Partekatu edukia
Nº: 39
Abenduaren 31ko 39/2020 Ebazpena, […](e)k eskatutako informazio-eskaera ebazten duena.
2020ko abenduaren 23an, Nafarroako Arartekoaren bulegoan […](r)en eskaera jaso zen, […] andrearen, […] jaunaren eta […] jaunaren izendapen nominalak emateko, bai eta 2012ko urriaren 23ko Q12/672/F espedientean aurkeztutako zazpi kexen (12/672, 12/705, 12/762, 12/849, 12/984, 12/1002 eta 12/1003 espedienteak) dokumentazioa ere, bereziki, baremoaren zati bakoitzaren puntuazio partzialak barne hartzen zituen hautagaien guztizko puntuazioaren arabera ordenatutako zerrenda nominala, hau da, abuztuaren 27ko 1721/2009 behin betiko ebazpena.
Ikus daitekeenez, eskaera pertsona fisikoen datu pertsonalei buruzkoa da.
Nafarroako Arartekoaren ikerketekin zerikusia duten jarduerak eta horiei lotutako prozedurazko izapideak uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen 27.5 artikuluaren mende daude, hau da, partikularrei eta erakundeei dagokienez erabateko sekretuari lotuta. Halaber, foru lege beraren 29.3 artikuluak Nafarroako Arartekoaren ikerketak isilpean gordetzea eskatzen du. Ildo beretik doa Nafarroako Arartekoaren Antolakuntza eta Funtzionamenduari buruzko Araudiaren 18.3 artikulua, Nafarroako Parlamentuko Mahaiak 2005eko azaroaren 21ean onartua. Erakundea arautzen duen foru legearen 37.2 artikuluak debekatu egiten dio erakundeari bere txostenetan datu pertsonalak jasotzea, ikerketa-prozeduran interesdunak publikoki identifikatu ez daitezen. Azkenik, aipatutako Antolakuntza eta Funtzionamenduaren Araudiaren 27. artikuluak xedatzen du Nafarroako Arartekoaren zerbitzuko langile orok isilpean gorde beharko dituela erakundean izapidetutako gaiak.
Bestalde, gardentasunari, informazio publikoa eskuratzeari eta gobernu onari buruzko maiatzaren 17ko 5/2018 Foru Legearen 2.2 artikuluaren arabera, Nafarroako Arartekoaren jarduerak, herritarren eskubideak defendatzeko parlamentu-organoa den aldetik, ez daude foru lege horren esparruan sartuta, soilik langileen eta kontratazioen arloko administrazio-jarduerei dagozkienak, eta hori ez da eskaera honen kasua; eskaera hau hirugarrenen kexa-espedienteei buruzkoa da.
Beraz, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearen eta Nafarroako Arartekoaren Antolakuntzaren eta Funtzionamenduaren Araudiaren babespean daudenez, herritarren kexa-espedienteetan agertzen diren pertsona fisikoen datu pertsonal guztiak, bereziki izenak eta gainerako datuak, ezin zaizkie hirugarren pertsonei eman.
Erakunde honek, bere garaian, aipatutako kexa-espedienteei buruzko ebazpenak eman zizkion […](e)ri, eta haietan agertzen ziren pertsona fisikoen izenak ezabatu zituen, datu pertsonalak babesten dituen araudia betez.
Horregatik, aipatutako bi legeetan xedatutakoaren arabera, Nafarroako Arartekoak
EBATZI DU:
[…](e )k egindako eskaera ezestea, eskabidean aipatzen diren kexak jarri dituzten pertsona fisikoen izenak eta zerrenda nominalak eta beste datu batzuk eman diezazkioten.
Eskatzaileari adierazten zaio ezespen horren aurka administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakeela Nafarroako Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, jakinarazpena jaso eta bi hilabeteko epean, eta, hala badagokio, aukerako berraztertzeko errekurtsoa ere jar dezake Nafarroako Arartekoaren aurrean, jakinarazpena jaso eta hilabeteko epean.
Iruñea, 2020ko abenduaren 31.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia