Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 6ko 136/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 06

Gizarte ongizatea

Gaia: Disconformidad con la actuación de la agencia navarra para la dependencia

Exp: 09/264/B

: 136

Gizarte ongizatea

AURREKARIAK

  1. 2009ko apirilaren 16an, erakunde honetan [?] jaunaren idazki bat sartu zen. Haren bidez, kexa bat agertzen zuen Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren jarduera dela eta.

    Azaltzen du [?] andrearen tutorea dela eta [?] andrea mendekotasun egoeran dagoen pertsona bat dela (mendekotasun handia du, 2. mailakoa). Dirudienez, 2007ko apirilean, Nafarroako Mendekotasun Agentziak bere kasa baloratu zuen [?] andrearen egoera, haren legezko tutoreari hori jakinarazi gabe.

    Geroago, zenbait ekintza administratibo izan dira interesdunaren mendekotasun egoera dela eta. Horien amaieran, aitortu da, atzeraeraginarekin, haren egoera mendekotasun handikoa dela, 2. mailakoa (2007ko apirilaren 22ko atzeraeraginarekin).

    Hala eta guztiz ere, kexa-egileak azaltzen duenaren arabera, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuak ez dio aitortu nahi bere ordezkatuari aipatu egunetik aurrera bere mendekotasun egoerari dagozkion prestazioak jasotzeko eskubidea.

    Gainera, adierazten du [?] andrearen balorazioari buruzko espediente osoa ikustea eta kopiatzea eskatu zuela, baina Administrazioak ez diola eskatutakoari baiezkorik eman; horrek kalte egiten dio interesduna defendatzeko aukerei dagokienez.

    Bestalde, azaltzen du jakin duela Gizarte Gaietako zuzendari nagusiak otsailaren 9ko 170/2009 Ebazpena eman zuela, hain zuzen ere kexaren xedea den gaiari buruzkoa, baina ez zaio ebazpen hori berari, tutorea den aldetik, jakinarazi, denbora tarte handixkoa iragan den arren.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraiki, azaldutako gaiari buruzko txosten bat eskatu zion Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari.
    2009ko ekainaren 8an, eskatutako txostena jaso genuen. Bertan, honakoa jaso zen:
    1. “2007ko apirilaren 16an, Nafarroako Mendekotasun Agentziaren Balorazio Atalak, bere kabuz, La Vaguada Zentro Gerontologikoko egoiliar [?] andreari balorazio bat egin zion, hain zuzen ere jakiteko hirugarren pertsona baten beharra ba ote zuen, Minusbaliotasun gradua aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan ezarritako baremoaren arabera. Baremo horretan, 70 puntuko puntuazioa eman zitzaion.
    2. 2008ko uztailaren 21ean, [?] jaunak, [?] andrearen legezko tutore gisa eta hura ordezkatuz, eskabide bat aurkeztu zuen Autonomiarako eta Mendekotasunaren Laguntzarako Sistemaren arabera mendekotasuna duten pertsonentzat dagoen gutxieneko babes mailaren prestazio ekonomikoa jasotzeko.
    3. Eskabide horrekin batera, Iruñeko lehen auzialdiko 8, epaitegiaren 303/2006 epaia aurkeztu zuen. Haren bidez, izan ere, deklaratzen da interesduna erabateko ezgaitasuneko egoera zibilean dagoela, eta [?] jauna izendatzen da haren tutore gisa.
    4. 2008ko irailaren 23an, [?] jaunaren eskariaren ariora, Nafarroako Mendekotasun Agentziako Balorazio Atalak txosten bat eman zuen, interesdunaren mendekotasun maila eta gradua homologatzeko proposamenarekin; hain zuzen ere, 2. mailako mendekotasun handia duela aitortzen da, 2008ko uztailaren 21etik aurrerako eraginekin.
    5. Aitorpen hori egiten da interesdunari 2007ko apirilaren 16ean eginiko balorazioan oinarrituta, betiere, hirugarren pertsona baten laguntzaren premiari buruzko baremoari jarraituz –abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan ezarri zen baremo hori–, eta Autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeak ezarritako mendetasun egoeraren baloraziorako baremoa onetsi zuen apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuko lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren babesean.
    6. 2008ko irailaren 26an, Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako eta Mendekotasunaren Prebentziorako zuzendariordeak 2897/2008 Ebazpena eman zuen. Haren bidez, [?] andreari 2. mailako mendekotasun handia aitortzen zaio, 2008ko uztailaren 21etik aurrerako eraginekin.
    7. 2008ko urriaren 28an, [?] jaunak, [?] andrearen legezko tutorea den aldetik eta haren ordezkari gisa, Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako eta Mendekotasunaren Prebentziorako zuzendariordearen irailaren 26ko 2897/2008 Ebazpenaren aurkako gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zen –ebazpen horren bidez, 2. mailako mendekotasun handia aitortzen zaio [?] andreari, 2008ko uztailaren 21etik aurrerako eraginekin–.
    8. Eskatzen du [?] andrearen balorazio-espedientea ikusi eta kopiatu ahal izatea. Espediente hori uneoro egon da haren esku Nafarroako Mendekotasun Agentzian.
    9. 6.- 2008ko abenduaren 10ean, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak 3722/2008 Ebazpena eman zuen. Haren bidez, [?] andreari mendetasun egoeran dauden pertsonentzako gutxieneko prestazio ekonomikoa aitortu zitzaion, hain zuzen ere hileko 258,75 euroko sariarekin, 2008-08-01etik hasi eta 2008-12-31ra bitarterako.
    10. 2009ko urtarrilaren 21ean, [?] jaunak, [?] andrea ordezkatuz, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailearen abenduaren 10eko 3722/2008 Ebazpenaren aurka. Ebazpen horren bidez, izan ere, [?] andreari mendetasun egoeran dauden pertsonentzako gutxieneko prestazio ekonomikoa aitortu zitzaion, hain zuzen ere hileko 258,75 euroko sariarekin, 2008-08-01etik hasi eta 2008-12-31ra bitarterako.
    11. 2009ko otsailaren 9an, Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako zuzendari nagusiak 170/2009 Ebazpena eman zuen. Haren bidez, hein batean baiesten da irailaren 26ko 2897/2008 Ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa, eta [?] andreari aitortzen zaio 2. mailako mendekotasun handia duela, 2007ko apirilaren 22tik aurrerako eraginekin.
    12. Aipatu ebazpena, [?] jaunak adierazi duen bezala, ez zitzaion jakinarazi, behar zen bezala. Hori dela eta, 2009ko maiatzaren 22an, [?] jaunari Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako zuzendari nagusiaren 170/2009 Ebazpenaren jakinarazpena igorri zaio. Ebazpen horren bidez, hein batean baiesten da irailaren 26ko 2897/2008 Ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa, eta aitortzen da [?] andreak 2. mailako mendekotasun handia duela, 2007ko apirilaren 22tik aurrerako eraginekin.
    13. Aipatutako ebazpenaren kopia erantsi da. Haren oinarriak emantzat jotzen dira, beraz. (1. dok.).
    14. Gizarte Gaietako eta Garapenerako Lankidetzako zuzendari nagusiaren martxoaren 12ko 418/2009 Ebazpenaz, hein batean ezesten da [?] jaunak, [?] andrearen ordezkari gisa, Nafarroak Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzailearen abenduaren 10eko 3722/2008 Ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa. Aurkatutako ebazpenaren bidez, mendekotasun egoeran dauden pertsonak zaintzeko prestazio ekonomikoa ematen zen, 2008-08-01etik hasi eta 2008-12-31ra bitarteko eperako.
    15. Ebazpena 2009ko martxoaren 24an jakinarazi zitzaion interesdunaren legezko ordezkariari.
    16. Aipatutako ebazpenaren kopia erantsi da. Era berean, haren oinarriak emantzat jotzen dira. (2. dok.).
    17. Martxoaren 27an, Nafarroako Mendekotasun Agentziako zuzendari kudeatzaileak, sistema-akats baten ondorioz, prestazioen kobrantzen eta ordainketen sortaren barrenean, 891/2009 Ebazpena eman zuen. Haren bidez, berriz ere ematen zitzaion [?] andreari mendekotasun egoeran dauden pertsonentzako gutxieneko babes mailari dagokion prestazio ekonomikoa, hileko 258,75 eurokoa, 2008-08-01etik hasi eta 2008-12-31ra bitarteko eperako.
    18. 2009ko maiatzaren 15ean, [?] jaunak, [?] andrearen ordezkari gisa, gora jotzeko errekurtsoa aurkeztu zuen ebazpen horren aurka. Errekurtso hori Gizarte Gaietako eta Garapenerako Lankidetzarako zuzendari nagusiaren maiatzaren 25eko 802/2009 Ebazpenaren bidez ebatzi zen. Haren kopia ere erantsi da. (3. dok.)”.

AZTERKETA

  1. Espedientea ikusita –hartan, kexa-egilea eta [?] andrearen seme eta tutorea denaren ekintza administratibo eta errekurtso batzuk ageri dira–, atzeman dugu auzia sortzen duen gai nagusia dela [?] andreak bere mendekotasun egoerarengatiko prestazio ekonomiko batzuen onuraduna izateko aukera edukitzea hain zuzen ere egoera hori aitortzen zaion egunetik hasita.

    Gaur egun, [?] andreak 2. mailako mendekotasun handiaren egoera du aitortua, 2007kko apirilaren 22tik aurrerako eraginekin. Aitorpena, termino horietan, ez zen gauzatu 2009ko otsailaren 9ra arte; egun horretan, izan ere, hein batean baietsi zen Autonomia Pertsonalaren Sustapenerako eta Mendekotasunaren Prebentziorako zuzendariordearen irailaren 26ko 2897/2008 Ebazpenaren aurka aurkeztutako gora jotzeko errekurtsoa. Azken ebazpen hori heldu da kexa-egileak, bere amaren eta tutoretzapekoaren ordezkari gisa, 2008ko uztailaren 21ean egindako eskabide batetik. Hain zuzen ere, haren bidez eskatzen zuen mendekotasun egoera eta egoera horretan dauden pertsonentzako gutxieneko prestazio ekonomikoa aitortzea.

    Administrazioak mendekotasun egoera horren aitorpena onartu zuen 2007ko apirilaren 22tik aurrerako eraginekin, zeren eta, bere kasa, tarteko eskabiderik egon gabe, garai hartan [?] andrearen balorazio bat egin baitzuen (hirugarren pertsona baten laguntzaren premiari buruzko balorazioa, Ezgaitasuna aitortzeko, deklaratzeko eta kalifikatzeko prozedurari buruzko abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretuan aurreikusitakoa).

    Hala eta guztiz ere, ezezkoa eman zitzaion prestazio ekonomikoa egun horretatik jasotzeko aukerari, zeren eta ez baitzen 2008ko uztailaren 21era arte eskatu.

  2. Administrazioak arrazoitu du mendekotasun egoeraren aitorpena laguntzak emateko ekintzaren aurretiko ekintza administratibo bat dela, eta ekintza bereizia dela. Batak eta besteak substantibitate independentea dute. Esaten da egoeraren aitorpena ezinbesteko baldintza bat dela prestazioak eskuratu ahal izateko, baina ez dela nahikoa, eta kasuan kasu aplikatzekoa den arauaren arabera laguntzak emanen direla interesdunak edo haren ordezkariak eskatzen dituzten unetik aurrera (zehazki, hurrengo hiletik aurrera).

    Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuaren arrazoitzea, abstraktuan hartuta, zuzena da. Hala eta guztiz ere, azpimarratu beharra daukagu lotura hertsia dagoela egoera aitortzeko ekintzaren eta haren ondoriozko prestazioak emateko ekintzaren artean, zeren eta aitorpenak xede bakarra baitu: herritarrari bidea ematea antolamendu indardunean aurreikusitako onurak eskuratzeko, Menpekotasun egoeran dauden pertsonen autonomia sustatzeari eta laguntza emateari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legeko 28. artikuluan xedatutakotik argi eta garbi ondorioztatzen den bezala. Arauak mendekotasun egoera eta sistemako prestazioetarako eskubidea aitortzea aipatzen du, eta ebazpenean eskatzaileari, mendekotasun graduaren eta mailaren arabera, dagozkion zerbitzuak eta prestazioak zehaztu beharko dira.

    Egiazki, arau indardunak baldintza gisa ezartzen du mendekotasun egoeratik heldu diren prestazio ekonomikoak eskatu egin behar direla, eskuratu nahi badira, eta ez direla modu “automatikoan” sortzen. Horixe ondorioztatzen da, bereziki, 39/2006 Legeko 28. artikuluan eta lege-arau beraren amaierako lehen xedapenean ezarritakotik.

    Dena den, arau hori, prestazioa eskatu behar izateari buruzkoa, egoera pertsonalen edozein aitorpeni zaio aplikatzekoa, bereziki, mendekotasun egoerei (apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretua) eta minusbaliotasun egoerari (abenduaren 23ko 1971/1999 Errege Dekretua). Arau horiek ez dute aurreikusten, ordea, Administrazioak “bere kabuz” jardutea, zeren eta nabarmena baita balorazio eta aitorpen ekintza horiek aurreikusita daudela herritarraren interes partikularra asetzeko, eta, edozein kasutan ere, herritarraren borondatea beharko da, edo, hura ezgai den kasuetan, haren ordezkariaren borondatea, prozedurari hasiera emateko.

  3. Hemen aztergai dugun kasuan, adierazi zaigu Nafarroako Mendekotasun Agentziako Balorazio Atalak “bere kabuz” aplikatu ziola [?] andreari hirugarren pertsona baten laguntza behar izateari buruzko balorazioaren baremoa. Ez dugu ezagutzen jarduera haren funtsa eta xedea, baina Autonomia pertsonala sustatzeko eta mendekotasun egoeran dauden pertsonei laguntza emateko abenduaren 14ko 39/2006 Legeko bederatzigarren xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera, eta, halaber, apirilaren 20ko 504/2007 Errege Dekretuko lehen xedapen gehigarrian ezarritakoaren arabera –bietan halako “homologazio” bat aurreikusten da, hirugarren pertsona baten laguntzaren premia aitortua dutenei beste balorazio bat egin behar ez izateko–, uste izatekoa da mendekotasun-egoeraren aitorpena erraztu nahi zela.

    Hala eta guztiz ere, esparru honetan Administrazioak bere kabuz jardutea juridikoki aurreikusita ez badago ere, Administrazioak bere ekimenez erabaki bazuen balorazioa egitea, ezin saihestuzkoa da hori kexa-egileari jakinarazi behar ziola, zeren eta une hartan interesdunaren zaintza baitzuen. Izan ere, zaintzapekoaren esparru juridikoan eragina zuen jarduera administratibo bat zen (Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 58.1 artikulua). Gure iritziz, balorazioari buruzko komunikazio bat igorri behar zitzaion kexa-egileari, eta [?] andrearen tutorea zen aldetik haren adostasuna bildu behar zen.

    Halaber, bilatzen zen xedea zehaztu beharra zegoen, eta kasu horretan interesdunak horren arabera joka zezakeen.

    Inork eskatu ez bazuen ere, Administrazioak bere kabuz jokatu bazuen eta jada 2007ko apirilean interesdunaren egoerari buruzko balorazio bat egin bazuen, haren tutoreari jakinarazi gabe, eta horrek, azkenean, kexa-egileak mendekotasun sistemako gutxieneko prestazio ekonomikoa eskatzearen ondorioz, data hartatik hasita mendekotasunaren aitorpena ekarri badu –2009an erabaki zen hori–, ez dugu inolako arrazoirik ikusten atzeraeragin hori aplikatzeko aitortutako egoerarekin lotutako prestazio ekonomikoan. Bestela, gure iritziz, egonen ginateke egoera bati atzeraeragina aitortzen dion jarduera administratibo baten aurrean, baina, aitorpen hori gorabehera, aukerarik ematen ez duena hari lotutako onurez aprobetxatzeko; edo, bestela esanda, aitorpen “guztiz sinboliko” baten aurrean, hain zuzen ere mendekotasunaren arloko legediaren xedearekin bat ez datorrena.

  4. Azkenik, adierazi beharra dago Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen Legeak bere baitan biltzen duela ekintza administratiboei atzeraeraginezko efektuak emateko aukera, hain zuzen ere deuseztatutako beste ekintza batzuen ordez ematen direnean, eta, halaber, interesdunaren aldeko efektuak sortzen dituztenean, betiere egitatezko suposamenduak jada existitzen baziren ekintzaren eraginkortasuna atzera eramandako datan, eta horrek beste pertsona batzuen eskubide edo interes legitimoak kaltetzen ez dituen bitartean.

    Horrenbestez, interesdunaren mailari eta graduari dagokion mendetasun egoeran dauden pertsonentzako gutxieneko laguntza ekonomikoa ematerakoan atzeraeragina aitortzeko behar diren baldintzak betetzen dira, kasu honetan, hain zuzen ere 2007ko apirilaren 22tik, horixe baita interesdunari bere egoera aitortu zitzaion data.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari gomendatzea interesdunari –kexa-egilearen ama eta haren tutoretzapekoa– aitor dakion mendetasun egoeran dauden pertsonentzako gutxieneko laguntza ekonomikoa, hain zuzen ere egoera hori aitortua duen egunetik, dagozkion mailaren eta graduaren araberako zenbatekoan.

  2. Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen eta azaldutakoaren ildotik neurri egokiak hartzen dituen, edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hura onartzen ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  3. Kexa-egileari eta Familia, Gazteria, Kirol eta Gizarte Gaietako Departamentuari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia