARDUNEAN EUSKARA ERABILTZEKO ETA NORMALIZATZEKO ERABILTZEN DITUEN IRIZPIDEAK.
Kanpoko errotuluak.
Eraikinaren kanpoaldean edo bulegotik kanpoaldera begira jartzen diren errotuluak gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egongo dira.
Barruko errotuluak.
Nafarroako Arartekoaren bulegoaren barnealdean jartzen diren errotuluak gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egongo dira.
- Idatzizko harremanak herritarrekin.
- Herritarrek erabakiko dute Nafarroako berezko hizkuntzetatik zein erabili Nafarroako Arartekoarengana zuzentzeko.
- Nafarroako Arartekoa erakundeak erraztasunak emango dizkie herritarrei nahi duten hizkuntza erabil dezaten. Horretarako dagozkion neurriak hartuko ditu idazkietan, webgunean, etab.
- Herritarrak harremanetarako zein hizkuntza nahiago duen zehazten ez badu, honako irizpide hauek aplikatuko dira:
- Idatziz, erabat edo zati handi batean, euskara erabiltzen badu, eremua aintzat hartu gabe, erakundearen idazkiak gaztelaniaz eta euskaraz bidaliko zaizkio.
- Herritarrak hasieran euskara eta ondoren gaztelania bakarrik erabiltzen badu, idazkiak gaztelaniaz bidaliko zaizkio, aldaketaren unetik aurrera; betiere adierazten ez badu idazkiak euskaraz ere jaso nahi dituela, edo hizkuntza hori berriro erabiltzen ez badu.
- Herritarrak lehenbizi gaztelania eta ondoren euskara erabiltzen badu, idazkiak euskaraz eta gaztelaniaz bidaliko zaizkio aldaketaren unetik aurrera; betiere gaztelania bakarrik erabiltzen hasten ez bada berriro.
- Idatzizko harremanak administrazio publikoekin.
Eremu euskalduneko edo Euskal Autonomia Erkidegoko administrazio publikoei zuzendutako idazkiak gaztelaniaz eta euskaraz idatziko dira.
Dena den, administrazio horiek lehenago gaztelaniaz idatzi badute edo haiek emandako erantzuna gaztelaniaz bakarrik badago, hortik aurrerako harremanak gaztelaniaz izango dira, baldin eta arreta euskaraz jaso nahi dutela adierazten ez badute.
Administrazio horiei igorritako idazkiak paperean egingo dira, eta identifikazio-elementuak (goiburuak, idazpuruak, zigiluak…) gaztelaniaz eta euskaraz jarriko dira.
Eremu mistoko administrazio publikoei zuzendutako idazkiak gaztelaniaz egingo dira.
Dena den, haiek lehenengo euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz idatzi badute, edota euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz erantzuten badute, hortik aurrera igortzen zaizkien idazkiak gaztelaniaz eta euskaraz egingo dira, gaztelania hutsean idazten hasten ez diren bitartean.
Administrazio publiko horiei igorritako idazkiak paperean egingo dira, eta identifikazio-elementuak (goiburuak, idazpuruak, zigiluak…) gaztelaniaz eta euskaraz jarriko dira.
Eremu ez-euskalduneko administrazio publikoei eta Euskal Autonomia Erkidegoan jarduten duten administrazioak ez diren beste batzuei igorritako idazkiak gaztelaniaz bakarrik egingo dira. Dena den, administrazio horiek lehenengo euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz idatzi badute, edota euskaraz edo euskaraz eta gaztelaniaz erantzuten badute, hortik aurrera igortzen zaizkien idazkiak gaztelaniaz eta euskaraz egingo dira, gaztelania hutsean idazten hasten ez diren bitartean.
Administrazio horiei igorritako idazkiak paperean egingo dira, eta identifikazio-elementuak gaztelaniaz jarriko dira, Nafarroako Arartekoak arrazoi instituzionalak direla-eta eredu elebiduna erabiltzea egokitzat jo ezean.
- Ahozko harremanak herritarrekin eta administrazio publikoekin.
- Nafarroako Arartekoa erakundeak zenbait neurri ezarriko ditu erakundean bertan lan egiten edo jardueraren bat gauzatzen duen pertsonaren batek (edo bat baino gehiagok) ahozko arreta euskaraz eman diezaien herritarrei, administrazio publikoei, erakunde publikoei eta hedabideei, haiek hala eskatzen dutenean.
- Euskarazko arreta emango da, baldin eta erakundeak une bakoitzean erabilgarri dituen giza baliabideek ahalbidetzen badute.
- Erakundeak ahalegina egingo du bertan lan egiten edo jarduerak gauzatzen dituzten langileen zati batek euskararen behar adinako ezagutza izan dezan, herritarrei euskarazko arreta emateko eta zirkuitu elebidun bat sortzeko erakundean.
- Herrien eta herritarren izenak.
- Herrien izenak dokumentu ofizialetan erabiltzen direnak izango dira; hots, Euskararen Foru Legean jasotakoak, urtero eskumeneko kontseilariak onesten duen eta kontzejuetako biztanleriaren zifrak argitaratzen dituen foru-arauan agertzen direnak, Nafarroako Estatistika Institutuak erabiltzen dituenak, etab. Izena bi hizkuntzetan desberdina bada, gidoi batekin bereiziko da.
- Herritarren izena haiek Nafarroako Arartekoari zuzendutako idazkietan erabiltzen duten bezalaxe erabiliko da.
- Paper-gauzak.
- Erakundeak enkargatzen dituen zigilu ofizialetan eta paper-gauzetan honela agertuko dira testu osoa edo goiburu eta zigiluak: a) batzuetan, gaztelaniaz eta euskaraz; b) beste batzuetan, gaztelaniaz bakarrik, aurreko puntuetan ezarritako irizpideetan ezarritakoaren arabera.
- Erakundeko langileek erakundean bertan erabiltzeko lan-karpetak eta inprimaki edo idazkiak gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egongo dira.
- Eredu elebidunerako aldaketa pixkanaka egingo da.
- Irudia, oharrak eta argitalpenak.
- Erakundeak zenbait neurri sustatuko ditu honako hauek gaztelaniaz eta euskaraz idatzita egon daitezen beti edo gehienetan: xedapenak, oharrak, informazio-liburuxkak, kanpainetako material grafikoak, dibulgazio-argitalpenak, iragarkiak, askotariko publizitatea edo antzeko beste idazki batzuk.
- Liburu tekniko edo sozialen argitalpenak gaztelaniaz egingo dira, edo gaztelaniaz eta euskaraz, kasu bakoitzean erabakitzen denaren arabera.
- Web ataria eta ebazpenak.
- Erakundearen web ataria gaztelaniaz egongo da.
- Erakundeak ahalegina egingo du ataria euskaraz ere egon dadin zatirik handienean, batez ere garrantzitsuenak diren edo gehien erabiltzen diren atalak, betiere hori lortzeko behar diren bitartekoak erabilgarri badaude.
- Atarian agertzen diren Nafarroako Arartekoaren ebazpenak euskaraz ere idatzita egongo dira gutxienez honako kasu hauetan: a) ebazpenen edukia hizkuntza horri buruzkoa denean, edo b) eremu euskalduneko administrazioei zuzenduta daudenean. Dena den, beste ebazpen batzuk euskaraz idaztea ere adostu ahal izango da, baldin eta horien edukia interes orokorrekoa bada. Hala, ebazpenak euskaraz argitaratzeko joera zabalduko da pixkanaka.
- Hemendik aurrera web atarian argitaratzen diren txostenak gaztelaniaz eta euskaraz idatziko dira.
- Nafarroako Arartekoak onesten dituen barneko administrazio-ebazpenak gaztelaniaz eta euskaraz egongo dira.
- Kokapen grafikoa.
- Errotulu, goiburu, idazpuru, zigilu eta halakoetan, gaztelaniazkoa goiko lerroan agertuko da eta euskarazkoa behekoan.
- Bi zutabetan dauden errotulu eta testuetan, euskarazkoa ezkerraldean agertuko da eta gaztelaniazkoa eskuinaldean.
Beste hizkuntza batzuk.
Hiru hizkuntza edo gehiago erabili behar badira, gaztelaniak eta euskarak lehentasuna izango dute, hurrenkera horretan.