Bilaketa aurreratua

Ebazpenak - Datu Pertsonalen babesa

Ebazpena, maiatzaren 25ekoa, datu pertsonalak babesteko ordezkaria izendatzen duena Nafarroako Arartekoaren erakundean.

2018 maiatza 25

: 22

22/18 EBAZPENA, maiatzaren 25ekoa, datu pertsonalak babesteko ordezkaria izendatzen duena Nafarroako Arartekoaren erakundean.

2018ko maiatzaren 25ean indarrean izango da 2016/679 (EB) Erregelamendua, Europako Parlamentuarena eta Kontseiluarena, 2016ko apirilaren 27koa, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoa (aurrerantzean, Europar Batasunaren Datuen Babeserako Erregelamendua).

Agintari publikoek bete egin behar dute Europar Batasunaren Datuen Babeserako Erregelamendua, eta, ondorioz, datuak babesteko ordezkari bat izendatu behar dute, arau horretan agintzen den moduan.

Horrenbestez, ordezkari hori izendatuko da Nafarroako Arartekoaren erakundean.

Funtzio hori betetzeko, Carlos Sarasíbar Marco jauna izendatzen da datu pertsonalak babesteko ordezkari, Nafarroako Arartekoaren erakundeko aholkularia, zuzenbide lizentziatua, Nafarroako Gobernuko funtzionarioa oposizio bidez, Administrazio Publikoko teknikariaren kategorian (adar juridikoa), eta gaur egun zerbitzu berezien egoeran dagoena.Izendapen hori egiteko, aintzat hartu dira pertsona horren ezaugarri profesionalak eta zuzenbidearen alorrean dituen ezagutzak (batik bat, Konstituzio Zuzenbidean eta Zuzenbide Administratiboan), datu pertsonalak babesteko gai alorrean duen jakintza, eta herritarren oinarrizko eskubideak eta askatasun publikoak babesteko gai-alorrean dituen ezagutzak; era berean, kontuan izan da informatzeko, aholkatzeko, ikuskatzeko, lankidetzan aritzeko eta harremanetarako gaitasuna erakutsi duela.

Izendapen horretan datu pertsonalen tratamenduaren arduradunak parte hartu du (ikus eranskina).

Ebazpen honen proiektuaren aldeko txostena eman du Nafarroako Arartekoaren erakundean egiten den datu pertsonalen tratamendua Europar Batasunaren Datuen Babeserako Erregelamendura egokitzeko Batzordeak.

Ondorioz, 2005eko azaroaren 21ean Nafarroako Legebiltzarreko Mahaiak onartutako Nafarroako Arartekoaren Antolaketaren eta Funtzionamenduaren Araudiaren 7. artikuluan xedatutakoa betez,

HAU EBAZTEN DUT:

Lehena.- Erakundearen datu pertsonalen babeserako ordezkari izendatzea Carlos Sarasíbar Marco jauna, Nafarroako Arartekoaren erakundeko aholkularia.

Bigarrena.- Hauek izango dira datu pertsonalen babeseko ordezkariaren harremanetarako datuak:

  • Carlos Sarasíbar Marco jauna.
  • Nafarroako Arartekoa.
  • Emilio Arrieta kalea 12, behea.
  • 31002 Pamplona-Iruña.
  • Telefono-zenbakia: 948-203571.
  • Posta elektronikoa: csarasibar@defensornavarra.com

Hirugarrena.- Nafarroako Arartekoaren erakundeko datuen babeseko ordezkariak:

  1. Garai eta modu egokian parte hartuko du datu pertsonalen babesaren alorreko gai guztietan.
  2. Bere eginkizunak betetzeko behar diren baliabideak izango ditu, erakundeak darabiltzan datu pertsonaletarako eta horiek tratatzeko eragiketetarako sarbidea izango du, eta bere jakintza espezializatuari eusteko ekintzak burutzeko eskubidea izango du.
  3. Tratamenduaren erantzuleak eta arduradunak ez diote jarraibiderik emango ordezkari-eginkizunak betetzeko, eta autonomia osoz eta bere irizpide propioen arabera beteko ditu eginkizun horiek.Bere lanaren jardun-modua hobetzeko egoki irizten dituen txostenak, aholkularitza-ekimenak eta gomendioak helaraz diezazkie tratamenduaren erantzuleari eta arduradunari.
  4. Ezingo dute kargugabetu eta ezingo diote zehapenik ezarri ordezkari-eginkizunak betetzeagatik.Tratamenduaren erantzuleari bakarrik egingo dio kontu-ematea.
  5. Harreman zuzenak eta arinak izan ditzake interesdunekin, eta, ordezkari-lanak betetzen dituenean, bermatuta izango ditu komunikazioen konfidentzialtasuna eta sekretua.
  6. Ez ditu datu pertsonalen tratamenduaren xedeak eta bitartekoak zehaztuko erakundean, eta ez du interes-gatazkarik izango balizko beste eginkizun edo betebehar batzuekin.Erakundearen datu pertsonalak babesteko gai alorrean, datuen babeseko ordezkari den aldetik izango duen lehentasunezko posizioa gailenduko da, gainerako eginkizunen eta egoeren gainetik.
  7. Europar Batasuneko Datuen Babeserako Erregelamenduak adierazten dituen funtzioak izango ditu, eta erregelamendu horrek kargu horretarako arautzen dituen gainerako ahalmenak eta beteteharrak izango ditu.

Laugarrena.- Nafarroako Arartekoaren erakundeko datu pertsonalen babeseko ordezkaria izendatu dela jakinaraztea, dagokion moduan, Datuen Babeseko Espainako Agentziari, Europar Batasuneko Datuen Babeserako Erregelamenduaren 37.7 artikuluak arautzen duena betetzeko, hau da, kontrol-agintaritzari jakinarazteko datuen babeseko ordezkariaren harremanetarako datuak.

Bosgarrena.- Ebazpen hau jakinaraztea erakundeko datu pertsonalen tratamenduaren erantzuleari, datuen babeseko ordezkariari eta tratamenduaren arduradunari.

Seigarrena.- Ebazpen hau erakundearen gune digitalean( www.defensornavarra.com)argitaratzea, bere hedadura handitzeko.

Iruña, 2018ko maiatzaren 25ean.

El Defensor del Pueblo de Navarra

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

ERANSKINA

NAFARROAKO ARARTEKOAREN ERAKUNDEKO DATUEN BABESEKO ORDEZKARIAREN IZENDAPENA

Europako Parlamentuak eta Kontseiluak 2016ko apirilaren 27an emandako 2016/679 (EB) Erregelamenduak, datu pertsonalen tratamenduari dagokionez pertsona fisikoak babesteari buruzkoak, 37. artikuluan arautzen duena betetzeko, Nafarroako Arartekoaren erakundeko datu pertsonalen tratamenduaren erantzuleak eta tratamendu horren arduradunak honako hau izendatzen dute datu pertsonalen babeseko ordezkari Nafarroako Arartekoaren erakundean:

Izena eta kargua:

  • Carlos Sarasíbar Marco jauna.
  • Nafarroako Arartekoaren erakundeko aholkularia.
  • Zuzenbidean lizentziatua da, eta datu pertsonalen babesaren gaineko ezagutzak ditu.
  • Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioko funtzionarioa, zerbitzu berezien egoeran.

Helbidea eta harremanetarako datuak:

  • Nafarroako Arartekoa.
  • Emilio Arrieta kalea 12, behea.
  • 31002 Pamplona-Iruña.
  • Telefono-zenbakia: 948-203571.
  • Posta elektronikoa: csarasibar@defensornavarra.com

Datu pertsonalen tratamenduaren erantzulea: Nafarroako Arartekoa, Francisco Javier Enériz Olaechea.

Datu pertsonalen tratamenduaren arduraduna: Kudeaketa Administratiboko Teknikaria, Jorge Balduz Gil.

Pamplona-Iruña, 2018ko maiatzaren 25ean.

Partekatu edukia