Bilaketa aurreratua

Ebazpenak

Uztailaren 6ko 135/2009 Ebazpena, Nafarroako Arartekoarena, [...] jaunak aurkeztutako kexari buruzkoa.

2009 uztaila 06

Nekazaritza, Merkataritza, Industria eta Turismoa

Gaia: Queja relativa al estado en que se encuentran determinadas vías pecuarias –que califica como cañadas reales- y caminos vecinales

Exp: 09/275/A

: 135

Nekazaritza, industria, merkataritza eta turismoa

AURREKARIAK

  1. 2009ko apirilaren 23an, [?] jaunak izenpetutako kexa bat sartu zen erakunde honetan, zenbait abelbide –errege ardibide deitzen die kexa-egileak– eta herriko bide Sarbil finkaren inguruan (Etxauriko udal dermioa) dauden egoera txarrarengatik. Kexa-egileak adierazten du bide horiek erabilera guztietarako itxita daudela.

    2008ko azaroaren 7an, [?] jaunak salaketa bat aurkeztu zuen Etxauriko Udalean, eta egitateak jakinarazi zizkion. Behar den dokumentazioa aurkeztu eta ardibideak eta herriko bideak liberatzeko eskatu zion.

    2008ko azaroaren 14an, Udalak Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari igorri zion espedienteas, eta kexa-egileari horren berri eman zion.

    Aurrerago, bi aldiz, aipatu pertsona Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari zuzendu zaio, eta adierazitako bideen egoerari buruzko informazioa eskatu dio (2008/568328 eta 2009/87853 dokumentuak).

    Interesdunak salatu du kexa aurkezteko egunean, ez duela bere idazkien erantzunik jaso, eta horiek direla-eta ez dela inolako jarduketa materialik egin.

  2. Kexa aztertuta, erakunde honek zehazki esku hartzeko zer aukera zituen jakiteko, erakunde hau bera arautzen duen uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak ezarritakoari jarraituz, txosten bana eskatu zitzaizkien Nafarroako Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eta Etxauriko Udalari. Udalak jakinarazi du espedientea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari igorri ziola, hura baita kexan aipatzen diren abelbideen arloan eskumenak dituena.

    Adierazten du, gainera, esandako finkan ez dagoela bide publikorik, eta, horrenbestez, ez dagokiola inongo jarduera materialik egitea.

    Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak igorritako txostenean aitortzen da hura idazteko unean oraindik ere ez zaiela erantzun kexa-egileak aurkeztutako eskabideei. Halaber, jakitera ematen da antzeko edukia duten beste espediente batzuk badaudela, eta, bestalde, herriko bideen arloko eskumenik ez duela.

AZTERKETA

  1. Nafarroako Foru Komunitateko Arartekoari buruzko uztailaren 3ko 4/2000 Foru Legeak Nafarroako administrazio publikoei aurkeztutako eskari eta helegiteak behar diren denboran eta moduan berariaz ebatz daitezen zaintzeko eginkizuna aitortzen dio Arartekoari.

    Herri administrazioen araubide juridikoaren eta administrazio prozedura erkidearen azaroaren 26ko 30/1992 Legeko 42.1 artikuluak honakoa ezartzen die administrazio guztiei: administrazioek esanbidezko ebazpena eman eta jakinarazi behar dute prozedura guztietan, prozedura horiek hasteko modua edozein dela ere.

    Berariaz ebazteko eta jakinarazteko betebehar hori Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari buruzko abenduaren 3ko 15/2004 Foru Legean berretsi zen. Izan ere, 7. artikuluan aitortzen da herritarrek administrazio egokia izateko eskubidea, horren barne dela administrazioak espresuki emandako ebazpena legez ezarritako epean lortzeko eskubidea.

    Argi dago Administrazio Publikora idatziz zuzendu eta zerbait egin dezan, eman dezan edo informa dezan eskatzen duen herritar orok erantzuna jasotzeko eskubidea duela, alde batera utzita erantzun horretan eskatzen duenari baiezkoa edo ezezkoa eman behar zaion. Horrenbestez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogorazi behar diogu behar den epean eta moduan erantzun behar diela, legez, kexa-egileak aurkeztutako eskabideei.

  2. Gaiaren sakoneko aldeari dagokionez, Abelbideei buruzko abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean xedatutakoari begiratu beharko zaio. Foru lege hori, izan ere, aplikatzekoa zaie era horretako bide guztiei. haien klasifikazio zehatza zein den alde batera utzita (errege ardibideak, zeharbideak, pasabideak edo adarrak).

    Foru Legeko 4. artikuluak ezartzen du abelbideak jabari publikoa duten ondasunak direla, Nafarroako Foru Komunitatearenak, eta, horrenbestez, besterenezinak, preskibiezinak eta bahiezinak direla.

    Bestalde, legearen 5. artikuluak zenbait ahalmen esleitzen dizkio Nafarroako Foru Komunitateko Administrazioari. Horien artean dago haien erabilera publikoa bermatzea eta haiek egoera onean mantentzea, behar diren babes eta leheneratze neurriak hartuz.

    Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak igorritako txostenean, ez dugu atzeman kexa-egileak aipatzen dituen bideen egoerari buruzko erabaki espresa ageri denik. Horrenbestez, erakunde honen ustez egokia da departamentu horri gogoratzea ahal den bezain laster, jabetza horretatik abelbideren bat pasatzen bada, dirudien bezala, behar diren neurriak har ditzan erabilera publikoa bermatzeko, hain zuzen ere abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean aurreikusitako moduan.

Aurreko guztia dela eta, erakunde hau arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluan ezarritakoari jarraituz

EBATZI DUT:

  1. Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gogoratzea legez berariazko erantzuna eman behar diela herritarrek egindako eskabideei, eta, zehazki, kexa-egileak aurkeztutakoei.

  2. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari gomendatzea ahal bezain laster behar diren jarduerak egin ditzan erreferentziako finkatik pasatzen diren abelbideen erabilera publikoa bermatzeko, abenduaren 15eko 19/1997 Foru Legean aurreikusi bezala.

  3. Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari bi hileko epea ematea erakunde honi jakinarazteko ebazpen hau onartzen duen edo hori ez egiteko arrazoiei buruz informatzeko, eta ohartaraztea hala egiten ez badu, Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dudan urteko txostenean jasoko dudala, erakunde hau arautzen duen Foru Legeko 34.2 artikuluan ezarritako moduan.

  4. Kexa-egileari, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari eta Etxauriko Udalari ebazpen honen berri ematea, eta adieraztea ezin dela honen kontrako errekurtsorik jarri.

Nafarroako Arartekoa

Francisco Javier Enériz Olaechea

Partekatu edukia