Partekatu edukia
Energia eta ingurumena
Gaia: Disconfomidad con supresión de subvención a Asociación de Cunicultores de Navarra por parte del Dpto de Dsrrllo Rural y Medio Ambiente, a pesar de que en los Presupuestos Generales se contemplaba una partida para dicho fin
Exp: 10/382/M
Nº: 116
Ingurumena
2010eko maiatzaren 17an, [?] jaunak aurkeztutako idazki bat sartu zen erakunde honetan. Haren bidez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren aurkako kexa bat agertu zuen Nafarroako Untxizainen Elkartearen izenean, elkarteari diru-laguntza kentzeagatik.
Azaltzen zuenez, 2010eko ekitaldirako Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legean 30.000 euroko kontusail bat dago, elkarte horri diru-laguntza emateko xedez.
Halere, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak telefono bidez jakinarazi zion elkarteari bizi dugun krisi ekonomikoaren ondorioz aurrekontuan murrizketak egin behar zirela eta, horrenbestez, kontusaila kendu zutela eta elkarteak ez zuela aurreikusitako diru-laguntza jasoko.
Elkarteak dio ulergarria dela herritar guztien beharrizanei aurre egiteko murrizketak egin behar izatea, baina auzitan jartzen du Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren jokabidea, “kolpe batez” erabaki baitu bere jarduerak finantzatzeko jaso behar zuen diru-laguntza zeharo kentzea.
2010eko ekainaren 16an, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariaren ondoko txostena sartu zen gure erakundean:
“Nafarroako Gobernuaren2010eko martxoaren 29ko erabaki bidez 2010erako Nafarroako Aurrekontu Orokorrak exekutatzean oreka lortzeko plana onetsi zen. Erabaki hori gauzatzeko onetsi zen Ekonomia eta Ogasuneko kontseilariaren martxoaren 30eko 37/2010 Foru Agindua, departamentu bakoitzari 2010eko ekitaldiko gastuaren exekuzio-helburua ezartzen duena.
Foru agindua betez, departamentu bakoitzak, Idazkaritza Tekniko Nagusiaren edo aurrekontu arloko unitate arduradunaren bidez, kontusail jakin batzuk horretarako baliatzea proposatu zuen, Nafarroako Gobernuaren erabakiaren eranskinean ezarritako jarraibideak betetze aldera.
Data horretan Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuak horretarako balia zitzakeen kontusailak zein ziren aztertu ondoren, erabaki zen horien artean sartzea 711001 71310 4819 412202 kontusaila, 30.000 eurokoa eta ASCUNA elkartearentzako diru-laguntza izenekoa.
Kontusail hori baliatzeko erabakia hartzean kontua hartu da, besteak beste, ASCUNAri diru-laguntza zuzena emateko zailtasun juridikoa; izan ere, ez ditu betetzen nekazaritza- eta baso-sektorearentzako Estatuaren 2007tik 2013ra bitarteko laguntzei buruz Europar Batasunak onetsitako zuzentarauetan exijitzen diren baldintzak. Zuzentarau horien arabera, nekazarien elkarteei soilik eman dakizkieke laguntzak genealogia-liburuak egiteagatik edo hobekuntza genetikoko planak edukitzeagatik, eta Nafarroako Untxizainen Elkarteak (ASCUNA) ez du halakorik egiten.
Departamentu honen proposamena hori bada ere,kontusail hori Nafarroako Alderdi Sozialistarekiko aurrekontu-hitzarmenean jasota dagoenez gero, kreditu-erreserba behin-behinekoa da, Socialistas del Parlamento de Navarra parlamentu-taldeak erabakia berretsi arte.”
Ikuspegi horretatik, erakunde honen ustez, Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuaren erabakia –kontusail hori osorik baliatzea gastu publikoa kontrolatze aldera Foru Komunitateko Administrazioak ezarritako helburuaren zerbitzuan– ez dator bat Nafarroako Parlamentuak aurrekontuak onestean adierazitako borondatearekin, eta nekez etor daiteke bat Administrazioak duen beste betebehar batekin; alegia, Administrazioak uneoro zaindu behar du herritarrek fede onez eta konfiantzaz ikustea Administrazioak foru lege batean esplizituki ezarritakoa beteko duela.
Igorritako txostenean aipatzen diren tresnek gastu publikoa kontrolatzea dute xede, bai, eta Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari ezarri zaion helburua % 95,33koa da aurrekontuaren betetzeari dagokionez. Neurri hori aplikatzerakoan, ordea, bidezkoa da neurriak berekin daraman zama edo sakrifizio hori ahalik eta gehien partekatzea, berdintasunaren eta orokortasunaren irizpideei jarraikiz. Horrekin ez dugu esan nahi kontusail guzti-guztiak hein berean murriztu behar direnik –hori egiterik ez dagoelako baino ez bada ere–, baina bai, ahal den neurrian, zamaren bidezko banaketa egiten saiatu behar dela.
Eta, halatan, eskubide publikoak bermatzen dituen erakunde honen ustez, gastua murrizteko helburuari diru-laguntza izendun baten % 100 egozteak emaitza bidegabe eta kaltegarria dakarkie ukitutako herritarrei (kasu honetan, elkarteko untxizainei), eta ez dator bat adierazitako printzipioekin bat, eta, azken batean, saihestu egiten du Nafarroako Aurrekontu Orokorren Foru Legea onetsi zuenean Nafarroako Parlamentuak adierazitako borondatea.
Horrenbestez, erakundea arautzen duen foru legeko 34.1 artikuluarekin bat,
Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari iradokitzea Nafarroako Untxizainen Elkartearen jarduna diruz laguntze aldera Nafarroako Parlamentuak onetsitako kontusaila manten dezan, ebazpen honetako azterketako hirugarren atalean adierazitakoari jarraikiz.
Bi hilabeteko epea ematea Landa Garapeneko eta Ingurumeneko Departamentuari iradokizun hau onartu duela jakinaraz dezan eta horren ondorioz hartuko dituen neurriei buruz informa dezan, edo, bestela, ebazpena ez onartzeko arrazoiei buruz informa dezan. Orobat ohartarazten diot hala egiten ez badu Nafarroako Parlamentuari igorriko diodan urteko txostenean sartuko dudala kasua, uztailaren 3ko 4/2000 Foru Dekretuak 34. artikuluko bigarren atalean jasotzen den moduan.
Nafarroako Arartekoa
Francisco Javier Enériz Olaechea
Partekatu edukia