Partekatu edukia
Nº: 30
30/2020 EBAZPENA, irailaren 23koa, Nafarroako Arartekoak emana, urtebeteko bi prestakuntza-beken deialdirako oinarriak onesten dituena, Zuzenbideko gradua dutenentzat, Nafarroako Arartekoan aritzeko.
Nafarroako Arartekoa instituzio publikoa da, herritarren eskubideak eta askatasun publikoak babesten eta hobetzen ditu eta Nafarroako administrazio publikoen jarduera gainbegiratzen du. Hori horrela, Nafarroako Arartekoak uste du Zuzenbideko unibertsitate-titulua duten pertsonen prestakuntza sustatu behar dela, modu teorikoan zein praktikoan, zuzenago ezagutu ditzaten Nafarroako Arartekoaren lan egiteko modua eta jarduerak. Beka horiek, zenbait baliabideren bidez, informazioa eta aholkularitza emango die onuradunei, espedienteak nola tramitatzen diren erakutsiko die eta herritarren eskubideak babesteko zenbait jarduera egiteko aukera emango die.
Horretarako, erabaki da Nafarroako Arartekoan aritzeko, Zuzenbideko gradua dutenentzat bi prestakuntza-beken deialdiko oinarriak onartzea.
Deialdiak bete egiten ditu bai oinarri arautzaile hauek bai Nafarroako Arartekoaren araudiak agintzen duena ere.
Horren ondorioz, 2005eko azaroaren 21ean Nafarroako Legebiltzarreko Mahaiak onartutako Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Araudiak ematen dizkidan eskumenak erabilita, honako hau
EBAZTEN DUT:
1.º Urtebeteko bi prestakuntza-beken deialdia onestea, Zuzenbideko gradua dutenentzat, Nafarroako Arartekoan aritzeko.
Eranskinean agertzen diren oinarriek arautzen dute deialdi hau.
2.º Deialdia argitaratzea Nafarroako Parlamentuaren Aldizkaria Ofizialean, Nafarroako Aldizkari Ofizialean eta instituzioko gune digitalean ( www.defensornavarra.com).
Iruñean, 2020ko irailaren 23an.
El Defensor del Pueblo de Navarra
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
ERANSKINA
Urtebeteko bi prestakuntza-beken deialdirako, oinarriak onesten dituena, Zuzenbideko gradua dutenentzat, Nafarroako Arartekoan aritzeko.
1. oinarria. Xedea.
1.1. Deialdiaren xedea da, Zuzenbideko gradua duten pertsonentzako bi beka ematea, lehiaketa bidez, Nafarroako Arartekoan aritzeko.
1.2. Deialdiaren helburua da Zuzenbideko gradua dutenentzat prestakuntza bultzatzea, instituzioan herritarren eskubideak babesteko eta hobetzeko egiten diren jarduerak zuzenean ezagutu ditzaten.
2. oinarria. Iraupena.
2.1. Beka bakoitzak hamabi hilabete iraungo du, eta haien hasiera aurreikusten da:
– Lehenengoa, aukeratze prozesua bukatu bezain laster.
– Bigarrena, 2020ko azaroaren 1ean.
2.2. Data hauek aldaketak izan ditzakete kasu bakoitzean eman daitezkeen egoeraren arabera.
2.3.Bekak ezin dira luzatu.
3. oinarria. Bekaren zenbatekoa eta ordainketa.
3.1. Bekak 1.050 euroko zenbateko gordina izango du hilean, edo dagokion zati proportzionala, hala behar bada. Bekadunari dagokion Gizarte Segurantzaren kuota deskontatuko zaio. Diru-kopuru horri pertsona fisikoen errentaren gaineko zergari dagokion atxikipena egingo zaio, indarra duten arauei jarraikiz hala egin behar baldin bada.
3.2. Bekaren onuradunaren araubidea besteren konturako langileenaren parekoa izango da Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzearen ondorioetarako, urriaren 24ko 1493/2011 Errege Dekretuan ezarri bezala; dekretu horrek prestakuntza-programetan parte hartzen dutenak Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean nola eta zein baldintzatan sartzen diren arautzen du, Gizarte Segurantzaren sistema eguneratu, egokitu eta modernizatzeari buruzko abuztuaren 1eko 27/2011 Legearen hirugarren xedapen gehigarrian aurreikusitakoa garatuz.
3.3. Gizarte Segurantzako Araubide Orokorrean sartzeko, bertan kidetzeko eta/edo alta hartzeko, eta araubide horretatik ateratzeko ere, kontuan hartuko da pertsona onuraduna noiz hasten den prestakuntza-programan eta noiz uzten duen,
enpresak Gizarte Segurantzan inskribatzeko eta langileak kidetzeko, alta eta bajak hartzeko eta haien datuak aldatzeko Erregelamendu Orokorrean ezarritako modu, epe eta ondorioekin. Urtarrilaren 26ko 84/1996 Errege Dekretuaren bidez onetsi zen araudi hori.
3.4. Onuradunari ematen zaion dirua ez da inolaz ere soldata edo lansaritzat hartuko, laguntza ekonomiko publikotzat baizik.
4. oinarria. Bateraezintasunak.
Prestakuntza-beka bateraezina izango da Nafarroako Foru Erkidegoko Administrazioak emandako bekekin, bai eta beste administrazio, instituzio edo entitate publiko zein pribatu batzuek edo partikularrek emandako bekekin ere, instituzioak aurkakoa adierazi ezean.
5. oinarria. Izangaiek bete behar dituzten baldintzak.
5.1. Dokumentazioa aurkezteko epea bukatzen den egunean baldintza guzti hauek betetzen dituzten pertsona fisikoak soilik izan daitezke onuradunak:
a) Adinez nagusia izatea.
b) Espainiako nazionalitatea izatea edo Europar Batasuneko estaturen batekoa edo, Europar Batasunak izenpetu eta Espainiako Estatuak berretsitako nazioarteko itunen arabera, langileen joan-etorri askea aplikatzen duen estaturen batekoa izatea. Nolanahi ere, Espainiako nazionalitatea ez duenak gaztelaniaz behar adina badakiela frogatu beharko du.
c) Zuzenbideko graduaren unibertsitate-titulu ofiziala izatea, Espainiako agintariek emana edo homologatua, eta deialdi hau argitaratu baino lehenagoko hiru urtean lortu izana. Zuzenbideko graduaren baliokidea izango da Zuzenbideko eta beste zientzietako gradu bikoitza.
d) Bizitokia Nafarroan izatea, deialdia argitaratu baino urte bat lehenagotik gutxienez.
e) Jarduteko gaitasun osoa izatea, eta ez izatea bekaren xede den prestakuntza-jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik.
f) Zerga guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzea, eta ez kobratzea administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezinik.
5.2. Baldintza horiek guztiak bekaldi osoan bete beharko dira.
6. oinarria. Baloratzeko baremoa.
Baremo honi jarraituz baloratuko dira eskabideak:
a) Ikasketa-espedientea: Gehienez ere 10 puntu.
Espedientearen batez besteko nota baloratuko da dagokion Unibertsitateak emandako puntuazioaren arabera.
Ez dira baloratuko 6 puntutik beherako batez bestekoa duten espedienteak (10 puntuko eskalan).
b) Bestelako unibertsitate-titulu ofizialak:
Zuzenbideko gradua ez den bestelako unibertsitate-titulu ofizialik izanez gero, Espainiako agintariek emana edo homologatua, puntu bat emango da titulu bakoitzeko.
Unibertsitateko gradu titulua ez den bestelako titulua, dela masterra, dela doktoretza edo besteren bat 0,5 puntu titulu bakoitzeko.
c) Zuzenbide publikoari lotutako ikasgai edo arlo hauetan lortutako kalifikazioek: gehienez ere 10 puntu.
– Konstituzio-zuzenbidea.
– Zuzenbidearen iturriak.
– Oinarrizko eskubideak.
– Estatuaren antolaketa.
– Administrazio-zuzenbidea, zati orokorra.
– Administrazio-zuzenbidea, zati berezia.
– Nafarroako zuzenbide publikoa.
d) Hizkuntzen ezagutza.
Ikastetxe publikoek emandako ziurtagiriak edo titulu ofizialak soilik baloratuko dira.
Hizkuntza eskola ofizial batek emandako gaitasun-agiria edo titulua edo ofizialki baliokidea den titulua edukiz gero, gehienez ere 1 puntu hizkuntza bakoitzarengatik; baremo honen arabera:
HEOko maila | Ziurtagiria | Puntuak |
1. eta 2. maila | A1 eta A2 | 0 |
3. maila | B1 | 0,40 |
4. maila | B2 | 0,70 |
5. maila | C1 | 1,00 |
Hizkuntza eskola ofizialetatik kanpoko ikastetxeetan egindako ikasketen kasuan, berariaz aipatu beharko da egindako ikasketak zein ziurtagiriren baliokideak diren, Hizkuntzen Europako Erreferentzia Esparru Bateratuaren gomendioei jarraikiz.
e) Elkarrizketa pertsonala: gehienez ere 10 puntu.
Puntu gehien lortu dituzten bost pertsonei egingo zaie elkarrizketa. Ebaluazio Batzordeko kide batek egingo ditu elkarrizketak.
Baloraziorako honako hauek hartuko dira kontuan: motibazioa; ekimena; erantzunen argitasuna eta ordena; gaiak beren artean lotzeko gaitasuna; jendea hartzen jarduteko, talde-lanerako eta gizarte-harremanetarako gaitasunak; eta beste gaitasun sozial edo intelektual batzuk.
Beka eskatzaileei posta elektronikoz egingo zaie dei, gutxienez ere 48 ordu lehenago. Elkarrizketa egitea nahitaezkoa da, eta hautapen prozesutik baztertu egingo da agertzen ez dena; halakoetan, puntuazio handiena duen hurrengoari deituko zaio.
7. oinarria. Eskaerak.
7.1. Interesdunek dagokion eskabidea toki hauetako batean aurkeztu beharko dute:
a) Nafarroako Arartekoko Erregistroan. Emilio Arrieta kalea 12, behea, 31002, Iruñea.
b) Posta elektronikoz, dokumentu guztiak info@defensornavarra.com helbidera bidalita, 7.3 puntuan ezartzen dena kontuan hartuz.
c) Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzko urriaren 1eko 39/2015 Legearen 16.4 artikuluan adierazitako tokiren batean.
7.2. Deialdi hau Nafarroako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunetik aurrera hogei egun naturaleko epean aurkeztu beharko da eskabidea.
7.3. Eskabidearekin batera agiri hauek aurkeztuko dira:
a) Eskabidea, eranskineko ereduaren araberakoa betea.
b) Eskatzailearen curriculum vitae-a, lortutako merezimendu guztiak zehatz-mehatz jasota.
c) Ikasketa espedientearen ziurtagiria, maila bakoitzeko gai guztien kalifikazioekin, batez besteko nota barne, zein deialditan gainditu zituen espresuki aipatzen duena.
d) Alegatzen dituen merezimenduak frogatzeko agiriak.
e) Hizkuntzak meritu gisa baloratzeko: hizkuntza ezagutzaren dutela bermatzen duten ziurtagiriak edo titulu-egiaztagiria.
7.4. Epean aurkeztutako eskaerak aurreko zenbakian finkatutako dokumentuak ez baditu, interesdunari eskatuko zaio hamar egun balioduneko epean zuzendu dezala, eta adieraziko zaio, zuzendu ezean, eskaerari uko egiten diola ondorioztatuko dela eta espedientea artxibatuko dela, eta azken gorabehera hori jakinaraziko zaiola.
Deialdian ezarritako merezimenduei buruzko agiriak aurkezten ez badira, ezingo da zuzenketarik egin.
7.5. Eskatzaileek beren helbide elektronikoa emango dute, behar diren jakinarazpenak jasotzeko.
7.6. Prestakuntza-beka jasotzeko eskaera aurkezteak berarekin dakar eskatzaileak deialdiaren oinarriak onartzea.
8. oinarria. Ebaluazio Batzordea.
8.1. Ebaluazio Batzordea arduratuko da betebeharrak egiaztatzeaz eta bekak eskatzen dituztenek alegatutako merezimenduak ebaluatzeaz.
8.2. Ebaluazio Batzordeak aurkezten diren eskaerak aztertu eta baloratuko ditu, eta izangaien zerrenda bat egingo du, lortutako puntuazioaren araberakoa.
8.3. Ebaluazio Batzordea hauek osatuko dute:
– Instituzioko idazkari nagusiak.
– Nafarroako Ararteko aholkulari batek (idazkari-lanak egiten dituena).
– Instituzioko kudeaketa-teknikariak.
Aipatutako pertsonetako bat ez badago, Nafarroako Arartekoak erakundeko aholkulari bat izenda dezake.
9. oinarria. Hautaketaren ondorengo prozedura.
9.1. Ebaluazio Batzordeak bekarako hautatu duen pertsonak dokumentazio hau aurkeztu beharko du, hautaketa jakinarazi eta bost egun naturaleko epean:
a) Nortasun Agiri Nazionalaren edo baliokidea den identifikazio agiriaren fotokopia.
b) Zuzenbideko graduaren tituluaren fotokopia.
c) Nafarroako herriren bateko erroldatze ziurtagiri eguneratua, antzinatasuna zehazten duena.
d) Jarduteko gaitasun osoa duela, eta bekaren xede den prestakuntza-jardueran aritzea galaraz diezaiokeen desgaitasun fisikorik edo gaixotasunik ez duela adierazten duen dokumentu bat. Eredu bat emango da baldintza hori egiaztatzeko
e). Zerga guztien ordainketak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean dituela frogatzea, eta ez kobratzea administrazio edo entitate publiko edo pribatu batetik helburu bera duen beste edozein laguntza publiko bateraezinik. Eredu bat emango da baldintza hori egiaztatzeko.
9.2. Beka Nafarroako Arartekoaren ebazpen baten bidez emango da, eta ebazpen hori instituzioaren gune digitalean argitaratuko da: https://www.defensornavarra.com
Hautaketa-prozesuan parte hartzen dutenei idatziz emango zaie emaitzaren berri, eta lortu duten guztizko puntuazioa adieraziko zaie; nolanahi ere, espedienteko informazioa kontsultatzeko eskubidea izango dute.
9.3. Eskatutako dokumentazioa ez bada aurkezten, edota aurkezten dena ez da eskatutakoa, interesdunak uko egin duela ulertuko da, eta zentzu horretan komunikatuko zaio.
9.4. Eskaerak aurkezteko epea bukatu eta hiru hilabeteko epean berariazko ebazpenik jakinarazten ez bada, ukatu egin direla ulertuko da.
10. oinarria. Deialdia hutsik geratzen bada.
Hautatze prozesu honen arabera deialdia hutsik geratzen bada, Nafarroako Arartekoko instituzioak aurreko deialdira aurkeztu ziren pertsonei dei dezake, betiere deialdi honetan eskatutako baldintzak betetzen badituzte eta jasotako puntuazioa kontuan hartuta, edonola ere eta hautaketa egokia lortzeko beharrezko neurriak hartu ahal ditu.
11. oinarria. Tutoretza.
11.1. Beken onuradunaren jarduerak aholkulari batek gainbegiratuko ditu eta aholkulari horren tutoretzapean egongo da onuraduna.
11.2. Tutoreak egin beharreko lanak aginduko ditu, ordutegiak finkatuko, eta bekadunak bere eginbehar orokor eta berariazkoak betetzen dituen begiratuko du. Prestakuntza bideratu eta gainbegiratzeaz arduratuko da, orientabideak, gomendioak, iradokizunak eta, hala badagokio, zuzenketa oinarrituak ezarriz, prestakuntza hobea izan dadin. Bekadunen betebehar orokorrak eta espezifikoak betetzen direla zainduko du.
11.3. Tutoreak prestakuntza-plan orientagarri bat emango dio bekaren onuradunari, bertan nahitaezkotzat jotzen diren ebaluazioak alde batera utzi gabe.
12. oinarria. Onuradunaren betebeharrak.
Betebehar hauek ditu bekaren onuradunak:
a) Bekaren xedeko prestakuntza-jarduera betetzea.
b) Betebeharrak eta baldintzak betetzen dituela frogatzea, bai eta, orobat, beka jasotzeko arrazoi izan diren jarduerak egin dituela eta helburuak bete direla ere.
c) Emandako bekaren gainean egin ditzaketen egiaztapen-lan guztietan parte hartzea.
d) Xede berarekin eskatu edo jaso dituen bestelako beka edo diru-laguntzen berri ematea Nafarroako Arartekoari.
e) Nafarroako Arartekoari komunikatzea emandako bekari espresuki uko egiten diola, jarduerak utzi baino hamar egun natural lehenago gutxienez.
f) Bekaren zuzeneko ondorio diren jarduera eta argitalpen guztietan bekadun gisa aritu dela adieraztea.
g) Bekaldiak irauten duen bitartean eta ondoren, ezagutzen duen isilpeko informazio tekniko edo administratiboaren gainean sekretua eta konfidentzialtasuna gordetzea.
h) Zein erakundetan jarduten duen, bertako barne edo funtzionamendu araubidea betetzea.
i) Nafarroako Ogasun Publikoarekin dituen betebeharrak egunean dituela egiaztatzea. Emango den ereduan, Nafarroako Arartekoari baimena ematea egongo da, onuradunak zerga-betebeharrak egunean dituela egiaztatzen dituen datuak kontsultatzeko, jarduerak hasten diren unean.
j) Nafarroako Arartekoaren datu pertsonalak babesteko legezko erregimena onartzea.
13. oinarria. Prestakuntza-jardueraren hasiera eta uko egitea.
13.1. Onuradunak adierazten den egunean hasi beharko du lanean instituzioan. Adierazitako egunean onuraduna ez bada jardunean hasten, Nafarroako Arartekoari horren berri eman gabe, edo onuradunak lanean ez hasteko arrazoiak adierazi eta instituzioak ez badu ikusten ezinbesteko arrazoiak direla edo ez dagoela behar bezala justifikatuta, bekari behin betiko uko egiten diola ulertuko da.
13.2. Bekari uko eginez gero, Nafarroako Arartekoari horren berri eman beharko zaio. Beka erabiltzen hasi ondoren, bekari uko eginez gero, Nafarroako Arartekoari berariazko ukoaren berri eman beharko zaio, jarduera utzi baino hamar egun natural lehenago gutxienez.
13.3. Eskuratutako bekari edozein arrazoirengatik uko eginez gero, posible izango da zerrendan hurrengo dagoenari ematea, deusetan galarazi gabe onuradunak uko egin arte dituen betebeharrak eta 10. oinarrian ezarritakoa kontuan hartuz.
14. oinarria. Prestakuntza-bekaren gauzatzea.
Prestakuntza-beka gauzatzeko, onuraduna Nafarroako Arartekoaren egoitzan egon beharko da astean 30 orduz. Era berean, prestakuntza-premiek eskatzen dituzten joan-etorriak egingo dituzte.
Bekadunak 27 egun natural izango ditu atseden hartzeko.
15. oinarria. Jabetza intelektuala.
Bekarako hautatu den pertsonak jabetza intelektualaren gainean dituen eskubideak, Nafarroako Ararteko bekaldian egindako jardueraren ondorioz eskuratzen direnak, eskubide horiek erregulatzen dituzten Estatuko arauetan ezarritakoari jarraikiz arautuko dira. Horri dagokionez, instituzioak ez dio uko egiten agirien, azterlanen, ikerlanen, lanen, eskubideen, emaitza zientifikoen eta izan litezkeen asmakuntzen gainean legokiokeen jabetzari.
16. oinarria. Lan- edo administrazio-harremanik eza.
16.1. Beka erabiltzea eta bekaduna izatea ez da zerbitzuak ematea, eta egoera horrek ez dakar berarekin lan-harremanik, lan administratiborik edo lan estatutupekorik sortzea Nafarroako Arartekoaren instituzioarekin, ez eta antzeko eskubiderik lortzea ere. Instituzioak ez du konpromisorik hartuko beka bukatutakoan bekadunak bere plantillan sartzeko.
16.2. Prestakuntza bekadunei agintzen zaizkien lan edo jarduerak Nafarroako Ararteko langileek gainbegiratuko dituzte eta langile horiek izango dira lan horien erantzuleak. Bekadunek ezingo dituzte Nafarroako Ararteko langileen eginkizunak bete edo beraientzat hartu, ez eta hirugarrenen aurrean instituzioko kide, ordezkari edo agente gisa agertu ere.
17. oinarria. Kalte-ordainak jasotzeko eskubidea.
Bekadunak, prestakuntza egiten ari deneko Nafarroako Arartekorekin duen harreman juridikoa ezertan aldatu gabe, eskubidea izango du zerbitzuagatik eta bidaiengatik izango duen gastuengatik langileei dagozkien ordain berberak jasotzeko.
18. oinarria. Bekaren ordainketa itzultzea edo bertan behera uztea.
18.1. Nafarroako Arartekoak eskubidea izango du onuradunari eskatzeko jaso duen zenbateko osoa edo zati bat itzultzeko, edo zenbateko horiek bertan behera uzteko, kasu hauetan:
a) Beka eskatzeko eta lortzeko baldintzak faltsutu baditu edo beka ez ematea ondorioztatuko luketen baldintzak ezkutatu baditu.
b) Bekadunak bere gain hartutako betebeharrak eta eginkizunak ez betetzea, jarduerak egiten ardurarik ez jartzea, errendimendu eta aprobetxamendu eskasa izatea eta lanak kalitate gabekoak izatea.
c) Prestakuntza-beka emateko kontuan hartu diren baldintzak aldatzea, aldez aurretik administrazio baimena lortu gabe. Horretaz gain, aldi berean jasotzea beka horrekin bateratu ezin den beste beka edo diru-laguntzaren bat.
d) Instituzioak egindako bekaren inguruko egiaztatze-jardueretan parte ez hartzea.
18.2. Nafarroako Arartekoak erabakiko du, ebazpen baten bidez, beka itzuli behar den edo bertan behera geratuko den. Horretarako, aldez aurretik espediente bat egingo da, txostenekin, frogekin eta onuradunaren alegazioekin.
18.3. Ebazpena interesdunari jakinaraziko zaio, tokia, modua eta diru-sartzea egiteko edo beka eteteko epea adierazita.
19. oinarria. Prestakuntzaren egiaztagiria.
Prestakuntza-beka amaitzean, Nafarroako Arartekoak agiri publiko bat eginen du, onuradunak egindako prestakuntza egiaztatzeko. Beka osorik egin ez bada, onuradunak egindako jardueraren arabera baloratuko du erakundeak dokumentu hau eman izana.
20. oinarria. Aplikatu beharreko legeria.
Oinarri hauen interpretazioen eta aplikazioen ondorioz ager daitezkeen gorabehera guztiak Nafarroako Arartekoak ebatziko ditu, oinarrietan ezarritakoaren eta aplikatu behar den araudiaren arabera.
21. oinarria. Errekurtsoak.
Errekurtso hauek jar daitezke deialdiko oinarrien eta oinarriak betetzeko ekintzen aurka:
a) Aukerako berraztertzeko errekurtsoa jartzeko aukera izango dute Nafarroako Arartekoaren aurrean, ebazpena jakinarazi eta, hurrengo egunetik hasita, hilabeteko epean, urriaren 1eko 39/2015 Legearen arabera (Administrazio Publikoen Administrazio Prozedura Erkideari buruzkoa).
b) Administrazioarekiko auzi-errekurtsoa jar dezakete Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiko Administrazioarekiko Auzien Salan, ebazpena jakinarazi eta bi hilabeteko epean, oinarri hartuta urtarrilaren 13ko 29/1998 Legea (administrazioarekiko auzien jurisdikzioa arautzen duena).
ZUZENBIDEAN GRADUATUTAKO PERTSONENTZAT NAFARROAKO ARARTEKOAN ARITZEKO PRESTAKUNTZA BEKA BAT ESKATZEKO ESKAERA ORRIA
______________________________________ jaun/andreak, __________ NAN zenbakia duenak, __________________________________________________ helbidean bizi denak (zehaztu kalea, plaza, posta-kodea eta herria), eta prozedura honi dagozkion jakinarazpenetarako ___________ telefonoa eta __________________ ________________________________ posta elektronikoa dituenak,
ESKATZEN DU: Duela gutxi deitutako Nafarroako Arartekoaren erakundean aritzeko Zuzenbidean graduatutako pertsonentzako prestakuntza-beka bat lortzeko prozeduran parte hartzea.
ADIERAZTEN DU: Deialdiko 5. oinarrian ezarritako baldintza guztiak betetzen dituela (adin nagusikoa izatea, nazionalitatea, Zuzenbideko gradu-titulua, Nafarroan bizitzea, zereginak betetzeko gaitasuna, eta zerga betebeharrak eta Gizarte Segurantzarekiko betebeharrak egunean izatea).
HORRETARAKO, deialdiko 7.3 oinarria betez, hark eskatutako dokumentu hauek aurkezten ditu: a) eskaera-orria, beteta eta sinatuta, b) curriculum vitae-a eta lortutako merezimenduen zerrenda, c) espediente akademikoaren egiaztagiria, d) aipatutako merezimenduak egiaztatzeko dokumentuak eta e) beharrezkoa izanez gero, hizkuntzen egiaztapen-tituluak.
JAKINARAZTEN DU: Onartzen dituela deialdiko oinarriak eta prestakuntza-beka honen kudeaketari lotuta bere datu pertsonalak tratatzeko baimena ematen duela.
________________ (e)an, _____ ko______________ (a)ren ______ (e)an.
Eskatzailearen sinadura
Deialdia bizkortzeko, arren, dokumentuak posta elektroniko bidez info@defensornavarra.com edo Emilio Arrieta 12, behea, Iruñea helbidean aurkezteko eskatzen da.
NAFARROAKO ARARTEKO JAUNA
DATU PERTSONALEN BABESARI BURUZKO OINARRIZKO INFORMAZIOA
Datu pertsonalen babesarekin lotutako alderdi guztietan, Nafarroako Arartekoak 2016ko apirilaren 27ko Europako Araudiarekin, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legearekin eta bere jarduerari aplikagarri zaizkion gainerako legeekin bat etorriz jarduten du.
1. Arduraduna: Nafarroako Arartekoa. 2. Xedea: erakundearen jarduera administratiboa (langileak, kontratazioa, zergak…). 3. Legitimazioa: Kontratu, estatutu edo lege bidezko harremana betetzea. 4. Hartzaileak: administrazio eta erakunde publikoak eta banketxeak. 5. Eskubideak: atzipena, zuzenketa, ezabapena, tratamenduaren mugaketa, aurkaratzea, eramangarritasuna eta onespenean atzera egitea, legez ezarritako baldintzetan. 6. Datuen jatorria: administrazio eta erakunde eskudunak, eta interesdunak. 7. Informazio osagarria: www.defensornavarra.com webgunean kontsultatu daiteke (pribatutasun-politika).
Datuen babesari eta beren eskubideak erabiltzeari dagokionez, interesdunek hona jo dezakete: Nafarroako Arartekoa helbidea: Arrieta 12, etxabea, Iruñea (Posta-kodea: 31002), telefono zk.: 948 203571, helbide elektronikoa: info@defensornavarra.com.
Partekatu edukia